www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII. EGUNA

Jainkoaren eta debruaren zerbitzuaz

 

        I. PHONDUA. Ezin bertzea da guretzat; baitezpada izan behar gare edo Jainkoarenak edo debruarenak, edo Jainkoaren ume lorios, edo debruaren ondikozko esklabo. Bekhatutik, bederen-bederen bekhatu mortaletik beiratzen bagare, Jainkoaren adiskide ta ume gare, bainan bekhatu mortal bakhar bat egiten badugu, debruaren gathetan amarratzen gare, debruaren esklabo dohakabe egiten gare. Egun behar dut beraz hautatu bi nausi horien artean, bainan hautatu nere bizi guzikotzat, eta orai hautatuko dudana ganik sekulan ez aldaratzekotan.

        Bada hautu hori ezagutzarekin ta zuhurki egiteko, ongi gogoan hartu behar dut zer eta zerik diren bi nausi hek, eta hetarik zeinek duen esku ta zuzen nere gainean.

        Zer da bada Jainkoa? Izate bat, bere baitharik dena, zeina baino hoberik ta perfetagorik ezin asma baititeke; Izate bat guziz handia ta majestatez bethea, zeinaren aldean munduko goratasun, handitasun, distiadura guziak ezpaitire herrautsik eta itxurapenik baizen; izate bat guziz botheretsua, zeru-lurrak eta hetan diren guziak hitz bakhar batez, nahi xoil batez ezdeusetik athera dituena, eta diren gauza guziak gobernatzen dituena, zerbait izan eta gerta dadila baitezpada nahi duenean, deusek, ez nihork ezin bara dezaken gisan.

        Jainkoa da izate bat guzia ederra! Eta edertasun guzien ithurria, mila-milium dohatsuk zeruan ageriki dakusatena, haren ikhusteaz guziak loriatuak, guziak xoratuak, behinere unhatu ez desgustatu gabe; izate bat guzia ona, diren on guziak egiten eta ematen dituena; izate bat guzia seindua, gaizkirik den xumena ezin onhets dezakena; izate bat guziz zuzena, zoini berea ta merezi duena zuzentasun guzian ta haren handitasunari dagokon bezala ematen dioena, gaizkiari gaztigua bezala ongiari golardoa. Bai hori guzia da Jainkoa, bai eta mundu huntan erran asma diteken baino mugarririk gabe perfetagoa eta maithagarriagoa.

        Bainan zer da debrua? Izpiritu bat, egia bada ere, Jainkoak ona egin zuena, asko dohain ederrez aberatsu zuena, bainan bere bekhatuaz arras galdu dena, zeru-goratik ifernuko zolarat botatua izan dena, eta geroztik hunat guzia gaizkirat emana, gaizkian gogortua dagoena, guzia etsimenduan, guzia errabian; bethi Jainkoak jazartzen dioena, eta bethi bera Jainkoaren kontra enferratua, bethi haren kontra blasfemiotan eta burhotan, haren loria suntsitzea, ta hari bere zerbitzariak arrogatzea baizen bilhatzen eztuena. Debrua da Izpiritu gaxto bat, gaizkian baizen, bekhatu lotsagarrienetan baizen onik eztuena, bekhaizgoak erretzen dagoena, bere bekhatuaz galdu duen bethiko zorionerat gizonak deithuak ikhusteaz hartarik hekien urruntzen hari dena bere ahal guziez, hek berekin batean sekulako thormentetarat herrestatu nahiz. Debrua da beraz ilhunbetako printze bat, Jainkoaren eta gizonaren etsai madarikatu bat, mundu guziaren itsutzen eta enganatzen hari dena bere ahal guziez, lurraren gainean gerthatu izan diren gaizki ta deserregelakeria guzien lehenbiziko ithurburua.

        Ea bada, nere arima; horra bi nausi; ezin bertzea duk hiretzat, horietarik bata edo bertze zerbitzaizea; baitezpada izan behar haiz edo Jainkoarena edo debruarena. Hautazak bada: ezen gauza hire eskuan duk, hire nahian zatzak guzia. Zenbat ere gaitz iduritzen baitzauk debru gaxto hari buru egitea, eta Jainkoak bere zerbitzarietarik galdetzen duen gisan bizitzea, Jainkoa hire alde izanen duk, hark lagunduko hau, eta haren laguntzarekin batean, behar den guziaren egiteko gai izanen haiz; hala egin izan die hi bezalako hanbat miliunek.

        Hautazak beraz, o! nere arima, bainan zinez eta bethikotz: zein nahi duk? Jainkoa ala debrua? Norena nahi haiz izan? Izate mugarririk gabe handi, botheretsu, on, seindu, maithagarri harena, ala Izpiritu ilhun, gaxto, bekhaizti, errabiatu, nahastari, hire galtzea baizen bilhatzen eztuen harena? Ikhusak, eta etsaminazak ongi egitekoa, eta egik hire hautua: zein nahi duk? Jainkoa ala debrua? Niholere ez haiteke izan biena; hautazak bata edo bertzea.

        Oi! nere Jainkoa, bainan dudan eta kordokan egotea bera ez othe liteke zorakeriaren mukurrua? Zu bezalako izate oso, adoragarri, maithagarri, zeru-lurretan diren bihotz guzien prezamendua, adorazioneak, maithagunak eta estekamenduak zure perfekzione adoragarriez merezi ditutzuna; bai, za, o! nere Jainkoa, balanzan ezar Izpiritu ilhun, Izpiritu gaxto, debru madarikatu, mespreziorik eta aborrimendurik baizen merezi eztuen harekin? Zer zentzu-errebeskeria! Eta zer laido samina liteken hori zuretzat, o! nere Jainko Jauna!

