www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V. EGUNA

Jujamenduaz

 

        I. PHONDUA. Herioak jotzen du azken kolpea. Gorphutza iraungitzen da; luphean zarratzeko ta zizarien bazka izateko baizen on ezten gorphutz hil bat bilhakatzen da. Arima asko gisetako gogoetez bethea, ikharatua, nahasia, hargatik prestuki bizi izan balin bada, Jainkoaz lagundua eta esparantzaz animatua, hala-hala bekhatutan eraman badu bere denbora, guzia deboilatua, menturaz osoki etsimendutan eroria; arima hura, diot, Jainkoak daki nolako sentimenduz bethea, ilkhitzen da gorphutzetik, eta mement berean kausitzen da juje ikharagarriaren aitzinerat eramana, han jujatua izateko, ta eternitate guzikotz edo osoki dohatsu edo osoki dohakabe egin behar duen sententzia aditzeko. Zer mement! Zer jujamendu! Zer izialdurak!

        Nolakoak ditezke arima baten sentimenduak juje adoragarri haren aitzinean agertzen denean? Juje hura da Jainkoa bera, berenaz den izate, mugarririk gabe handi, lorios, botheretsua, diren gauza guziak hitz batez ezjeusetik athera duena, begikaldi batez itsasoa zolaraino ta lurra bere zimenduetaraino iharrosten eta ikharatzen duena; Jainko bat hain loriosa, non zeruko Izpiritu gorenek eta garbienek ezin beha baitiezokete ikhara seindu batekin baizen. Nola bada ta zer sentimendurekin agertzen diteke arima bat juje handi, juje ikharagarri haren aitzinean? Guzia lotsatua, urmariatua, beheratua, izialduran sarthua.

        Juje bat da guziak dakizkiena, deusere ezin gorde dakiokena. Orai gure bizitzearen lekhuko den hura bera izanen da orduan gure jujea, dio San Agustinek. Bizi gareno Jainkoak ikhuste ditu guk egiten ditugun ta gu baithan iragaten diren guziak; gau-minean, ilhunbetan eta bakhartasunean egiten duguna, egun handian, agerian ta lagunen aitzinean egiten duguna bezain ontsa. Gure behatze, solas, oin-urhats guziak badakuski. Gogoeta edo bihotzeko mobimendu den xumena eta sorthu den bezain laster suntsitzen dena, hain ongi ezagutzen du, nola kanporat agertzen den eginkunde larriena. Hala beraz Jainkoak ikhusten ditu, adimenduaz zerbitzatzen hasten garen lehenbiziko mementetik eta azken hatsa aurthiki artean, izpirituz, bihotzez, begiez, mihiaz, eskuez, arimaz eta gorphutzaz egiten dugun guzia. Bada horiek guziak gogoan dauzka; fits bat etzajo ahanzten; eta horra zein juje argitu ta jakintsunen aitzinean agertzen den arima hura; harentzat ikharatzeko ta lotsatzeko arrazoin berria.

        Juje bat da aitzakirik batere aditzen eztuena, legearen arabera zorrozki jujatuko duena. Mundu huntan hain antzetsu gare gure buruen lausengatzeko. Gazteak gazte gisan behar dire jauntzi, ibili, mintzatu ta gobernatu. Munduan bertzekin bizi behar denak bertzek bezala egin behar du, bertzenaz irhigarri liteke. Naturalezari ere zerbait eman behar zajo, eta bere ethorkiz jauzkor, urguilus eta atseginetarat ekharria denari zerbait barkhatu behar zajo. Holako mila estakuruz entsejatzen gare mundu huntan gure buruak edertatzera; askotan bekhatua ezjeuszat eta bekhatu handiak xumetzat dauzkagu. Ordean juje guzien gainekoak eztu holako estakururik aditzen. Ebanjelioak egiten deraikun modestiazko, garbitasunezko, umiltasunezko, eztitasunezko, mortifikazionezko, munduazko arnegamenduzko, bakharrik, egun eta adin guzietan Jainkoarentzat bizitzeko maximak eta manuak, adin guzientzat, estatu ta herrunka guzientzat dire; eta Ebanjelio Seindu hura da Jainkoak bere jujamenduaren eta sentenziaren erregelatzat hartuko duena. Badaki hori jujatua izaterat dohan arimak; badaki ebanjelioaren gainean behar duela ihardetsi, ebanjelioaren arabera jujatua izan behar dela zorroztasun guzian, ta haren bizia ezpada izan Ebanjelio Seinduaren araberakoa, sekulakotzat kondenatua izaterat dohala. Oi! zer izialdurarekin agertzen den beraz tribunal ikharagarri hartan!

        Bizkitartean zenbat ere ikharagarria baita jujamendu hura, arima seinduki bizi izan den bat, edo bekhatu egiteko zorigaitza ukhan badu ere, ondoan denbora aphur bat penitentzia garratzetan eraman duen bat, tribunal hartan fidantzia handirekin agertzen da. Bere konzientziaren lekhukotasunak sustengatzen du, ta juje adoragarriak egiten dioen hartze arrajak osoki animatzen du; esperantza handi batekin agertzen da beraz juje adoragarriaren aitzinean, eta benedizionezko sentenzia baten ardiesteko fidantzia handi batekin hurbiltzen zajo.

