www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII. EGUNA

Penitentziaz

 

        I. PHONDUA. Egizue penitentzia, eta sinhetsazue Ebanjelioa, dio Jesu-Kristok. Bi gauza horiek, penitentzia ta sinhestea, elkharrekin ezartzen ditu, guri adi-arazteko, penitentzia, ta garratza, berenaz datxeikola giristino izateari. Lurraren gainean bizi izan den denbora guzia penitentzian iragan du Jesu-Kristok, gure bekhatuen garbitzeko ta bere aitaren haserrea fazegatzeko: gu ere bada, hura bezala, izan behar gare osoki penitentziari emanak. Baldin seinduen seindua barurtu bada, nigar egin badu, hain penitentzia gogorretan bizi ta hil izan bada, zer eztute egin behar hobendun, lotsatzeko den phonduraino bekhatuz kargatuek?

        II. PHONDUA. Bekhatua punitu behar du egin duenak. Bainan bekhatorek ezpadituzte denboran punitzen bere buruak, Jainkoak punituko ditu eternitate guzian. Penitentziazko urez borhatuak izanen eztiren bekhatuak, ifernuko suaz izanen dire punituak. Ez othe da bada hobe, zenbait egun nigarretan, baruretan, garraztasunetan iragatea, ezenez eternitate guzian ifernuan erretzen egitea, nigar-marrasketan eta errabian?

        III. PHONDUA. Ezta aski, Jainkoarekin bakeak egiteko, aphez baten oinetan ahuspez jartzea, ez eta burua hautsez eta gorphutza zilizioz estaltzea: horiek egina gatik ere, ezpaduzu zure bekhatuez egiazko urrikia, ezpaditutzu hausten adiskidetasun eta estekamendu gaxto horiek, ezpaduzu bihotza garbitzen herrakunde hortarik, ezpazare urruntzen bekhatuzko bide ta parada hetarik, itxura egile gezurti bat zare, eta ez egiazko penitent bat. Barurak, othoitzak, erremusinak, gorphutzaren gaineko garraztasunak dire giristinozko penitentziaren axala ta gorphutza bezala: haren Izpiritua eta arima dire bekhatuaren higuntz oso ta Jainkoarendako maitha-gune guzien gainekoa: horiek biek, dio San Agustinek, eta ez bertzek, egiten dute egiazko penitentzia, penitentzia segura, bekhatuak barkhatzen dituena, salbatzen duena.

        Jainkoari barkhamendu eska zakizko orai artean eraman duzun bizitzeko-molde hain guriaz, hain guti penitentaz, hain guti ebanjelioaren araberakoaz: horrekin batean galdegiozu, hemendik aitzina, leheneko sinhestunak bezala, penitentziaren garraztasunetan bizitzeko grazia, eta hortan eman zaite zin-zinez.

        Ezpaduzue penitentzia egiten, guziak galduko zarete, dio Jesu-Kristok.

        Penitent direlakoei erraten derajet: zer baliatuko zaitzue zuen buruak aphaltzea ta urmariatzea, ezpazarete bizitzez aldatzen, dio San Agustinek.

 

aurrekoa hurrengoa