        Eta bada, nere arima, ez othe haiz askotan ere erori zorakeria hortan? Ez othe haiz urrunago ere joan izan? Jainkoaren eta debruaren artean kordokan ematea ez azki izanez, ez othe duk Jainkoa aldebat utzi, debru madarikatuari hire bihotza emateko, haren ondikozko esklaboen artean, harren bandera higuinaren azpian hire burua ezartzeko? Hortaz jujatzeko, adizak zer dioen Jainkoak berak. Debrua da urguilusun nausia ta erregea; ez othe duk bada egundaino urguilurik eta banitaterik sartzera utzi hire Izpirituan eta bihotzean, hire jaunzturetan eta egiteko manera guzietan?

        Debrua da bekhaizgoaren ithurria, ta bekhaiztiaren nausia; ez othe duk bada egundaino damurik ukhan bertzeren ongiaz eta nahikarez, bertzeri erakusten zitzaizkoten arthez eta ikhustatez?

        Debruaren ofizioa da arimak hiltzea, eta zer nahi moldez bertzei bekhatu egiteko bidea ematen diotenak debruaren seme-alabak dire! ez othe haiz bada egundaino nihorentzat izan bekhatu egiteko bide ta okhasione, hire solasez, hire harrokeriez, hire arinkeriez, hire konplasentzia eta jautsapen gaxtoez?

        Debrua da gisa berezi batean Izpiritu lohia, likhiskeria hetan baizen gosturik eztukena; hetarat lerratzen dena haren gathe higuin, phisu, madarikatuetan amarratzen da; ez othe duk bada egundaino zaurthu garbitasuneko prestugune Jainkozko, bainan haurtzkorra, gogoeta xoilez baizen ezpada ere?

        Azkenean Jainkoaren umek eztute bekhaturik egiten; bekhatuk egiten duena debrua ganikakoa da, debruaren esklaboa da, debruaren umea da; hortan dire ageri Jainkoaren umeak eta debruarenak; ez othe haiz bada egundaino bekhatuz khutsatu? Behar zen artha guzia ukhan othe duk, Jainko-legeak manatzen zaujan guzia ikhasteko, eta behar zen lejaltasuna phondu guzietan haren begiratzeko?

        Eta baldin Jainkoaren beraren erran horien gainean ikhusten baduk, o! nere arima, bekhatua hire baithan sartzerat utzi dukala noizpait, eta hartaz, Jainkoari gibelaz jarririk, debruari eman hatzajola, oi! nolakoa izan den orduko hire zoramendua! Zer ahalgek ez hau guzia estalia iduki behar? Zer urrikik eztik hire bihotza osoki arrailatu behar? Oi! nere Jainkoa, zure urrikalmendu mugarririk gabeaz, arren, barkha dietza-datzu zoramenduzko mement hetan egin dauzkitzudan idoi kruelak, damu saminak. Hekien aldera nere burua kondenatzen dut penitentzia garratzetarat nere bizi guzikotzat: lehenago mila heriotze, halako zoramendutan berriz eroriko naizen baino.

        Jainkoak beraz, bere izatez, eta bera dena zeren den, duda gabe merezi du preferentzia edo lehenuntza debruaren gainean; merezi du, Izpiritu madarikatu hura arras alde bat utzirik, nere bihotz guziaz maitha eta nere indar eta ahal guziez zerbitza dezadan, denazkero izate bat mugarririk gabe osoa ta maithagarria. Gauza bera galdetzen dute Jainkoak nere gainean dituen zuzenek eta eskuak ere.

        Badakit eta sentitzen dut ez naizela ni nerorri egin. Nork egin nau bada? Ez bertzek, baizitare Jainkoak; hark emanik ditut Izpiritua ta bihotza, begiak eta mihia, eskuak eta zangoak, hatsa ta bizia, arima ta gorphutza bere sentsu ta ahal guziekin, deusere ezta nere izate guzian, ez eta gozatzen ditudan eta zerbitzatzen naizen gauzetan ere, Jainkoaren ontasunetik eztathorrenik.

        Berriz debruak zerbait eman othe daut? Eta zer eman ziezakedan, ilhunbetako printze, Izpiritu madarikatu hark? Niri ongi egitetik urrun, ezta haren aldea ezpanau ohakoan itho, ezpanau suan erre, ezpanau mila estropuz gal-arazi, miletan biziaz gabetu. Ezen guzia gaizkirat jarria da; eztu bertzerik bilhatzen, gu gaitzez lehertzea baizen; eta Jainkoari eskerrak, dio San Agustinek, ezpadauku, egiten daukun baino miletan gaitz eta bidegabe gehiago egiten.