        Bainan, oi! ala bertzelako sentimendutan kausitzen baita giristino laxo ta ephel, menturaz gaizki handirik ezagutzarekin egin eztuen, bainan hala-hala prestugune handirik gabe bizi izan den bat! Ala orduan kezka latzak jasateko baititu, mundu huntan gozatu duen ondikozko bakearen orde! Orduan sentitzen du Jaunaren legeak hedadura handia zuela, eta eztela bere bizian behar zen bezala emana izan lege seindu haren, ta gainerako bere eginbiden ongi ikhasterat; baditekela beraz errexki juje argitu ta zorhotz hark kausi detzan huts handiak, berak hutsik batere ikhusten etzuen lekhuan ere. Orobat beldurtzen da, Izpiriturat ethortzen zitzaizkon hanbat gogoeta eta bihotzean sortzen zitzaizkon hanbat afekzione ta gutizietan asko gisetarat hobendun egin izan den, hekien gudukatzeko ta ithotzeko behar zen artha ez ekharriz bederen. Beldurtzen da eztituen ukhan bere kofesioetan eta komunionetan, galdetzen zituzten bekhatuezko urriki zina, Jainkoarendako maithagune khartsua, erreligionezko bertze sentimenduak, ta hekien eskasean, ez bere onetan, bainan bai damnazionezko arrazointzat balia dakizkon hartu dituen sakramenduak. Beldur handitan sartzen da beraz, juje ikharagarriaren begi zorrotzak kausi dezan haren baithan asko bekhatu ta sekulakotz haren damnatzeko arrazoin asko. Eta beldurkhunde hortan, oi! zer izialdurarekin, zein nahasia ta harritua agertzen den bere jujearen aitzinean! Ala orduan sentitzen baitu, bainan helas! Berantxe, zer zoramendu zen haren baithan, hain ephel ta nagi izatea halako nausi baten zerbitzuan, hain ez-axolatu izatea bethetzeko zituen eginbiden gainean, hitz batez denbora zeno bere neurriak ez hobeki hartzea, mement ikharagarri hartan izialdura ta herstura hartan ez kausitzeko!

        Eta zer erranen dugu bada bere jakinean bekhatu mortalezko ta damnazionezko estatuan tribunal ikharagarri hartarat dohan arimaz? Non kausi hitz aski borthitzik, edo kolore aski bizirik, ondikozko arima haren orduko izialdurak eta deboilamenduak pintatzeko? Jainko guziz botheretsu bat bere kontra guzia sumintua, eta Jainko gisan eta dagokon bezala jazartzerat dohakona; eta Jainko ikharagarri haren aitzinean agertzerat bortxatua izatea; haren begikaldi zorrotzei pharatua egotea: oi! zer begikolpe! Zer herstura! Zer errabia arima dohakabe harentzat!

        Ezagutzen ditu orduan egundaino baino hobeki Jainko haren osogune adoragarriak, ezagutzen du haren handitasuna, haren majestate guzizkoa, haren bothere mugarririk gabea. Orduan bai ezagutzen du, zer errespetu, zer ikhara zajon zor Jainko handi hari. Bainan, helas! Ikhusten du zenbat aldiz ta zenbat gisetara kolpatu duen Jainkoarentzat ukhan behar zuen errespetu handia, bere othoitzak eta errelijionezko bertze eginbideak hain lehiaka, hain barrajatuki eginez, menturaz bere-bere etxean, Eliza Seinduetan, asko bekhatu eginez, mezak gaizki entzunez, asko gogoeta ta solas gaxtotan egonez, eta nork daki bertze zenbat gisetako profanazione sakrilejoz. Jainko haren handitasunaren gainean neurtzen du dohakabe hark bere bekhatuen belztasuna, eta ezin erran bezalako gaitz, sekulakotzat thormenta guziak merezi dituen batentzat dauka, nausi lorios, nausi botheretsu haren kontra altxatzea, haren manu sakratuak ostikatzea, haren gainean lehenkuntza edo preferentzia ematea kreatura ezjeus bati. Oi! eta badaki arima dohakabe hark, hura bera dela errebel atrebitu hura, eztuela bere bizian konturik iduki Jainko haren handitasunaz, haren nausitasunaz, haren gainean zituen zuzen ezin gehiagokoez, haren bothere mugarririk gabeaz, hari obeditzeko zuen premiaz, badaki haren etsaikoan ilkhi dela mundutik, ta haren etsai agertzen dela haren aitzinean. Oi! nolakoa den haren bihotz-mina, haren ikhara ta errabia! Ezagutzen du ondikozko arima hark bere Jainkoaren ontasun mugarririk gabea. Orhoitzen da haren ganik ukhan dituen ezin erran bezenbateko ongiez, orobat bere eskuak haren kontra harmaturik, jazarteko hari zitzajon mement berean egiten ziotzanez. Oi! ordean sentitzen du ontasun miragarri haren alderat gor eta sorhajo izan dela; bere nausi guzien gaineko ta ezin erran bezain on hura zerbitzatzetik urrun, haren ganik zaduzkan ongiez berez baliatu dela, krueltasun guziarekin hari jazartzeko. Oi! ikhusten du beraz bere Jainkoaren ontasun hura bera bere kontra sumintua, eta haren eskergabekeriez mendeku galdez dagola.

