www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIX. EGUNA

Jesu-Kristoren Imitazioneaz

 

        I. PHONDUA. Baitezpada imitatu behar dugu Jesu-Kristo. Lehenbiziko gizona galdu izan zen, zeren banitate zoro batez, Jainkoaren iduriko izan nahi izan baitzen; bainan orai ezta guretzat salbamendurik, Jainko-gizonaren iduriko izanen garen bezenbatean baizen. Hori da Jainkoak eman duen legea eta arrimua.

        Gizona berenaz itsu ta errebelakor da: behar zuen modela ta bidari bat, zeruko bidean xuxen eta errebelatzeko beldurrik gabe ibil-araziko zuena. Ordean non kausi halako bidaririk? ez mundu huntan, zeren lurraren gainean diren guziak hauskor eta erorkor baitire. Jainkoa bera ere etzaiteken izan gure modela, zeren ezin ikhus baititeke. Zer egin du beraz Jainkoak? Mundurat bidali du bere seme adoragarria, gure modela izateko; modela ezin errebela gaitzakena, zeren Jesu-Kristo zuzentasuna ta seindutasuna bera baita, modela guri dagokun bezalakoa, zeren Jesu-Kristo lurraren gainean bizi izan baita bertze gizonak bezala ta haren bizitzeko manera ta exenpluak jakin baititzakegu. Hori guzia San Agustinen arrazoinamendua da.

        Jainkoak eman dauku beraz modelatzat bere seme maite bakharra, eta haren nahia da ta ezarri duen baitezpadako legea, salbatuko diren guziak Jainkozko modela hari darraizkon, hura imita dezaen, haren iduri ta kopia biziak izan ditezen: ez hori gabe, eztiteke salbatzeko esparantzarik. Hala dio Jaundone Paulok, Jainkoak zerukotzat hautatu dituen guziak destinatu dituela bere semearen iduriko izaterat. Zer hitz ikharagarri horiek, Jesu-Kristorekin egiterik batere eztutenentzat! Jesu-Kristoren, erran nahi da, Jaunaren hautetsen modelaren eta buruzagiaren iduria ezpadute, debruaren, erran nahi da, damnatzeko direnen iduria dakharkete; nola daudezke guziak aztu gabe?

        Alabainan bi izate-gisa ditugu, gizonena eta giristinoena. Gizon bezala Adamganik gathoz, eta haren iduriko gare. Ordean giristino bezala Jesu-Kristo ganik gathoz: beraz gizon bezala Adamen iduriko garen bezain ontsa, giristino bezala Jesu-Kristoren iduriko izan behar gare. Ezterakegu bertzela zuzenik ukhan Jainkoaren adiskidetasunerat, ez haren loriazko erresumarat.

        Gauza bera adi-arazten dauku Jesu-Kristok ebanjelioko ehun lekhutan. Nerea izan nahi denak, ukho egin biezo bere buruari, dio gure buruzagi adoragarri hark; har beza bere gurutzea, eta berrait niri. Ordean nola jarraiki Jesu-Kristori? Ez, dio San Agustinek, oinezko urhatsez, bainan bai haren exenpluak imitatuz, eta hekien gainean gure izate ta bizitze guzia moldatuz. Hori eginez baizen ezkaitzake har, ez ezagut bere diszipulutzat.

        Ni naiz bidea, egia ta bizia, dio oraino Jesus adoragarriak. Hura da egia, zeren hark ezin engana baikitzake, ta hark irakhatsi baitauzkigu gehienik jakitea premia zaikun gauzak, Jainkoari ta gure salbamenduari ukitzen zaizkonak. Hura da bizia, zeren hartaz zeruan gozatzean baitatza bizitze dohatsu bethi iraun behar duena. Bainan denbora berean Jesu-Kristo da bidea, zeren haren urhatsei jarraikiz ta haren exenpluak imitatuz behar baitugu ardietsi sekulako bizitze dohatsu hura. Beraz munduak zer nahi erran dezan ta gerorririk zer nahi iduri ditekegun, eztugu zeren uste izan egiazko prestugunerik badugula, ez eta zeruko bidean gabilzala, Jesu-Kristo imitatzen dugun bezenbatean baizen. Prestutasun guzia, dio San Bernatek, hanbatez da egiazko prestutasunik urrun, zenbatez baitu Jesu-Kristoren exenpluekin iduri ta egite gutiago.