        Bada horiek hola direlarik, zer zuzen-kontrakeria, zer ebaskoa izigarri ez liteke ni baithan, nere Jainkoari, nere egile bakharrari, nere jauztsapena, nere maithagunea, nere obedientzia errefusatzea? ezen eznau fits baten, ez mement baten, ez eginkunde xumenaren ere nausi utzi: beretzat, bere loriakotzat, bere zerbitzukotzat egin nau naizen guzia; hortarakotzat ere bizi-arazten nau mement guziez; eta nola hura baita diren gauza guzien lehen ethorburua, bekhatu xoilaz landan, nahi du, ta haren Jainko izateak berak hala galdeturik, baitezpada nahi du, hura bera izan dadin, diren eta egiten diren guzi-guzien azken hel-burua edo xedea. Gauzarik den xumena egin dezadan, munduari atsegin egiteko, nere atseginak hartzeko, nere naturalezari ta jaidurei bere nahikarak emateko, zenbait arrazoin onest izan gabe, hori bera deserregelamendu bat da, nere nausi guzien gainekoaren zuzenen kontrako eskudantzia bat da, egiten diodan egiazko ebaskoa ta arrogazione bat da.

        Oi! nere Jainkoa, eta zer othe naiz bada ni zure begietan? Oi! zer egiteko molde lotsagarri iduki dudan zure alderat! Aithortzen dut bai ahalge ta urriki minekin, nere joan-ethorrietan, nere jan-edanetan, nere egintzetan eta solasetan, asko ta asko aldiz nere nahi hutsez, nere atseginak hartzea gatik, nere jaidurei sentsuei bere nahikarak ematea gatik, ibili ta bidatu naizela. Eta hortaz beraz, oi! nere Jainkoa, ebatsi dautzut nere izatearen ta biziaren zathirik handiena. Zer zuzen-kontrakeri izigarri! Lurreko nausi batek nahi du, haren sehiak beren denbora guzia haren zerbitzun enplega dezan, eta arrazoin du. Mahasti bat landatzen duenak nahi du mahasti hark harentzat ekhar detzan fruituak, eta arrazoin du. Bainan, Jauna, nausi hek sehi haren, mahasti haren nausiago othe dire bada, zu, ni naizen guzia egin nauzuna, nere nausi zaren baino?

        Bainan, oi! nere Jainkoa, baldin zuri nere biziaren zathi handi ebastean baratu gabe, oraino bekhatu egiten eta zure damuztatzen hari izan banaiz, oi! nolakoa izan den nere egitatea! zer egitate beltz eta izigarri, maithagunearen orde bihurtu dautzut beraz higuintza, eta ongirik prezagarrienen orde gaizkirik handienak eta damurik saminenak. Eta zure ontasun xoiletik nauzkan emaitzak berak itzuli ditut zure kontra; hetaz baliatu naiz harmatzat zuri jazartzeko, zuri gerlarik gogorrena egiteko: zuk eman zenautazun Izpirituaz, bihotzaz, begiez, beharriez, ahoaz, mihiaz ta gorphutzaz zerbitzatu naiz, zuri damurik saminenak egiteko. Oi! zer monstro izan naizen zure begietan! Zoin miragarria izan den zure ontasuna, zure kontra zoratua eta errabiatua nintabilan mement dohakabe hetan ezpaitautazu jazarri, ezpainauzu orduan berean ifernuko zolan ehortzi, sobra baizen merezi eznuen bezala!

        Eta, o! nere arima, othe da bada nihor munduan, nere Jainkoa tratatu dudan bezain izigarriki tratatu nahi nukenik? Itsu edo gor sorthu ta norbaitek argitu eta ernatu banintu; urean ithotzen, suan erratzen egoki ta norbaitek handik atheratzen banintu, aski esker-gabea, aski monstroa othe ninteke bada nere bista, nere bizia zor nioken hari jazarteko, haren hiltzeko? Zer monstrokeriaz erori naiz bada egitate izigarri hortan nere Jainko, zeru-lurretan diren guziek egin diezakedaten baino ongi gehiago egin dautanaren alderat?

        Eta nori atsegin egiteko, nori nere bihotza emateko, ebatsi natzajo nere Jainkoari, nere nausi zuzen-bidezkoari? Debruari, Izpiritu gaxto, madarikatu hari. Baiki, bi nausien artean kausitzen nintzen. Alde batetik Jainkoak debekatzen zautan haserrego hura, medisentzia hura, desoneskeria hura, ebaskoa hura: bertze aldetik debru gaxtoak hetarat bere ahal guziez hertxatzen nintuen. Eta nik Jainkoa alde bat utzi! eta nik Jainkoari ukho egin, Jainkoaz arnegatu, eta nik debru madarikatua, ilhunbetako printze, Izpiritu gaxto, higuin hura hautatu nere nausitzat, nere erregetzat, nere aitatzat, eta nik debru madarikatu hari saldu Jainkoa ganik nauzkan Izpiritua, bihotza, arima ta gorphutza, oi! orduko nere itsumendua, nere zoramendua!

        Oi! Jauna, zure urrikalmendu handi-handiaren beharra dut nere biziko deserregelakerien barkhatzeko. Arren bada begira nazazu berriz halako monstrokerietan erortzetik.

        II. PHONDUA. Jaundone Paulok seguratzen gaitu, bizitze huntako ta hil ondoko ontsatasuna datxeikola Jaunaren zerbitzuari, bizitze prestuari. Debruak berriz begien aitzinean paratzen deraiku munduko onthasunak, ohoreak eta atseginak, gure zoriona egin behar duten gauza batzu bezala: hetarako hirritsak eta pendurak gure baithan sutzen ditu; eta ojhuz dagoku, gure jaidura hekiei jarraikiz, hekiei bere nahikarak emanez kausituko dugula gure ona, gure dohatsutasuna. Dakusagun bada orai zeinek duen arrazoin, ea zeinen, Jainkoaren ala debruaren zerbitzuan izanen garen hobekienik bizitze huntakotzat ere.