        Ezagutzen du bere Jainkoaren urrikalmendu miragarri hura. Orhoitzen da urrikalmendu maithagarri hark haren ondotik egin dituen urhats lehiatsuez, bere baithan sartzeko eman dioen denbora luzeaz, nola miliun aldiz hertxatu ta behartu duen bekhatuko ta damnazioneko bidetik osoki atheratzerat, batean bera bihotzerat mintzatuz, bertzean kofesor, predikari edo liburu on baten bidez, zein amultsuki eskeintzen zioen bere bekhatuen barkhamendua ta Jainkoarekilako adiskidetasuna. Bainan dohakabeak ikhusten du, eztela baliatu nahi izan urrikalmendu miragarri hartaz. Orai beraz ikhusten du, eta errabiatzen da ikhusteaz, Jaunaren urrikalmendu hura guzia agortua dela haren alderat, eta denbora haren salbatzeko zen bezain lehiatua dela orai hari jazartzeko, ta dorphetasun guziarekin haren thormentatzeko.

        Ezagutzen du Jainkoaren Seindutasun mugarririk gabea, ta haren zuzentasun zorrotza, bekhaturik den xumena, solas alfer bat baizen ezpalitz ere osoki higun duena, ta guziei dorpheki jazartzen derajena. Oi! eta badakusa bekhatuz kargaturik agertzen dela juje zorrotz, juje ikharagarri haren aitzinean. Ikhusten du beraz Jaunaren zuzentasun hura guzia bere kontra harmatua, ta hanbatez kolpe gogorragoak jotzerat dohakola, zenbatez denbora ta salbamenduko laguntza gehiago eman baitio lurraren gainean.

        Orhoitzen da arima hura gure erospeneko misterio miragarriaz. Ezagutzen du zer ontasun neurri gabe erakhutsi zioen juje ikharagarri hark, harentzat bera gizon egitean eta gurutze baten gainean hiltzean. Orhoitzen da, Jesusen pairamenari esker, bere bizian, dela sakramenduetan, dela sakramenduetarik kanpo, ukhan dituen graziez eta salbamenduko laguntza handiez. Bainan helas, o! bihotz-mina, o! errabia, ikhusten du hanbat ontasunezko ta maithagunezko mirakuluren kontra gogortu izan dela, hanbat aldiz ostikatu duela bere jujearen odol adoragarria, hura zuzen zen bezala maithatzetik urrun, etzajola gelditu jazartzetik, mila aldiz haren zauri sakratuak bere thormenta guziekin bere ahalaz arreberritu dituela: o, Jesu-Kristoren odol adoragarri, hain sakrilejoki profanatu duena, haren kontra goraki dago beraz mendeku galdez; Jesu-Kristoren zauri sakratu, hanbat eta hanbat aldiz erreberritu dituenak, hanbat aho dire, haren kontra madarizione lehergarrienak aurthikitzen dituztenak.

        Oi! zer estatu bekhatuzko estatuan mundutik ilkhitzen den arima dohakabearen estatua bere jujearen aitzinean! Zer haren orduko deboilamendua, etsia eta errabia! Jainko guziz botheretsu hura ikhustea bere kontra guzia harmatua, hari bere bothere guziaz jazartzerat dohakola: ezagutzea haren perfekzione adoragarria, eta hetarik batere ezin kausi bere alde dezakenik, eta hek guziak ikhustea bere kontra harmatuak, asperkhunde galdez daudela; orhoitzea bere bizian, baieta duela mement bat, izigarrikeria hetarik beira zitekela, bere jujeak hartarako laguntza frango eman dioela, eta bizkitartean hetaz eztela baliatu nahi izan, guzien bortxa bekhatuzko estatuan erori dela Jainko biziaren eskuetarat, eta geroroz eztela harentzat erremediorik, ez graziarik, ez salbatzeko ahalik: hala beraz Jainko guziz botheretsu bat bere aitzinean, bere kontra guzia sumintua; zerua bere buruaren gainean sekulakotz hertsia; ifernua bere oinen azpian zabaldua haren iresterat prest; debru errabiatuak bere bazterretan, mementean ifernuko lezetarat herrestatuko dutena; zer estatu arima dohakabe haren estatua! Bai, dio San Gregorio handiak, gisa hortan bere Jainkoaren aitzinean agertzeak, ifernuko suak berak baino gehiago deboilatzen eta thormentatzen du ondikozko arima hura.

