www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVI. EGUNA

Jesu-Kristorendako maithaguneaz

 

        I. PHONDUA. Jesu-Kristo berenaz ere guziz eta osoki da maithagarri. Jainko bezala, haren osoguneak edo perfekzioneak xederik eta mugarririk gabeak dire, eta hala Jainkoari zor zajon maithagune guzia harentzat ukhan behar dugu. Gizon bezala ere Jesu-Kristo da giza-semen arteko ederrena, profetak dioen bezala. Haren baithan dauntza gorderik, dio apostoluak, Jainkoaren zuhurtziazko ta jakitatezko tresor guziak. Hura da Jainko guziz botheretsuak eta mugarririk gabe zuhurrak zeruan edo lurrean egin duen gauzarik ederrena ta alde guziz osoena. Ez, ezta gizonik ez aingerurik hurbiltzekorik ere Jesu-Kristo bezain onik, ederrik, zuzenik, jakinik, seindurik. Bertze guzietan barrajatuak diren dohainak, graziak eta edertasunak Jesu-Kristo baithan bilduak dire, bainan bertze guziak batean emanik ere baino ezin erran bezenbatez, oin handiago ta osoago bathean. Oi! nere bihotza, sinhesten duk hori? Eta sinhesten baduk, nola hagoke Jesu-Kristorendako maithagunez guzia berotua, guzia sustatua izan gabe? Hain samurra, hain izuria haiz hire lagunen alderat, hekien baithan ikhusten dujan edertasun, prestutasun, ontasun phixka batek, edo bertze zenbait gisatasun edo kalitate onek hain biziki ukitzen haute, hekiei maithagunez lotzen hatzaje hain suharki: eta zer? Bakharrik izanen haiz gogor eta sorhajo, zeru-lurretan bertze nihor ere den baino ederrago, hobeago, seinduago, alde guziz maithagarriago denaren alderat? Oi! zer ihardetsiko diok Jesus Jaunari bere jujamenduan sorhajotasun izigarri hori begien aitzinean pharatuko daujanean?

        II. PHONDUA. Norbaiten maithatzerat bizikienik hertxatzen gaituena da, dio San Agustinek, hainak guretzat duen maithagunea, eta maite gaituela ematen deraikun seinaleak, hori egun oroz ikhusten dugu munduan, eta sentitzen dugu gure bihotzen zolan. Bada horren arabera, zer erran behar liteke Jesus Jauna maite ezluken bihotz batez? Non kausi halako gogortasunik, halako sorhajotasunik? Jesusen bihotz sakratua guretzat erretzen daukan maithagunezko khaldak eztu parerik. Ez, senhar-emaztek, ume-burhasoek, edo adiskide minenek, eztute egundaino elkhar hala maithatu, ez eta hurbiltzekorik ere, nola Jesu-Kristok gu maite baikaitu. Oi! zein izanen da bada bihotz hormatua, maithagunezko su-elementa hunek berotuko eztuena, maithagunez guzia urthuko eztuena?

        Eta Jesu-Kristok, guretzat duen maithagunearen zenbat seinale eztauku eman? Mundu huntako adiskidek eman dietzakegukete bere arthak, bere laguntza, diru eta onthasun aphur bat; orobat bizia begira diezakegukete. Ez ordean berak eztire guretzat emanen, eztire guretzat hilen: egundaino ez emazteak senharra, ez amak umea, ez adiskideak adiskidea eztu hortaraino maithatu.

        Bada hortaraino joan izan da Jesu-Kristok guretzat duen maithagunea; hoin handia, hoin espantigarria izan da. Salbatzaile adoragarri hark ikhusten gaitu, gu aita hobendun baten ume dohakabeak, ariman hilak, debruaren esklabo eginak, ifernuko bidean sarthuak, eta gerorri ezkaitezkela zorigaitz hetarik altxa. Eztu segurki gure beharrik; eztauku deusere zor, eta zuzentasuna eztu batere kolpatuko, denborako zorigaitzetik uzten bagitu sekulako zorigaitzean erortzerat. Ordean hori niholere ezin onhets dezake haren bihotz amultsuak, eta guretzat duen maithagune neurri gabeaz, gauza guzien eskasian sorthu ondoan, gurutze baten gainean sakrifikatzen du bere bizia azken hatseraino, eta isurtzen bere odola azken xortaraino, ezin erran bezalako laidoak eta thormentak jasaten dituela. Oi! maithagunezko mirakulu espantigarria! eta nola nik hori sinhets, neredako maithagunez hila dakusadan Jainko salbatzaile hura maithatu gabe, bainan bihotz guziaz eta gai naizen khar guziarekin?