        Jakina da, ta guziek aithortzen dute, bihotzeko bakea; barneko deskantsua gabe, eztela guretzat munduan egiazko onik, ez dohatsu izaterik. Onthasunez igeri, bai, ohorez inguratua, atseginez horditua, bainan horien guzien erdian barren guzia nahasia, konzientziako harrak iresten hari; nor izanen da aski zoratua holako bat dohatsu dela errateko? Miletan dohatsuago bide da, fortunaz ahantzia, mundutik urrundua, bertze aldetarik ere penetan den bat, bainan horiekin batean bihotza bakean eta barrena deskantsu duen bat.

        Non kausi bada barneko bake gozo, bizitze huntan bakharrik gure zorion guzia egin dezaken hura? Jainkoaren zerbitzuan, bizitze prestuan, eta ez bertzetan. Bai, Jauna, bake handi, nasai bat gozatzen dute zure lege seindua maithatzen eta begiratzen dutenek, zioen errege profetak; handia, eta ezin erran bezain handia ta gozoa da zure zerbitzari khartsuei dasta-arazten derajezun bakea ta zoriona. Orobat dio Jaundone Paulok, bere nekhe, atsekabe, gurutze guzien erdian ere, bakez eta gozoz gaindi zagoela. Orobat zioen San Agustin handiak, onerat itzultzerat graziak behartzen zuenean, Etzitzajola iduritzen bizi ere bazitekela, bekhatuan kausitzen zituen atseginak gabe; bainan gero, Jainkoari osoki eman zitzajonean, sentitzen zuela bere bihotzean bake bat han gozoa, dastatzen zituela atsegin batzu hain garbiak ta garbiak, non gaizki bizi zen denboran hartu zituen atsegin guziak ezpaitziren khirestasunik baizen hekien aldean. Aithor bera egiten dute egun oroz, behin trebes ibili ondoan, osoki ta bihotz guziaz Jesu-Kristoren uztarri sakratuaren azpian jartzen direnek. Hori ezin adi dezakete gaizki bizi direnek, eta eztute sinhetsi nahi; ezin adi dezakete, nola izan diteken norbait boz eta dohatsu ziliziotan, lizifrinetan, baruretan, atsekabetan: egizue guk bezala experientzia, erraten deraje hekiei San Bonabenturak, frogazazue guk bezala, eta orduan sinhetsiko duzue.

        Jainkoa hari da hortan. Nola arima prestu hekiek bere buruei ta sentsuei bere nahikarak eta atseginak Jainkoa gatik ukhatzen baitiotzate, Jainkoak bere sakrifizio hekien ordainez bezala ematen deraizte bihotzeko bake ta barneko gozo, mundu huntako nahikare ta sentsuetako atsegin guziak xitzen dituzten hek, apostoluaren arabera.

        Bertzalde arima hekien asmuak, gogoetak eta gutiziak, baieta sentsuak eta izate guzia Jaunaren nahi senduaren azpian daude bethiere jarriak eta arrimatuak. Eztute deusere nahi, Jainkoak nahi duenik eta Jainkoaren loriakotzat baizen. Ezta beraz ez hekien barnean, ez kanpoan gerlazko ta nahaskeriazko ithurririk batere, izan ditezen goratuak ala beheratuak, erromes ala aberats, munduan aiphatuak, ala ahantziak, ohoratuak ala laidoztatuak, guziak bardin eta jautsapen berarekin hartzen dituzte bere jainkoaren eskutik, hekien bihotzak bethi deskantsu berean daudelarik. Hola frogatu izan dute egundainotik Jainkoaren zerbitzuari behar den bat bezain zinez eta osoki eman zaizkotenek. Gauza bera begien aitzinean ezartzen dauku arima Jainkotien aurpegian agertzen den aire ezti ta kontentak, edozein estatutan izanen badire ere.

        Bainan oi! ala bertzela gerthatzen baitzaje debruaren ondikozko esklaboei, eta haren gogoramendu likhitsez bere jaidura gaxtoei darraizkotenei! Ez, hainentzat ezta bakerik, ez barneko gozorik, dio Isajas profetak. Nola kausi dezakete barneko bake gozo hura, eztutenazkero ezagutzen hartarat daraman bidea, dio errege profetak? Oi! itsuak, oi! zoroak, eta nola nahi dute kausitu bizitze dohatsua bizirik ezten lekhuan, dio San Agustin, zer biltzen den, zer iragaten den bere jaidura gaxtoen esklabotasunean bere frogantzaz ikhasi zuenak!

        Ez eiki gure bihotzak eztu sekulan edirenen bere deskantsu osoa gauza eginetan, eta Jainkoa ganik kanpoan. Ezta begia ikhusteaz asetzen, ez beharria aditzeaz, dio Izpiritu seinduak. Gauza bera da bertze edozein jaiduraz edo pasionez, eta hortik zer gerthatu behar zaje ondikozko jaidura hekien esklabo jartzen direnei? nahaskeriarik eta deboilamendurik baizen ez.