        Eta nondik duke laguntzarik bere atsimenduaren kontra? Nihondik ez. Mundua ta munduan diren guziak ezeztatu dire harentzat. Haren ahaideak eta adiskideak harentzat othoitzean daude; mezak, eta menturaz asko ere, harentzat erraten dire; deusere, ez deusere etzaizko horiek baliatzen bekhatu mortaletan hiltzen denari. Zeruko dohatsuak gogorrik daude ta sorhajorik haren alderat. Guziak haren kontra sumindura handitan agertzen dire. Bereziki aingeru begiralea, lehenago haren salbamendukotzat hanbat egin izan duena, eta guziak alferki, zeinaren begiak ere dohakabe hark bere bekhatu ahalkagarriez lizundu baititu; bai, Izpiritu dohatsu hura izanen da arima bekhatore haren akusatzaile gogorrena; haren kontra goraki ta su handirekin asperkhunde galdetuko du. Oi! ondikozko arima berak daki, eta ez nihork ere mundu huntan, zein izigarriki kausitzen den tribunal ikharagarri hartan deboilatua, etsitua, eta errabiatua.

        Eta horra zer merezitu dudan nik ere bekhatu mortala egiteko zorigaitza gerthatu izan zautanean. Oi! nolakoa zen orduan nere zoramendua? Non nuen adimendua? Non zen nere fedea, hain errexki, hain deus guti gatik ematen nitzenean bekhatoreen jujamendu guziz etsigarria jasan behar izateko hirriskuan?

        Zer eskher handiak eztiotzat bihurtu behar nere Jainkoari, zeren bere urrikalpen ezin erran bezalakoaz beiratu nauen izigarrikeria hetarik?

        Eta orai zertan othe naiz nere Jainkoarekin? Othe dut arrazoin uste izateko haren grazian eta maithagunean naizela? Oi! eztezaket sobra preza zorionezko estatu hau, eta deus ezta egin behar eztudanik akhabantzaraino huntan irauteko. Ordean uste izateko othe dut Jainkoaren graziatik kanpoan naizela? Oi! hortan banaiz, nere zorigaitza saminki deithoraturik, lehiatu behar naiz ondikozko estatu huntarik ilkhitzerat eta nere juje adoragarriarekin bakheak egiterat; luzamendu guziak hemen izigarriki dire perilos.

        II. PHONDUA. Juje argitu, juje zorrotz hura kontutan sartzen da haren aizinean agertzen den arimarekin. Zer kontu hedatu, zer kontu hertsi, galdetzen dioen kontua!

        Gure bizian egiten ditugun guziak, eta gure izate guzian iragaten direnak zorroztasun guziarekin izanen dire etsaminatuak, dio Izpiritu Seinduak, dela ongia, dela gaizki izan dadin.

        Adimendurat heltzen garenetik eta azken hatseraino zenbat gogoeta gure Izpirituetan? Zenbat mobimendu, afekzione, gutizia, maithagune, estekamendu gure bihotzetan? Zenbat sentimendu gisa gure arimetan? Zenbat behatze, solas, aditze, jan-edan, urhats, eginkunde, gure sentsu guzien usantza? Zenbat egun, oren, mement munduan iraganik? Eta horiez guziez kontu eman beharko dugu; eta horiek guziak zorroztasun guzian etsaminatuak izanen, ez ordean ez munduko maximen, ez gizonen asmuen, ez naturalezaren gutizien arabera, bainan bai Ebanjelio Seinduko maxima garbien arabera. Oi! zer kontu! Nor ezta izitu behar?

        Ebanjelioko erregelaren arabera, solas alfer bat bera, erran nahi da, zerbait arrazoin on gabe erraten den solasa, bekhatu benial bat da. Oi! nere Jainkoa, eta nork eman diezoke gogoari bekhaturik gabe kausituko dela etsamena ikharagarri hortan? Zenbat gogoeta eta gutizia, den gutienetik alferrak? Zenbat hizketa alfer eta funts gabe? Zenbat jan-edan, behatze, phausatze, bertze gauza, bere nahi xoilez bertze arrazoinik gabe, eta hetan kausitzen den atsegin xoila gatik egiten direnak? Eta horiek guziek egiazko bekhatutzat, eta Jainko gure izate guziaren nausiari egiten zaizkon ebasko batzuentzat idukiko zaizku jujamendu ikharagarri hartan. Oi! ala arrazoin baitzuen Agustin handiak gisa huntan mintzatzeko: zorigaitz gizonen idurira garbiena den bizitzeari, baldin Jainkoak urrikalmendurik gabe etsaminatzen badu, bere jujamenduan eginen duen bezala!

        Bizkitartean arima prestu, Jainkoaren beldurrean eta bere buruen gainean atzartasun handi batean bizi direnek, eztute zeren lotsatu. Hekien hutsak erdi ohargabekoak bezala dire; hetaz ere ohartzen diren bezain laster hartzen duten urrikiak eta egiten dituzten penitentziek hekien barkhamendua errexki ardieste deraje.