        Gaizki hartzea liteke segurki uste izatea juduak eta erromatarrak nausitu zaizkola Jesu-Kristori ta bortxaz ereman zutela horiotzerat. Ez hek, ez mundu guzia etzakiozken nausi, berak ez nahi izaterat. Eztaut nihork edekitzen bizia, erran zuen berak hiltzeko aitzintxean; bainan nerorrek nere nahitarat ematen dut. Nigatik beraz, eta neredako maithaguneak garaiturik erori izan da nere Jesus maitea judu bihotz-gogorren eskuetarat; neredako maithagunez jasan ditu akusu hek, laido hek, kolpe hek, thormenta hek, heriotze dorphe, laidotsu ta ikharagarri hura: horiek guziak ni nahiz etsai gaxtoaren gathetarik athera, sekulako heriotzetik eta ifernuko thormentetarik beiratu, Jainkoarekin bakhetu ta sekulako bizitze dohatsurat hel-arazi: zer fagore! zer ongi egin dagokon bezenbat ezin preza dezakedan bezalakoa, sekulako heriotzetik, ifernuko thormentetarik beiratzea, sekulako loriarat, Jainkoaren beraren gozamenerat zuzen edo dretxo izatea! eta hori, bere biziaren gostuz! eta hori maithagune hutsez, nere beharrik etzuelarik, deusere zor etzautelarik; aitzitik haren etsai nintzen eta zuzen bidezki sekulako thormentetan ehortz nintzeken denboran! zer maithagunezko mirakuluak hauk guziak! eta zein diteke bihotza haukien kontra sorhajorik eta gogorrik dagokena?

        Mende guziek ederresteko ukhan dute Jaundone Pauloren Jesu-Kristorendako maithagune khartsua. Etzuen hura baizen, ez mihian, ez gogoan; etzuen harentzat baizen, ez hatsik, ez bizirik; nekhe, borroka, thormenta guziak arin eta gozo zitzaizkon, hekien bidez Jesusen izen seindua bazter guzietarat bana-araz bazezaken, eta orotan adoratzaileak eta maithatzaileak irabaz ahal bazietzoken. Zerk phizten othe zuen bada bihotz handi hartan maithagune suhar hura? Jesus gurutzefikatua ikhusteak. Bai, maithatu izan nau, zioen, eta ni maite nintuelakotz, bera den guzia emanda, ta heriotze gogr hura jasan du.

        Oi! nere bihotza, ez othe naiz bada ni ere sentimendu beretan sarthuko, arrazoin bera dudan denboran? gurutzefika ikhustean, erran behar dut apostolu handi hark bezala: gurutze horri itzatua izan da nere Jainkoa; horren besoetan galdu du bere bizia, eta eman bere odola; eta hori, neretzat zuen maithagune ezin gehiagokoak hortararik, ni nahiz sekulako heriotzetik beiratu ta bethiko bizitze dohatsurat hel-arazi. Nola bada nik ez maitha, ni neurri guzien gainetik maithatu izan nauena? gogotik eman behar nioke bizia biziaren orde; bainan eznaiz harentzat martirioa pairatzeko kasuan; galdetzen dautana da maithagunea maithagunearentzat: ukha othe diezoket bada? nere bihotza hain gauza xumea da, eta har dezaken maithagune guzia hain gauza aphurra; eta zer? gauza guti hau, ezdeus hau ukhatuko othe diot bada, ni neurri gabe maithatu nauen, ta neretzat den guzia sakrifikatu izan den Jainko salbatzaile hari? oi! nolakoa liteken nere bihotz-gogortasuna! eta zer zorigaitzetarat higurikitzeko ninteken!

        Jesu-Kristoren heriotze seinduari diotzogu zor akhaten ditugun salbamenduzko laguntza guziak; bathajo seindua, gure zortzez datxeikun bekhaturik garbitzeko, gure arimak graziaz phizteko debruaren menetik atheratu ta, Jainkoaren ume ta zeruko primu gu egiteko; penitentziako sakramendua, bathajoko grazia ezin erran bezain prezagarriaren galtzeko aski dohakabeak, aski esker-gaitzak izaten baginen, Jainkoarekin gu berriz bakhetzeko, eta hori, ez behin, bainan eroriko garen aldi guziez baldin behintzat gure baithan zinez sartzerat egiten badugu. Hanbat gogoramendu on eta barneko abisu, orobat bekhatuen beren erdian sentitzen ditugunak; kofesoretarik eta predikarietarik aditzen ditugun solas eta eskorta ukigarriak, egiten ditugun irakurtz onak, bertze hanbat gauza, ongian finkatzeko ta aizinatzeko baliatzen zaizkigunak, guziak Jesus maiteak guretzat isuri duen odol adoragarriaren ariaz ukhatzen ditugu. Nork aski preza detzake horiek guziak? eta nor dagoke horiek guziak bere biziaren gostuz merezitu dauzkiguna maithatu gabe?