        Hartu dituzten nahikarak hain laster iragan dire; eta hekien bihotzak bardin gose ta egarri. Hortik zenbat khexagune, berriz gauza beretarat nahiz? Ordean sekulan ezin arras ixil-araz konzientzia. Zenbat urriki beraz, zenbat bihotz-ukhaldi, zenbat barneko asiki min, bere jaidurei eman diotzaten nahikaren gainean? Eta halarik ere bethi orobat behartuak jaidura muthiri, arras nausitu hartaz: zenbat hiramendu beraz eta zenbat estira, jaidura gaxtoen esklabo jartzen diren arima dohakabentzat! Hala manatu duzu, Jauna, zioen San Agustin, berak frogontza egin izan zuenak, hala manatu duzu, Jauna, ta hala gerthatzen da; bai, arima dohakabe, zure nahi seinduaren azpian osoki jarria egon behar bidean, bere sentsuei ta jaidurei esku hartzerat uzten derajenak, hortan berean eta bere baithan kausitzen du bere thormenta ta bere ifernua; bizitze huntarik beretik ere bera da bere borredoa ta bere debrua.

        Dugun adi horren gainean Salomonen errana: egundaino ezta naski nihor izan munduan, Israelgo errege hura bezain dohatsu izan denik iduriz; bere Izpirituan ezagutzarik ederrenaz bethea, bere menekoez ez ezik, arrotzez ere hagitz ohoratua, ezin konta bezenbat aberastasunen jabe, gisa guzietako atseginak ithoka hartzen ditu: berak dio, bere bihotzari eman ziotzala nahi izan zetzaken guziak. Horra segurki gizon bat, munduaren arabera osoki dohatsua, egundaino lurraren gainean nihor izan bada; eta bizkitartean zer dio berak? Bere buruari ta sentsu guziei ematen zeraizten nahikara ta atsegin hekien guzien erdian ere etzuela kausitu, hutsik, nekherik eta barneko khezkarik baizen, eta mundu huntan gizonak bilhatzen dituen guziak eztirela ezdeuskerietako ezdeuskeriarik, banitatetako banitaterik baizen. Exenplu horren ondoan, nor da munduak oraino lillura dezakenik, eta munduak eskeintzen diotzan nahikaretan bere zoriona kausituko duela uste izan denek? Oi! gizonak, erraten deraje halakoei Dabit, errege profetak, Salomonen aitak, oi! zein phisuak, zein zoroak diren zuen bihotzak! ez, ez, hain su handirekin bilhatzen ditutzuen, ohore, onthasun, atsegin, gurikeria, gozotasun horietan guzietan eztuzue edirenen gezurrik, itxurapenik eta faunkeriarik baizen.

        Eta bizitze huntan gerthatzen zaizkun gaitzetan zein urrun diren debruaren zerbitzarien sentimenduak Jainkoaren zerbitzarienetarik! Ala bainan nahi duen guzia eginen du gizonak; bainan ezta sekulan gaitz eta nahigabe guzietarik gerizean jarriko: eritasunak, onthasun-galtzeak, batzuen aldetik bekhaizgoa, bertzen aldetik erasia gaxtoak, ahaide eta adiskide maiten heriotzea; horiek eta holako bertze asko nahigabe ethorriko zaizko gutien ustean bihotza kherestasunez bethetzerat. Bada horien guzien erdian jende prestuek kausitzen dute arintgarri handi bat Jainkoa baithan. Badakit nausi maite hura hari dela guzietan, deusere etzajela gerthatzen, hark hekien onetakotzat gerthatzerat uzten duenik baizen; bere gaitzak eta nahigabeak handizki baliatzen zaizkotela bere bekhatu xumen garbitzeko, ta Jainkoaren alderako bere zorren pagatzeko; pairamen eta gurutze hekiek egiten dituztela bere nausi adoragarriaren iduriko, salbatzekotzat izan behar diren bezala, eta gurutze hekiei behatzen diote zeruko loriak higurikitzen dituelako bahi batzuei bezala. Bada egia horiek miragarri da zenbat arintzen diotzaten Jainkoaren zerbitzari lejalei bere gaitzak eta nahigabeak; eztituzte erdizka ere sentitzen; bere barrenetan bethe bake gozo bera daukate; askotan ere bere pairamenak hartzen dituzte zeruko bere nausiak egiten diotzaten fagore seinalatuenak bezala, eta hetan kausitzen dituzte bere atseginik bizienak. Hala santa Teresak erraten zuen; edo paira, edo hil: etzen bizi nahi gurutzetan eta pairamenetan baizen. Santa Madalena pazik erraten zuen; ez hil, bainan bai paira: bizi nahi zen, ordean zertako? Gehiago ta gehiago pairatzeko.

        Bainan oi! ala sentimendu horiek urrun baitaude debruaren zerbitzarietarik gerthatzen zaizkoten nahigabetan! ala bainan eztire ohituak bere fedeaz batere baliatzen. Beraz, ez Jainkoari, ez Jesus gurutzefikatuari, ez Purgatoriari, ez Parabisuari batere behatu gabe, bere gaitzak sentitzen dituzte bere garraztasun guzian; askotan ere gaitzak berenaz diren baino saminago ta dorpheago egiten dituzte bere barneko khexagunez eta gogoeta khiretsez; eta bere nahigabetan, oinhazetan eta gaitzetan eztute kausitzen hiramendurik baizen.