        Beraz kontu egin behar dugu Jesu-Kristok bat bederari erraten daukula, bere apostoluei azken afarian zangoak garbitu ta erran zerajena: exenplua eman dautzuet, nik egin dudan bezala zuek ere egin dezazuentzat. Beraz haren bizia arthoski estudiatu ta haren exenpluak bethiere gogoan erebili behar ditut, hekien arabera ni ere gauza guzietan gobernatzeko. Hori da Jainkoaren baitezpadako nahia ta salbamenduko bide bakharra.

        II. PHONDUA. Gure giristino izateak ere berenaz ematen dauku Jesu-Kristo, gure nausia ta buruzagia imitatzeko obligazionea. Ezen zer da giristinoa. Izen horrek erran nahi du, Kristorena. Giristinoa da beraz, gizon bat Jesu-Kristori eman zajona, hari konsekratu zajona, hari datxeikona; hitz batez giristinoa da gizon bat Jesu-Kristorena.

        Ordean Jesu-Kristorenak izateko, ezta aski guk hala nahi izatea. Hark ere behar gaitu beretzat hartu, beretzat onhetsi, bertzenaz gure nahi guziarekin ere, ezgare egian Jesu-Kristorenak izanen. Nor hartzen du bada, eta nor dauka Jesu-Kristok beretzat? Haren arrastoei darraizkotenak, haren exenpluak imitatzen dituztenak, eta ez bertzerik. Ez, dio San Anbrosiok, giristino lohia eztiteke izan Jesu-Kristorena, zeren Jesu-Kristo baita garbitasuna bera. Giristino urguilusa eztiteke izan Jesu-Kristorena, zeren Jesu-Kristo aphalesgunea bera baita. Giristino hauzkorra eztiteke izan Jesu-Kristorena, zeren Jesu-Kristo eztitasuna bera baita. Horrela mintzo da San Anbrosio; eta gauza bera erran behar dugu bertze edozein prestugunez, hetarik urruntzen dena eztuekela izan Jesu-Kristorena, zeren Jesu-Kristo baithan izan baitire prestugune guziak, eta ezpaitezake beretzat ezagut, ez iduk, haren exenpluen ondotik, prestugune guziak begiratzen dituztenak baizen. Beraz Jesu-Kristo imitatzerat, Jesu-kristoren iduriko izaterat obligatzen gaitu gure giristino izateak berak; eta Jesu-Kristo imitatzen eztuenak zuzen kontra ta gezurrez dakharke giristino izena, dio San Agustinek. Zer da oraino giristinoa? gizon bat Jesu-Kristoren legearen azpian bizi dena. Hala bathajatzean eta giristinotasunean sartzean, gora hitz eman ginuen Jesu-Kristoren lege seinduaren azpian jartzen ginela, ta haren phondu guzietan begiratzeko obligazioneaz kargatzen ginela: hitz hori guretzat mintzo zirenen ahoz emanik baizen, ezkenezaken ukhan bathajatuak izateko zoriona. Ezta beraz ebanjelioa bakharrik eliza-gizonentzat, fraidentzat eta serorentzat; giristino guzien legea da; guziak, batbederak bere bizi-moduan, obligatuak dire haren begiratzerat; guziak ebanjelio seinduaren gainean ta haren arabera izanen dire jujatuak, dio Jesus Jaunak. Beraz ebanjelioak egiten deraikun manuak, munduari ihes egiteko, lurreko gauzetarik gogoa laxatua idukitzeko, barnez eta kanpoz ezti, garbi, aphalgura, pairutsu izateko, zoinek bere buruari ukho egiteko, bere gurutzea kharrajatzeko, penitentzian eta mortifikazionean bizitzeko. Jainkoa bere gatik eta gauza guzien gainetik, eta lagunak, baieta etsajak berak Jainkoa gatik nork bere burua bezala maithatzeko; bai horiek eta ebanjelioak egiten deraikun bertze lekzione guziak giristino guzientzat dire; horiek dire, dio Tertulianek, bathajo seinduaren karga, sakramendu hura hartzen dutenei ematen zajena. Beraz giristino guziak obligatuak gare manu horien begiratzerat adin eta denbora guzietan. Eta zer othe da bada Jesu-Kristo imitatzea, hori bera baizen? ezen salbatzaile adoragarri hark eztauku horietan deusere manatu berak egin eztuenik eta bere exenpluaz erakhutsi eztaukunik.

        Zer da azkenean giristino bat? Jesu-Kristoren mienbro sakratu bat: hala irakhasten dauku ta hola mintzo da Jaundone Paulo. Jesu-Kristok, bere gorphutz naturalaz bertzalde, badu gorphutz misteriozko bat, zeina baite eliza. Beraz giristino garen guziek egiten dugu Jesu-Kristoren gorphutz misteriozko hura, eta gare batbedera haren mienbro. Beraz, nola gure eskuak eta zangoak ibili ta gobernatu behar baitire, gure buruak nahi duen bezala, orobat giristino garen guziak Jesu-Kristo gure buruzagi adoragarriaren izpirituaz eta haren arabera behar gare gobernatu; eta hori bera da Jesu-Kristo imitazionea.