        Bainan oi! ala bertzela izanen baita giristino laxo, bere ustez bekhatu handirik gabe, bainan hala-hala Jainkoaren zerbitzuko khar handirik gabe bizi den batez! Halako bizitze batean elemeniaka sartzen dire banitatezko gogoetak, solasak, aphaindurak eta egintzak; onthasunen, ohoren, laudorioen, atseginen gutizia, ta bertze bihotzeko estekamendu deserregelatuak; gezur xumeak, medisentzia arinak, bertze solas, zenbait prestugune kolpatzen dutenak; haserrego, bekhaizgo, jujamendu arinak. Halako giristino batek nekez athera dezake berak ere egun bakhar batean egiten dituen bekhatuen kontua, arratsa ethorri denean Jainkoaren beraren argian etsaminatzen baditu egun hartan gogoan erabili, gutiziatu, erran eta egin dituen gauza guziak. Bekhatu benialak dire horiek bai; bainan izigarriki deboilatuko dute giristino laxo hura Jainkoaren jujamenduan, zeren orduan, mundu huntan ezpezala ezagutuko baitu horien belztasuna, hetaz damuztatu duen Jainko haren majestate guzizkoa, bekhatu xume direlako hetarik beira-arazi behar zuten asko gisetako arrazoin handiak, eta hortarakotzat ukhan dituen laguntza nasajak.

        Bainan, gehiago dena, oi! ala beldur izateko baita juje zorrotz hark asko bekhatu mortal ere kausituko duen halako Kristau laxo baten bizitzean! gizon bezala ta giristino bezala bethetzeko ditugun eginbideak hainitzak dire; hekien gainera bethe behar ditugu zeinek bere bizi-moduko eginbideak. Obligatuak gare gure ahalaz eginbide hekien ezagutzerat; eta horren gainean ezpadugu ekhartzen behar den artha, gure jakitate-eskasak ezkaitu desenkusatzen Jaunaren aitzinean. Bada kasu hortan kausitzen dire laxoki bizi diren giristinoetarik gehienak. Egun oroz bai Jainkoaren, bai Eliza ama Seinduaren manamenduen gainean, aditzen zaje erraten: nik ezpaukan gauza hori bekhatu zela, edo bederen bekhatu mortala zela. Ordean nondik dathor ez jakite hori? Bere faltatik, zeren ezpaitziren behar zen bezala ensejatzen legea bere hedadura guzian ikhasterat, Elizako irakhaspenetan kausituz, liburu onak irakurriz, sortzen zaizkoten dudak gizon jakintsun eta Jainko-beldurrekin argituz. Holako hainitz huts, ta huts mortal ezagutza gabe, bainan bere artha eskasetik sortzen zitzajon ezagutza eskas batez eginak, kausituko ditu juje argituak bizitze laxo bat daramaten Kristau gehienetan.

        Hanbat gogoeta gaxto ta hain ardura sortzen dire gure Izpirituetan, fedearen, karitatearen, garbitasunaren, aphalesgunearen kontra. Askotan ere aski da gogoeta hetan den gutiena trikatzea, bekhatu mortalez hobendun izateko. Bada nork eztakusa, giristino nagi, bere barneko ta kanpoko sentsuez hain kontu guti daukanak, eztuela, askotan behintzat, behar den atzartasuna ta lehia gogoeta gaxto hekien gudukatzeko ta haizatzeko? Gisa hortan zenbat bekhatu mortalez eztu Jainkoak kargatua kausituko arima lazo bat, zeinak berak ezpaitzuen uste bazitekela haren baithan zenbait bekhatu benial baizen? Eta zer bihotz-herstura, zer errabia arima dohakabe harentzat, ikhusten duenean, Jainkoa baithan juje ezti bat, aita on bat kausitu uste zuen denboran, eztuela haren baithan edireten juje sumintu ta etsai dorphe, bere bothere guziaz jazartzerat dohakon bat baizen, eta zeruan dohatsuekin Jainkoaz gozatzerat zohala uste bazuen ere, debruekin dohala sekulako su elementetan ehortzia izaterat? Eta ala bainan, gaurgero ez erremediorik!

        Eta giristino laxo hark egin duelako ongian berean ere zer kausitzen du juje zorrotzak? Hanbat eskas, hanbat hoztasun, hanbat nagitasun, hekien balioa ezdeus bilhakatzen dutenak, hurren bederen.

        Gehiago dena, ongia zelako hartan berean zenbat huts, zenbat bekhatu eztu kausituko juje zorrotz eta argitu hark? Zer dire, barur, othoitz, Elizan-ibiltze, jende-arteko omena gatik egin dituen hek? Urguiluzko bekhatu batzu. Zer dire othoitz, hanbat barrajamendurekin, erdietan zer zerasan berak ere etzakien gisan egin dituen hek? Majestate guzien gaineko haren alderako, errespetu eskas batzu, egiazko bekhatu batzu. Zer dire meza, hain fede gutirekin, hain hozki, hain barrajatuki, erdietan non zen eta zertan zen gogoan hartzen eztuela, entzun dituen hek? Errelijione-gabekeria izigarri batzu, bekhatu mortal batzu.