        Eta noizpait mundutik ilkhi behar da; hil behar da. Eta bada nolakoak othe dire Jainkoaren zerbitzari lejalen sentimenduak mement naturalezarentzat hain ikharagarri den hartan? Bethi bake bera, gozo bera bere bihotzetan; Jainkoak berak hitz eman deraje azken mement hartan bereziki lagunduko ta bere benedizionez betheko dituela: deus etzaje gostatzen mundutik ilkhitzea, zeren lurreko gauzetarik bethiere laxatuak iduki baitituzte bere bihotzak, eta eternitatean sartzen dire deskantsuan, zeruko atheak hekientzat zabaltzerat doazilako fidantzia oso batekin.

        Bainan bitarte hartan debruaren esklabo dohakabeak, guziak hiratuak daude. Mundutik ilkhitzeak, bere urhe-zilharren galtzeak maithatu dituzten ahaidetarik eta adiskidetarik hastantzeak, estiran ematen diote bihotza; bere bekhatuen orhoitzapenak urratzen ditu, eta agertzerat doazin tribunal ikharagarriari behatzeak guziak izialduraz lehertzen ditu. Bai, gaxtoa, eta ezin gehiago gaxtoa, eta osoki hiragarria da bekhatoren heriotzea, dio Izpiritu Seinduak.

        Oi! nere arima, biziki sentizaitzik eta zinez eta behin bethikotzat gogoan har zaitzik egia horiek. Jaidura ezin goithuzko batez bilhatzen duk dohatsu izatea; bainan bilhazak hire zoriona ediren dezakejan lekhuan, hire Jainkoaren zerbitzu gozoan, eta bethi ere urrun ibil hadi debruaren bandera madarikatuetarik.

        Jende arteko ohorea eta aiphamen ona ere Jainkoaren zerbitzari lejalentzat da, eta ez debruarentzat. Guziek prezatzen dute jande gazte bat, modesta, eztia, erretiratua, bere goragokoen alderat errespetuz bethea, bere eginbidetarat jarria, sakramenduetarat eta errelijionezko bertze gauzetarat jarraikia; gizon bat, sobrea, baketia, bere hitzetan lejala, giristino ona; emazteki bat, giriztino bezala, emazte bezala, burhaso bezala, etxeko buruzagi bezala dituen eginbide guziak lejalki bethetzen dituena. Bai, horiek eta bertze holako giristino onak dire munduan ongi behatuak eta ohoratuak: gaxtaginak berak eztauzke holakoak prezatu ta ohoratu gabe.

        Bainan debruaren esklabo dohakabeak, jende gazte arinak, desmodestak, munduko dosteta harroetan dabiltzanak, behar eztiren adiskidetasun gisak dauzkatzitenak, bertze adin eta herrunketako gizon eta emazteki, bere eginbidetarik eta Jainkoaren bidetarik urrun dabiltzanak, guziez dire mesprezatuak, gaizki aiphatuak, karrikako basa bezala behatuak. Hekien behara edo beldurra dutenek zenbait agur eginen diote, lausengu aphur batekin mintzatuko zaizkote: bainan nihork eztitu bihotzez prezatuko, ez zinez ohoratuko: askotan hek beren aitzinean gehienik lausengatzen dituztenak dire, hetaz saminkienik mintzatzen direnak, bere barneko sentimenduak garbiki ager diotzoketen lagunekin direnean.

        Bizitze huni dagozkion lanetan eta egitekoetan ere Jainkoak laguntzen eta benedikatzen ohi ditu bere zerbitzari lejalak. Baieta bere prestutasuna, bere sobretasuna, bere eztitasuna, bere lejaltasuna, bere lanerako jarraikitasuna, bere bertze prestuguneak hortarakotzat handizki baliatzen zaizkote. Horiek asko gasta-bide ta egiteko gaxtotarik urruntzen dituzte, ta bere egitekoei ohore egiteko ta bere umeak ongi ezartzeko ahaletan ematen dituzte. Herririk ez ahal da, non ezpaita holako zenbait exenplu ikhusten, familia prestuak, eremu handi-handirik ez ukhana gatik ere, nor-nahi bezain ohorezki bizi direnak, eta bere egiteko guziak ederki dohazkotenak.

        Ordean bertze aldetik, debruaren esklaboak mundu huntako egitekoetan ere trebes eta makhur ibiltzen ohi dire. Bere urguiluak, gormandizak, desonezkeriek, jokoek, bere diruak iresten diotzate, bere suphertasunak asko egiteko gaxto ta hauzi gastos phizten deraje; bere alferkeriak eta etxeko artha-eskasak hekien alhorrak agorrik geldi-arazten ditu. Bai debruaren esklabo bat aski da hainitz aldiz, hobekienik finkatua zen etxe baten funditzeko; gure herrietako berri dakienak errexki sinhetsiko du hori; holako exenplu frango ikhusi duke bere denboran.

        Azkenean gauza bera gerthatzen zaje gehienean Jainkoaren eta debruaren zerbitzariei osasunaren eta luzeki edo laburzki bizitzearen gainean. Jainkoaren benedizioneak alde batetik, eta bertzetik bere bizitze erregelatuak begiratzen ohi diote jende prestuei bere osasuna, ta luzeki bizi-arazten ohi ditu. Barneko bakea, bere jaidura ta gutizia guziak eskutik eta legearen azpian idukitzea, jan-edanetako sobretasuna ta arruntasuna, bai eta lana ere, osasunarentzat eta luzeki bizitzeko laguntza on batzu dire; eta hala osasun hoberena ta bizitze luzena, giristino bere bizitze guzian ongi erregelatuak direnetan kausitzen ohi dire. Edo Jainkoak zenbait aldiz, hekien arimaren onerako, osasunaz gabetzen baditu, berak handizki laguntzen ditu bere gaitzak ongi jasaten, eta hetaz bertze bizitzekotzat baliatzen. Orobat gazte danik balin baderematza mundutik, hori diteke egin diezeken fagore seinalatuenetarik, zeren fruitua zerukotzat ondua baititeke, eta lurraren gainean gehiago egonez askotan gal bailiteke.

