www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV. MEDITAZIONEA, TA EGUNA

Bere buruazko desfidantziaz

 

        I. PHONDUA. Gizona ezta deusen ere hain beldur izan behar, nola bere buruaren; ifernuko bothere guziek baino gehiago izitu behar du flakezak; hats-gorapen bat, begikaldi bat, ezdeus bat aski da haren garaitzeko eta eror-arazteko. Adamek hain errexki bekhatu egin zuen; Dabit hain profeta argitua, hain errege seindua, Jainkoaren bihotzaren araberako gizona, begi-kolpe batek arthiki zuen; Jaundone Petrik hain goraki hitz eman zioen bere nausiari, bizia gostako bazitzajon ere, etzuela hartaz arnegatuko; halarik ere, oren gutirik barnean burhorekin eta arnegurekin hartaz ukhatu zuen. Zer gerthakariak! nor ezta ikharan jarriko? baldin haizerik xumenak egotzi baditu zuhaitzik sendoenak, zer bilhakatuko dire kanabera edo seska flakoak?

        II. PHONDUA. Gizona askotan garaitua kausitzen da, etsaja oldartu ere gabe: gure jaidura gaxtoek eta gure sentsuek eztute gure galtzea baizen bilhatzen; berriz gure bihotza da gure etsairik ikharagarriena. Asko, borredoek ezin egotzi zituztenak, mortuan erori dire; debruak garaitu onduan, bere jaidura gaxtoez izan dire garaituak. Beira zaite hertsiki zure buruarekin adiskidetzetik, zure burua lausengatzetik, zure buruari bere nahikarak ematetik; hola egiten baduzu, segurki galduko zaitu.

        III. PHONDUA. Seindurik handienak ikharan jarri dire, ez jakinez zertan ziren hekien arimak Jaunaren begietan. Asko urthez mortuan bizi izan zirenak eta penitent garratzenak aditu dire hatsbeherapenetan heriotzeko orenean, Jainkoaren jujamendu ikharagarriez orhoitzean, zeren ezpaitzakiten zerk higurikitzen zituen. Mement bat aski da saindu batetarik debru bat egiteko. Bada holako seindu handiak hala izitu badire, nola bizi gaitazkegu segurantzan eta beldurrik gabe? nola hanbat konta dezakegu gure prestutasunaren, gure egintz onen, edo orai ditugun sentimendu onen gainean?

        Errozu maiz Jainkoari San Filipe Nerikoarekin batean: Jauna, beira zaite niganik; ezen hain flakoa, hain ezjeusa naiz, non ezpanauzu handizki laguntzen, uztiko baitzaitut. Entseja zaite bethiere aitzinetik ikhustera zein parada gaxtotan kausi zaitezken, eta urrun zaite ahal zaitezken guzietarik, eta harma ezin ihes eginetan ez erortzeko. Ordean orhoit zaite parada galgarrienak direla, aitzinetik ezin asmatu dituzketzunak. Bizi zaite beraz bethiere beldurtasunean eta atzartasun handi batean, zure buruari batere fidatu gabe.

        Xutik dagoela eta ontsa dabilala uste duena beira bedi behatztopatzetik, dio Jaundone Paulok.

        Nahi bezain lekhu segurean izan zaitezen, nahi bezain onak izan ditezen oraiko zure sentimenduak, eztuzu horren gatik zeren hartu, eztuzula deusen beldur izateko, dio San Jeromok.

 

aurrekoa hurrengoa