        Eta bereziki sakramenduetan, oi! ala beldur izateko baita, giristino laxo hark asko sakrilejio egin duken! Ala bainan sakramenduak ongi errezebitzekotz, behar da izan artha, eta hartu astia, bere bekhatu guziez orhoitzeko; behar dire erran garbiki, bere nonbre, mueta, eta zirkunstanzia guziekin; behar da izan bere bekhatuez egiazko urriki bat, urriki surnatural, barneko, jeneral eta guzien gaineko bat; behar da hartu xede zina bizi izanen denbora guzikotzat bekhatu mortal guzietarik beiratzeko, baieta hortarakotzat bere bizia eman behar balu ere; horiek guziak gabe hartzen diren absoluzioneak eta egiten diren komunioneak hainbertze sakrilejio izigarri dire. Bada osoki beldur izateko da horien guzien gainean, jujearen begi zorrotzak asko huts kausituko duen giristino laxo baten baithan; asko bekhatu edo bekhatuen zirkunstanzia bera orhoitzeko artha eskasez ahantziak; bekhatuak kofesioan estaliak, edo erdizka eta asko gisetara bernuztaturik erranak; eta guzien gainetik absoluzioneak behar bezalako egiazko urriki hura gabe hartuak. Oi! zer estatu izigarritan kausituko diren orduan hainbertze eta ezin erran bezanbat giristino, hilabete guziez eta batzutan maizago ere komuniatzen dutenak, bainan behinere osoki ta behar bezain khartsuki Jainkoaren zerbitzuan jarri gabe, hain maiz errezebitzen duten Jesus Jaunaren Izpirituaz bethe gabe, bethi bardin hotz eta nagi direlarik bere bizitzeko maneran! Helas! bere buruak giristino on batzuentzat, hurren egiazko seindutzat dauzkatzite, eta juje ikharagarriaren aitzinean bekhatuz eta sakrilejoz kargaturik agertuko dire, egiazko debru bezala.

        Eta berak egin dituzken bekhatuen gainera, bertzeren zenbat bekhatuz eztu hobendun kausituko juje zuzenak behar bezain erregelatuki bizi ezten giristino bat? Hanbat zin eta burho, hark eskatimak phiztuz, edo mengoarik gabe bertzei kontra jarriz, bertzek egin izan dituztenak; hanbat solas, errelijionea, karitatea, garbitasuna kolpatzen zutenak, eta hetan atsegin hartzen zuelarik edo atsegin hartzen zuelako itxura eginez aditu dituenak; hanbat gogoeta lizun bertzeren Izpirituetan sorthu izan direnak, hanbat solas desonest bertzek erran dituztenak, haren solas eta kanta arinak gatik, haren aurpegiko ta begietako arintasuna gatik, haren jaunzteko, mintzatzeko, ibiltzeko, agertzeko manera harroegi ta behar zen bezala ez erregelatua gatik. Bai, zophernaka egiten dire munduan bekhatuak, jende gazten ta bereziki neskatxen arintasuna gatik. Helas! ondikozko hejek eztaukate gehienean horiez guziez konturik, zeren eztituzten berek egiten. Askotan ere bere kofesioetan bere buruak desenkusatzen dituzte, bere nahiaren kontra gerthatu zitzaikotelakoan, hartu diotzaten eskudantziak. Bainan juje zorrotzak erakhutsiko deraje, eta haren tribunalean, bihotz-min khiretsekin, berek ikhusiko dute, eskudantzia hek bere arintasuna gatik gerthatu zaizkotela, eta bertzeren bekhatu hek hekien gain direla, zeren bere asko gisetako manera harroegiak gati eginak izan diren.

        Oi! nork gogoan har bada zer nahasmendutan, zer deboilamendutan erortzen den giristino laxo, nagi bat tribunal ikharagarri hartan, dakusanean bere burua bere ta bertzeren hanbat eta hanbat bekhatuz kargatua! Etzaikan naski bere burua seindu handi batentzat: ordean urrun da damnatzerat zohala uste baitzuen. Zer bihotzmin, zer errabia beraz haren errabia, ikhusten duenean, higurikitzen zuen zeru eder haren orde, ifernu izigarriak iresterat daramala!

        Eta ni askio atzarriki ta erregelatuki bizi othe naiz! Ez beldur izateko juje argitu ta zorrotz hark kausi dezan ni baithan zenbait arrazoin ni damnatzeko? Eta Dabitek, zenbat ere baitzen profeta argitu bat, ta bere lan gozoena egiten zuena Jaunaren legea gau eta egun meditatzeaz, halarik erraten zuen: oi! Jauna, eta nor da bere hobenak ongi ezagutzen dituena, eta dakiena zenbat phondutan eta zertaraino den hobendun zure begietan? Arren beraz, o! Jainko urrikalmendutsua! Barkha dietzadatzu nere bekhatuak, ezagutzen ditudanak bezain ontsa, ezagutzen eztitudanak ere, neronek egin ditudanak bezala, bertzen nere zenbait huts gatik egin dituztenak ere. Ez othe dut bada nik Profeta Seindu hark baino arrazoin gehiago, sentimendu beretan sartzeko ta bizitzeko? Hark baino ezagutza gehiago othe dut Jainko-legearen ta bertze nere eginbiden gainean? Hura baino lejalago othe naiz guzien bethetzeko?

        Emagun orai Jaunaren jujamendurat dohala arima bat, trebes ibili izan dena, eta bere bekhatuak behar bezalako penitentziazko fruituez garbitu eztituena. Oi! zer jujamendu hainaren jujamendua! Zer errabia, halako arima bat bere jujearen aitzinean lehertzen duen errabia!