        Bainan debruaren esklabo dohakabek, dela Jainkoaren madarizionez, dela bere bizitze gaxtoaz, bere osasuna anderatzen, ta bere bizia laburtzen ohi dute. Barneko deskantsuak osasunarentzat on den bezain kaltekor da barneko alhadura, griña ta nahasimendua. Haserrego borthitzek, onthasun biltzeko sekheria sobraniazkoak, ohore-gose handiak, atseginetarako ekharritazun biziegiak, norbaitendako maithagune bihotzari arras nausitzen zajonak, gorphutzari ematen zaizkon gurikeriek, jan-edanetako sobraniek edo friandizek, odola berotzen ta umoreak nahasten dituzte, osasunik hazkarrena maiz flakatzen dute, batzutan laster ere bai, eta bethi kasik berantxago bederen bai, sukhar langit batek bezala. Hala dio Izpiritu Seinduak, gaxtaginak eztirela biziko bertzela biziko ziren denboraren erdia ere. Gauza bera ezagutu dute paganoek ere, ta hekien arteko zuhur batzuk saminki auhendatu dute gizonen erhokeria, zeren bere jaidurei esku hartzerat utziz, bere egunak hainitzez laburtzen baitituzte, eta lurraren gainean bizi diren denbora laburra ere, asko gaitzez maldaturik baitaramate.

        Egiazki harrigarria da beraz adin ta herrunka guzietako giristino gehienen zoramendua. Guziek maite dugu osasuna, ta luzeki ta dohatsu bizitzea. Horiek kausitzen dire, gehienean behintzat, Jaunaren zerbitzu seinduan, gure naturalezari hartan aphur bat gosta behar izana gatik ere. Bainan debruaren esklabotasunean, agintzak eta itxurak lausengariak izana gatik ere, on baino miletan gaitz, hiramendu, borroka gehiago kausitzen da; gaitz pean bizitzeko ta bere egun hiragarriak laster akhabatzeko bidea da debruaren zerbitzuan jartzea. Halarik ere gehienek, Jaunaren zerbitzu gozoari hain errexki ukho eginik, etsai madarikatuaren gathetan bere buruak amarratzen dituzte. Zer zorakeria!

        Niri dagot iragan denboraren gainean saminki nigar egitea, baldin holako erhokerietan erori banaiz, eta gerokotzat osoki finkatzea nere Jainkoaren, nere nausi zuzenbidezkoaren zerbitzu gozoan.

        III. PHONDUA. Ordean ezkare bethikotzat mundu huntan: goiz edo berant, nahi ala nahiez, hemendik ilkhi ta eternitatean sarthu behar gare.

        Bada zer da bizitze hau eternitatearen aldean? Emagun gizonak oraiko mendetan duken bizitzerik luzena lauretan hogoi urthe, ehun urthe. Zer da hori eternitate luze eta ezin akhabatuzko haren aldean? Lanho guti bat, airetan altxatu den bezain laster suntsitzen dena mement bat, begi herts-idek aldi bat, deusere gehiago. Zer da uri-ttortta bat itsasoko ur guziaren aldean? Hain guti eta oraino gutiago da gizonaren bizitzerik luzena, ezin akhaba diteken eternitate haren aldean.

        Arrazoin da beraz, eta zuhurtziak ta gure buruendako maithagune zuzenak galdetzen du, mundu huntan ongi izateaz baino kontu gehiago iduk dezagun hil ondoko ongi izateaz; lurraren gainean iragateko dugun denbora labur huntaz zer nahi izanen bada ere, bilha dezagun eternitate luze hartan ongi ta dohatsu izatea. Ezen nor-nahik ere gogotik hauta bide lezake oren-laurden batez penetan egotea, ondoan ehun-urthez bere nahikara guziez gozatzekotan, gutiago gatik ere asko pena eta oinhazetarat bere buruak kondenatzen dituzte eriek. Ordean nihor ez ahal da, ehun urthe thormenta handitan iragan nahi lituzkenik, hetarik lekhora oren-laurden batez atseginetan egotekotan: nihor ez ahal da hoin zentzu-gaberik, ta bere buruaren hoin etsai denik.