        Bada, zer erran aldareko sakramendu seinduaz? Hau da Jesusen maithagunearen gaindidura ta guretzat egin dituen mirakulu guzien nausia. Sakramendu adoragarri hartan dago guzia, nigarrezko ta guduzko haran huntan izateko gure gozoa, gure arintgarria, gure laguntza, gure indarra, gure janharia; bai, gure janharia. Komunione seinduan ematen dauku bere gorphutz sakratua janharitzat. Eta bere odol adoragarria edaritzat; den guzia, Jainko ta gizon bezala ematen zaiku gurekin bat egiten da. Zer mirakulu horiek guziak! zer maithagune neurri guziez goragokoa horiek eragiten dituena! eta non diteke bihotz aski gogorrik, maithagunezko mirakulu horiek gurituko eztutena guzia maithagunez urthuko eztutena? nere Jesus maitea, den guzi-guzia, ematen zaut; eta ez behin xoilki nere bizian, bainan nahi dudan bezenbat aldiz; haren nahi mina liteke egun oroz ere har baneza; eta ni ez natzajo naizen guzia emanen? eta eznaiz bizi naizen mement guzietan harendako maithagune suharrenaz erretzen egonen?

        Ez ordean Jesu-Kristok lurraren gainean guretzat egin dituenak ez askietsiz, oraino zeruan ere guretzat hari da; bethi gu garabiltza gogoan. Hala erran zerajen bere apostolu maitei, zerurat zohala hekiei lekhua aphaintzerat. Hala dio Jaundone Paulok, zeruan ere guretzat dagola othoitzean. Bere gorphutz adoragarrian iduki ditu bere zauri sakratuak, gutazko orhoitgarri batzu bezala; eta hek bere aitari erakhusten diotza, hekien bidez gure onetan haren errekeritzeko, haren haserregoa fazegatzeko, ta behar ditugun graziazko laguntza guziak guri ardiesteko gisa hortan, dio San Bernatek, Jesu-Kristo zeruan eta lurrean den guzia guretzat da, den guzia gure zerbitzuko enplegatzen da.

        Ea bada, nere bihotza, horiek guziak ikhusirik, eta gogoan harturik zenbat eta zenbat egin eta egiten duen Jesus onak guretzat, eman gaiten ahalik eta khartsukienik haren maithatzen, eta bakharrik harentzat eta harendako maithagunez bizitzen.

        III. PHONDUA. Baldin Jesu-Kristok egiten baleraut bertze orduz Jaundone Petriri egin zioen galdea, ea maite dudanetz; ihardets othe niezoke apostolu khartsu hark bezala: bai, Jauna, maite zaitut; zerorrek badakizu maite zaitudala? eta hola ihardesten banio, egia diodala har othe lezake? ikhusten othe du beredako maithagunik sakratuak erreginatzen duela nere bihotzean? nerorrek ere othe dut arrazoinik aski, uste izateko, egiazki, guzien gainetik eta osoki maite dudala Jesu-Kristo maithatzeari edo ez maithatzeari baitatxeiko ariman bizia edo hila izatea, zeruko edo ifernuko bidean izatea.

        Mundu huntan naizeno eztut sekulan jakinen segurantza osorekin Jesu-Kristo egiazki ta behar den bezala maite dudala. Jainkoak nahi izan du horren gainean jakitate osorik eznezan ukhan, behinere lazatu gabe, egin dezadantzat maithagune sakratu hartan bethi aitzinatzerat.

        Ordean segurantza osorekin ezpada ere, bederen zuhurki ta prudentki uste izateko arrazoinak badituzket Jesu-Kristo egiazki maite dudala. Dakusadan bada zer egiteko gisa atxikitzen dudan egiazki maite dudan lagun baten alderat, eta ea egiteko molde bera daukadan Jesus Jaunaren alderat.

        Urrun nago maite dudanari damurik batere egitetik. bekhatua da Jesu-Kristoren damua. Bekhatu mortal bakhar batez arras galtzen da haren maitahgune sakratua, eta bekhatu mortaletan nagoena nahi bezain goraki ta iduriz suharki erraten badiot ere maite dudala, eztut egiazki maite; haren etsaikoan, eta nere ariman hila nago. Bekhatu beniala ere da Jesu-Kristorentzat, munduan gizonak gizonari egin diotzoken nahigabe saminenak baino damu khiretsago bat. Nolakoak dire bada nere sentimenduak bekhatuaren alderat? zer artha dut xumenetarik ere beiratzeko?