        Nork gogoan har, zenbat bekhatu mortalez, zenbat izurrikeriaz kargatua kausitzen den juje zorrotzak galdetzen dioen kontu hertsian? Norbaitek har dezan gezurrez zin egiteko, haserretzeko, lagunaz gaizki mintzatzeko ohitura edo abituda; norbaiten kontra herran bizi dadin zenbait denboraz, ezin konta bezenbat bekhatu mortal egiten du halakoak. Bereziki garbitasunaren kontrako pendura madarikatuak esku hartzen badio, zer bekhatu mortalezko itsasotan ezta pulunpatzen, eta gogoetaz, eta gutiziaz eta bertze asko maneraz? Elhur-lumak erortzen diren bezain usu dabiltza haren baithan bekhatu mortalak; hats hartzen duen bezainbat bekhatu mortalez kargatzen da, hola mintzatzeko.

        Oi! zer arima, halako arima bat, Jainko garbi, Jainko Seindu, juje zorrotz haren aitzinean agertzeko! Bere bekhatu-oste izigarria, elemenia bat bekhatu, bereak eta bertzerenak, egundaino menturaz kontutan hartu etzituenak; bai, izurrikeria hek guziak bet-betan pharatzen zaizko begien aitzinean; pharatzen zaiko bere belztasun guzian, bere hedadura guzian, bere zirkunstanzia guziekin, egundaino munduan, nihori agertu zaizkon baino beltzago, izigarriago, lotsagarriago agertzen zaizko; monstro batzu dire, alde orotarik sethiatua daukatenak, deboilatzen, phorroskatzen eta lehertzen dutenak. Ikhusiko ditu bere bekhatuak; eta hek, diren bezain izigarriak begien aitzinean pintatuak ikhusteaz, dio profetak, errabian sarthuko da, hortz-karrasketan emanen da, guzia ihartuko da. Ikhusiko ditu bere bekhatu guziak bere belztasun guzian, eta hekien ikhusteak, ifernuko suak berak baino gehiago thormentatuko du, dio San Gregorio handiak.

        Horra beraz, arima madarikatua, diotso juje mugarririk gabe sumintuak, horra non haizen nere zuzentasun garratzaren eskuetarat eroria. Bainan zer monstro agertzen haizen nere aizinean! Emadak bada kontu lurraren gainean iragan dituan mement, eta egin dituan eginkunde guziez.

        Bahiakien eta sinhetsi duk ni nintzela hire egilea, hire nausia, hire jabea: bahiakien hire obligazione hertsia zela, adin, egun eta mement guzietan ni zerbitzatzea, ta nere lege seindua phondu guzietan begiratzea: hala ikhasi huen, hala sinhetsi duk. Bainan zer egin duk, kreatura errebela, arima madarikatua? Zertan iragan duk hire denbora? Nola bizi izan haiz? Hurren Jainkorik bazela ere sinhetsi ezpahu bezala. Nere handitasunaz ta bothereaz atrebituki burlaturik, nitaz arnegaturik, debru nere etsai higuinari eman hatzajo; ni baino nahiago izan duk debrua zerbitzatu; hura hautatu ta iduki izan duk hire aitatzat, hire erregetzat, hire jabetzat; hire egunik ederrenak urguileriako ta lohikeriako debru madarikatuari eman izan diotzak, gainerako hire denbora guzia hurren, nere etsajekin bat eginik, iragan duk niri gerla gogorrena ta damu saminenak egiten, nik egin nauzkian ongiez berez hortarakotzat baliatzen hintzelarik; eztuk kasik phondurik nere lege seinduan, urratu, ostikatu, phorroskatu eztuanik.

        Hire Izpiritua hain garbi ilkhi zujan nere eskuetarik. Bainan, hik, hanbat gogoeta izigarriz bethea iduki izan duk, guzia lohitua, izurrikeriaz kargatua ekhartzen duk nere aitzinerat.

        Hire bihotzak etzian ukhan behar, ez maithagunerik, ez afekzionerik, neretzat eta nere araberakorik baizen; eta bizkitartean nere maithaguneak ezin ukhan dik sarbiderik bihotz pustel hortan; bertzeri eman diok zen guzia; hanbat gutizia likhitsez bethea iduki izan duk, eta ifernuzko su batez erretzen.

        Hire ariman etzujan izan behar nere lege seinduaren araberako sentimendurik baizen; eta bizkitartean eztuk hurren arima hortan iduki, nere legeak madarikatzen duen sentimendurik baizen.

        Hire gorphutza bere sentsu guziekin eman neraujan ni laudatzeko ta nere araberako gauzetan enplegatzeko; eta bizkitartean guzia bekhatutan enplegatu izan duk, guzia bekhatupean ehortzia iduki izan duk; hire mihia hanbat zin, burho, solas eta kanta lizunetan; hire ahoa hire atsegin xoiletan; hire begiak hanbat kuriustasunezko ta lohikeriazko behatzetan; hire eskuak hanbat ilhunbetazko egintza likhitsetan: hire gorphutz guzia izigarrikeriazko, monstrokeriazko bilduma bat eta leze bat egina agertzen duk nere begietan. O, kreatura errebela! O, arima madarikatua! Hori zuan bada, hire egile, hire nausi guzien gainekoa bezala higanik higuriki behar nuena?