        Dakusagun bada orai erregela horren arabera, zein nausi behar dugun zerbitzatu, Jainkoa ala debrua. Ikhusia da aphur bat gosta behar dela Jesu-Kristoren uztarri sakratua kharrajatzeko; horren gatik ere salbatzaile amultsu hark bere zerbitzua deitzen du uztarriaren izenaz. Ordean zenbat iraunen dute hortarakotzat hartu behar diren penek, jasan behar diren guduek, nork bere buruari egin behar diotzan bortxek? Bizitze huntako denbora, erran nahi da, mement bat, ondotik dathorren ezin akhabatuzko eternitate haren aldean. Eta pena ta gudu hautarik lekhora, zertan izanen dire Jaunaren zerbitzari arthartsuak eternitate guzian? Ezin erran diteken bezalako lorian, Jainkoaren beraren gozamenean, atseginezko itsaso batean, mundu huntan ezin erran, ezin gogoan har diteken bezalako zorion batean, eta hori menderen mende guzietakotzat, eta zorion hura sekula guzian galduko eztutelako segurantzarekin. Oi! zeru ederra! Jaunaren etxe loriosa! sekulako dohatsutasun osoa! nork errefusatuko du bada, bizitze huntako denbora laburrean, mement huntan aphur bat penatzea ta gudukan haritzea, eternitate guzikotzat zu ardiestea gatik? Laborariak urthe guzia asko nekhe-borroketan darama, zenbait fruitu bildu nahiz. Itsasoz dabiltzanek asko pena ikhusten dute, galtzeko bide handitan jartzen dire, zerbait irabazi nahiz. Orobat gora igan-nahiek, ohore-gosek, atseginzalek, eta bertzek, borroka frango badarabilate, gutizia duten hartarat heltzeko. Bizkitartean horien egin ahal guziak asko aldiz alferretan doazi; eta bere nahikara guzien bururat heltzen badire ere, berantenaz hiltzearekin batean; eta batzutan, oi! zein laster, guziak galdu beharko dituzte. Bainan zeruko Jainkoa lejal da bere hitzetan; eta haren arthoski zerbitzuari darraizkonak segur dire osoki, sekula guziko fortuna egiten dutela, sekulan ezin akhabatuko den dohatsutasunean sarthuko direla. Nor diteke bada aski zentzugabea, aski bihotz-eroria, halako golardo bat ardiesteko behar den guzia egiterat herabe izanen dena?

        Bertze aldetik berriz, nolakoa izanen da debruaren ondikozko esklaboen zorthea? Lurraren gainean bizi direno, goza bitez bere nahikara guziez ohorez, onthasunez, atseginez; Salomon edo bertze nornahi izan den bezain dohatsu izan bitez. Ordean zenbat iraunen du dohatsutasun horrek? Lurraren gainean daramaten denbora xoilki, erran nahi da, diteken luzena izanen bada ere, begi herts-idek aldi bat baizen ez eternitate luze haren aldean. Eta hil ondokotzat zer zortek higurikitzen ditu? Hain gaxtoki ta erhoki ematen zaizkon nausi higuin haren, debru madarikatuaren zorteak, erran nahi da; sekula guziko etsiak, errabiak, deboilamenduak, hortz-karraskek su-elementek, mundu huntan senti edo asma ditezken thormenta guziak hurbiltzen ere etzaizkoten bezalako thormentek, segurantzarekin sekula guziak ezin ilkhiko direla suzko leze hetarik, lehertuak dauzkatziten gisa guzietako thormentak sekula guzian ezin akhabatuko direla. Ez, mement bat baizen eztirau debru madarikatuaren zerbitzuan kausitzen den atseginak eta nahikarak; bainan hari darrajon ta haren saria izanen den thormenta bethikoa eta ezin akhabatuzkoa izanen da, dio San Agustinek.

        O! ifernua! o! su brasa iresleak! o! thormenta guzien bilduma! eta nork bere buruaren gainerat eroraraz, mement batez debruaren zerbitzuan kausi ditezken nahikarez gozatzea gatik! zer zorakeria! zer erhokeria lastimagarriagorik, dio San Jeromek, sekula guzikotz nigar-marrasketarat nork bere burua kondenatzea baino, ametsaren bardin diren atsegin batzuz gozatzea gatik!

        Zer zaik bada orai, o! nere arima, bizitze labur huntan har detzakejan nahikarek eta atseginek balio othe dik hetarat larga handin, gero eternitate guzian supean ehortzia egotekotan? Edo hori erhokeria guziaren mukurrua dela balin bazauk, eta bizkitartean hori bera denazkero, debruaren zerbitzuan gerthatzen dena, nola eztuk bihotz guziaz aborrituko hire Jainkoaren loriaren eta hire onaren etsai madarikatu hura? Nola ez haiz jarriko, Jainkoaren laguntzarekin batean, debru higuin hari bethi ta balenki gerla egiten?

        Berriz Jainkoaren zerbitzari lejalentzat dagon sekulako zorionak, dohatsutasun osoak, Jainkoaren beraren gozamenak ez othe dik merezi, bizitze huntako denbora laburrean har dezajan haren ardiesteko behar den pena guzia? Sekulako deskantsuak, loriak eta gozoak ez othe ditik nasaiki ere saristatuko, debruaren, munduaren, hire pendura gaxtoen gudukatzen, eta Jainko-legea phondu guzietan begiratzen eman beharko dujan atzartasuna, eta hartu beharko dujan nekea?

        O! parabisua! o! sekulako zoriona! o! Jainkoaren beraren gozamena! o! ifernua! o! sekulako su-elementak! o! thormenta guzien bilduma! o! ez pazinitez sekulan nere gogotik urrun!

        Nihork eztetzake bi nausi zerbitza, dio Jesu-Kristok.

        Bai, Jauna, zuretzat egin gaitutzu, eta gure bihotzak eztezake kausi deskantsurik, ez gozorik, den guzia zuri emanez eta zu baithan pausatuz baizen, zioen San Agustinek.

 

aurrekoa hurrengoa