        Maite dudana ganat bethiere lehia dut; ezniteke sekulan unha harekin. Badut lehia seindu bat Jesu-Kristoren bisitatzerat joateko aldareko sakramendu seinduan? Hantxe haren oin sakratuetan, Madalenarekin batean egotea lakhet dut? hortan kausitzen ditut nere mement gozoenak? Komunione seinduan, ez Jesus maitea ikhusten ezik, den guzia ni baithan errezibitzen dudanazkero, ogi sakratu haren gose handi bat sentitzen dut ni baithan; eta entsejatzen naiz ahalik eta seindukienik bizitzerat: ardura komuniatzea merezitzeko? lakhet dut orobat, othoitzean, meditazionean, elizako ofozioetan nere Jesus maitearekin egotea?

        Entsejatzen naiz nere ahalaz maite dudanaren gogara egiterat. Jesu-Kristoren nahi mina eta egin diozokedan atseginik biziena da, aphalesgunez, mortifikazionez, eztitasunez, modestiaz, garbitasunez, karitatez, bertze prestugunez nere arima beregin eta aberats dezadan. Hortarat bada entsejatzen naiz nere ahal guziez?

        Atseginekin nago maite dudana gatik nere burua aphur bat penatzera, baieta zerbait pairatzerat ere. Hartzen dut bada gogotik eta atseginekin, Jesusen gogara egitea gatik, bekhatutik beiratzeko, munduari ihes egiteko, nere jaidura gaxtoak gudukatzeko, nere burua mortifikatzeko, nere debozionezko egintzei lejalki jarraikitzeko, alde guziz seinduki bizitzeko naturalezari gosta behar zajon pena guzia? gerthatzen zaizkidan gaitzak, jenden mesprezioak edo erasia gaxtoak, onthasun galtzeak edo bertze nahigabeak atseginekin, bederen-bederen eztiki ta Jesus neretzat gurutzefikatuari eskeinirik hartzen eta jasaten ditut?

        Maite dudanari ukitzen zaizkonak sentitzen ditut nerorriri ukitzen balitzauzkit bezala, haren atseginak nerorrek gozatzen banintu bezala; egiten diotzaten damuak eta bidegabeak nerorriri egiten balerauzkite bezala. Gisa hortan sentitzen ditut bada Jesu-Kristoren nahikaretan edo nahigabetan doazin gauzak? Errege profeta bezala, guzia hiratzen naiz ikhusten dudanean hanbatek eta hanbatek ahantzia uzten dutela, jazarteka ta herio-kolpeka hari zaizkola bere bekhatuez? Nere ahalez entsejatzen naiz Jesus maiteari egiten zaizkon damu min hekien baratzerat, nere lagunak bekhatuko bidetarik urrun-arazterat eta Jesu-Kristoren zerbitzurat erakhartzerat?

        Azkenean egiazko adiskidetasunak erakhartzen ditu elkhar maite dutenak, ahalaz elkharren iduriko izaterat; hori da ere adiskidetasun iraunkor baten zimendurik sendoena. Badut bada artha Jesu-Kristori orotan behatzeko nere modelari bezala? Estudiatzen dut haren bizia? begiesten ditut bere misterioetarik batzutan eta bertzetan eman dauzkidan exenplu ederrak? entsejatzen naiz, nere barneko sentimenduez eta kanporako egiteko moldeaz haren imitatzera, buruzagi maite hura bere exenplu miragarriekin maiz eta ardura gogoan ekhartzen dudalarik?

        Zundazazu hemen ongi zure bihotza, eta ikhusazu seinale horien gainean, ez egiazki maite duzunetz Jesu-Kristo: ikhusten baduzu ezetz, oi! ikhara zaite; munduan diteken zorigaitzik handienean zaude eroria; lehia zaite hartarik altxatzerat baldin ikhusten baduzu maithagune sakratu hura zure bihotzean, oraino bizi izana gatik ere flakatua dela, egizu haren berretzerat, haren finkatzerat eta hartan aitzinatzerat, Jesus maiteari berari eskatuz hortarako grazia, eta bethi ta gauza guzietan egiterat entsejatuz haren alderat, egiazko adiskidetasunak eragiten duela hemen ikhusi duzun bezala; bainan hortarakotz ukha zazu artha handi bat, maithagune sakratu harentzat traba ditezken afekzione guzien zure bihotzetik suntsitzeko, izan dadin zure buruarendako zure onthasunendako edo norbaitendako estekamendu sobraniakoa, berenaz gaxtoa ez izana gatik ere.

        Zorigaitz Jesu-Kristo gure Jauna maite eztuenari; madarizione guziak daude harentzat, dio Jaundone Paulok.

        Baldin naizen guzia zor banatzajo Jainkoari, zeren egin nauen, zer eztiot zor eta nola eztiot emanen nere bihotza oso-osoa, erostean eta hain garastia erostean erakhutsi dautan maithagune ezin erranezkoaren alderat, dio San Bernatek.

 

aurrekoa hurrengoa