        Eta egiazki zer iduri izigarri egiten duten Jesu-Kristoren gorphutzean, haren arabera bizi eztiren ta harekin egiterik eztuten giristino ondikozkoek! giristino urguilutsu, bere airetan eta jaunzturetan banitaterik baizen erakhusten eztuena, bere burua erakhusteko, ikhusia, ta presatua izateko hain hirrits handia duena, Jesus aphalgura, bethi munduko ohoren eta laudorioen ihesi ibili izan denaren mienbro! giristino jauzkorra, herratsua, aspertu nahi, Jesus pairutsu, laido saminen eta thormenta gogorrenen artean bildots baten estitasuna erakhatsi duenaren, eta gurutzearen gainean bere odola bere borredoentzat isuri izan duenaren mienbro! Giristino desonest, gogoetaz, gutiziaz, bertze hanbat gisaz bere arima ta gorphutza lizuntzen dituena, Jesu-Kristo Birjinen Birjina, bere bizian eta pairamenean bertze edozein laido, akusu eta thormenta jasan nahi izan dituenaren, bainan garbitasunaren gainean gezur xumenaz ere haren akusatzerat bere etsajak utzi eztituenaren mienbro! Giristino onthasun-gose, atsegin eta gurikeria-zale bat, Jesu-Kristo, onthasun eta gurikeria guziak arbujatu eta ostikatu izan dituenaren mienbro! Zer gauza itsusi, zer monstro higuingarri horiek, eta Jesu-Kristorekin iduririk eztuten bertze giristinoak, buruzagi adoragarri haren gorphutzean! ez bere bizian eztire zerbitzatzen haren desohoratzeko baizen, eta hil ondokotzat ezterakete bertze sorterik higuriki, Jesusen gorphutzetik laidotsuki ebakiak izatea, eta bere buruzagitzat hautatu duten debru madarikatuari largatuak izatea baizen.

        Zorigaitz hortarik beiratzeko, eta Jesu-Kristo gure buruzagi adoragarriari bere lorian iratxikiak izateko, atxiki dezagun gure bizi guziko erregela bakhar bat Jaundone Paulok lehenbiziko giristinoei ematen zerajen abisu handia jakin-ezazue, erraten zerajen, Jesu-Kristo baithan bathajatuak izan zauten guziak, Jesu-Kristoz jauntziak izan zaretela. Beraz gauza guzietan goberna gaiten Jesu-Kristo bera bagine bezala. Bertzenaz, erraten zerajen oraino, begirautzue zer dagoen zuentzat, ezen Jesu-Kristoren izpiritua eztuena, eta hartaz bizi eztena, ezta Jesu-Kristorena; eztiteke hainarentzat salbamendurik.

        III. PHONDUA. Ikhusazu orai zer exenplu eman dauzkigun Jesu-Kristo gure buruzagi adoragarriak ta Jainkozko modelak.

        Bere bizi guzian, eta egiten dituen egintz xume-xumenetan ere, eztu bertzerik bilhatzen, Jainkoaren loria, ta haren nahia bethetzea baizen. Hain minki behatzen dio zeruko aitaren ohoreari, non ezpaitu sumindurarik erakhusten, haren etxe seindua farfanatua dakusanean baizen. Jainkoaren loriaren kharrak erretzen dauko den guzia; hari egiten zaizkon damuak, bera-berari darontsotenak baino minkiago sentitzen ditu, ta hekien erreparatzeko ta hek bara-arazi nahiz, gogotik sakrifikatzen du bere bizia. Jainkoaren nahiari dagoko bethiere, hartarik den gutiena aldaratu gabe, bere odola guretzat isurtzeko hirrits handi batekin dago; bizkitartean asko aldiz gordetzen zaje haren bilha zabiltzan juduei. Zertako? Zeren, dio ebanjelio seinduak, ezpaitzen oraino ethorri haren orena. Bainan zeruko aitaz seinalatu orena bethe denean, bera dohakote bere etsajei aitzinerat, jautsapen bera erakhusten du Jainkoaren manu garratzenen alderat. Olibetako baratzean bere bizitasun guzian sentitzen du gure naturalezak berenaz herioarentzat duen urruntasuna; galdetzen ere dio Jainkoari hartarik beira dezan: bainan hirur aldietan elga bere othoitza akhabatzen du hitz eder hautaz: halarik ere, oi! aita zuzena eta adoragarria, ezpedi egin nere nahia, bainan bai zurea. Holakoa izan da Jesus adoragarriaren egiteko moldea Jainkoaren alderat, guzia jautsapenez, errespetuz, kharrez, maithagunez, lejaltasunez bethea, bertze guziek zeruan edo lurrean ukhan duten baino mugarririk gabe perfekzione gehiagorekin. Izpiritu hortaz da errana ebanjelioan, egunaz nekhatu ondoan populuei irakhasten, gabak othoitzean eramaten zituela, askotan behintzat.

        Haren gizonen alderako egin-modua orobat zen guzia eztitasunez ta karitatez bethea, urrikaltzen zaizko hekien gorphutzeko beharrak ere, eta osteka egiten ditu mirakuluak, hekiei laguntza emateko. Ordean haren artha berezienak dire, hekien arimako gaitzei erremedio emateko, jakitate gabeak irakhatsiz, bekhatoreak penitentziarat hertxatuz, guziei salbamenduko bidea erakhutsiz, bai erranez, bai eginez, eta hartarakotzat behar dituzten laguntza guziak emanez. Bere etsajen erasia gaxtoek ere eztute gibelatzen, ardi errebelatuen bilha ibiltzetik, hek bide xuxenerat erakharri nahiz. Bekhatore handienak, hiri guziko eskandela ziren emakumeak berak, bainan zinez Jainkoa ganat itzultzen direnak, amultsuki ta urrikalmendu guziarekin hartzen ditu. Farisau ta bertze bekhatore gogortuen kontra erakhusten duen garraztasuna ta egiten deraizten errephortxu saminak berak egiazko karitatetik ta hek salbatu nahitik ilkhitzen dire. Xede beraz, ta mundu guzia salbatu nahiz, gogotik pairatzen du gurutzearen gaineko heriotze kruel bezain laidotsua. Bada Jesus Jaunak bere gain eraman duen bizitzea orobat da guziz miragarria eta alde guziz Jainko-gizon bati dagokon bezalakoa. Lurreko onthasunak, munduko handitasunak, ohoreak eta distiadura osoki arbujatzen ditu; eta mundu huntako bere partajatzat besarkatzen du erromestasuna, beheramendua, ilhuntasuna. Deus eztugu kausitzen haren bizi guzian, naturaleza lausenga dezakenik; irakurtzen ditugu, bai, haren nekheak, barurak, nigarrak eta pairamenak, ez ordean nihonere hartu zituzken atseginak, gurikeriak eta nahikarak. Begietsazu Betelengo heitik eta gurutzearen gaineraino; orotan ikhusiko duzu obedientziazko, eztitasunezko, aphalesgunezko, garbitasunezko, mortifikazionezko modelarik osoena: Haren baithan ikhusiko duzu prestugune guzien bilduma Jainkozko bat, etsai errabiatuenek berek nondik loth ezin kausi diozoketen bezalakoa, eta mende auhendagarri hautan berean haren errelijione seinduaren kontra iskribatu dutenek berek ederretsi izan dutena.

        Hori da bada ta holakoa da bathajatuak garen guzien modela; eta Jainkoak erraten dauku guziei: horra zuen modela; begietsazue ongi, ta lejalki zarraizkote, horren lagun izan nahi bazarete sekulako lorian.

        Ikhusazu zer kontu iduki duzun orai artean Jesu-Kristo imitatzeko duzun obligazioneaz, eta hortan jar zaite hemendik aitzinakotzat. Berari galdegiozu haren imitatzeko grazia. Haren zenbait misterio ohoratzen dugun besta-egunetan ikhusazu ongi, bertze gauzen artean, zer prestugunazko exenplu ematen daukun misterio hartan, eta harzazu haren imitatzeko xede zina. Eman zaite usantzan, egun oroz errateko Jesusen izen seinduaren letaniak, zeinetan ezarriak baitire haren prestugune seinalatuenak; debotki erratzu letania hek, hetan aiphatzen diren prestuguneak gogoan hartuz, ta hek Jesu-Kristo berari eskatuz. Bainan Espainian bizi bazare, utziko ditutzu hastea ta akhabantza, iskribu huntan emana den abisuaren arabera.

        Zareten nere imitatzaileak, ni Jesu-Kristorena naizen bezala, dio Jaundone Paulok.

        Alferretan ta zuen kontra dakharket kristau izena, ezpadut Jesu-Kristo imitatzen, dio San Bernatek.

 

aurrekoa hurrengoa