        Nere urrikalpen xoilaz eta nere ontasun mugarririk gabeaz, bertze hanbatetarik berexirik, hel-arazi hintujan bathajoko ithurri sakraturat; eta han, bekhatuko heriotzetik eta debruaren menetik atherarik, berri-berritan neretzat hautatu hintiojan. Non duk bada orduan emana izan zitzajan arropa xuri, garbia? Ikhusak guzia lohitua, zikhindua, phorroskatua. Nik nere graziaz edertu ta phiztu nian arima hori, guzia monstro bilhakatu duk hire bekhatuez, eta herorren kontrako errabia izigarri batez berri-berritan eta hanbat aldiz, herio-kolpea eman diok. Hertsi nitijan hiretzat ifernuko atheak, iraungi hango suak; bihurtu nauzkian zerurako zuzenak. Bainan hik, o! zoratua! Hain erhoki, ezdeus baten gatik, galdu duk zeru eder hau; zabaldu dituk presundegi ilhun hetako athea, berriz phiztu ta bertzela izanen ziren baino miletan ikharagarriago egin suzko elementa hek.

        Bathajatzean hautatu hintujan nere umetzat: oin hartan behatu dautak bada, eta ukhan duk neretzat aita batentzat izan behar den esker ona, jautsapena, ikhustatea eta maithagunea?

        Hautatu hintujan nere mienbrotzat: gobernatu haiz bada gauza guzietan nere Izpirituaz eta nere maximez? Hortarik urrun, eztuk berzerik egin, ni laidoztatzea, desohoratzea, profanatzea ta hire ahalaz lohitzea baizen.

        Hire arima ta hire gorphutza hautatu nitojan nere tenplutzat: bainan, o! sakrilejoa! Zenbat aldiz eta zenbat gisetara eztuk profanatu, likhistu, lohitu nere tenplu bizi, harrizko ta zurezko Elizak baino miletan sakratuagoa zen hori?

        Bathajatzean arnegatu huen debruaz, munduaz eta haragiaz; eta arnegamendu horiek lejalki bethetzetik urrun, guziak hautsi ta ostikatu dituen Debruarekin bethi gerlan bizi behar bidean, hura hartu eta atxiki duk hire aitatzat, hire erregetzat; haren nahikara ta gogoramendu likhitsen arabera bizi izan haiz. Mundua ostikatu behar bidean, hantatu duk, ta haren maxima galdu ta moda ergelei jarraiki hatzaje hire jaunzturetan, solasetan, bertze hanbat gauzetan. Hire gorphutza niri, urrin onetako biktima bat bezala, mortifikazionearen harmez sakrifikatu behar bidean, eztuk bertzerik bilhatu gorphutz pustel guriki ekhartzea, ederki estaltzea, atseginez asetzea baizen; hari sakrifikatu hatzajo haizen guzia? Hari sakrifikatu diotzak hire Jainkoa, hire zerua.

        Bathajatzean nere Ebanjelio Seindua hartu huen hire bizitze guziko erregela bakhartzat. Ikhusak bada herorrek eta jujazak, zer aria, zer egite den hik ukhan dituan sentimenduen eta eraman duan bizitzearen, eta lege seindu, lege garbi hunen artean. O! arima madarikatua! Arima monstrosa! Karakteraz eta izenez giristino, ta bizitzez pagano, eta ez pagano onest ere.

        Ezagutzen nuelakotz hire flakotasuna, ta zein etsai bihurriak ukhanen hintuen gudukatzeko. Aphaindu nauskian laguntza handiak nere sakramenduetan. Nola baliatu haiz bada graziazko ithurri sakratu hetaz? Zenbat aldiz eztituk urthe osoak iragan bakhetzeko tribunal seindu hartarik urrundua, nere ta nere Elizaren manau sakratuenez burlaturik? Eta hurbildu haizenean ere, zenbat aldiz ezhaiz hurbildu, niri burla sakrilejoenen egiteko, nere odol adoragarria ostikatzeko? Zenbat aldiz ezhaiz hurbildu nere mahain sakraturat konzientzia lohi batekin, ezpaituk orduan bertzerik egin, Judas eta borredo berria, ni berriz gurutzefikatzea, eta nere gorphutz adoragarria hire barneko leze beltz hortan bekhatupean ehorztea baizen.

        O, arima madarikatua! Hortara behar hintzen beraz erori! Hire gainean nitian salbamenduzko xedeak, eta hi nere loriarat hel-arazteko egin ditian guziak alfer gertha-arazi dituk beraz hire bihotz-gogortasunaz! Ikhusak bada orai zer duan merezi, eta zer duan higurikitzeko nere zuzentasun zorrotzetik.

        O, nere Jainkoa! O, juje ikharagarria! Egizu, arren, zure graziaren indarraz, arima dohakabe hura, hozpin-kolpe horiek aditzearekin batean, lehertzen duen etsimendutik eta errabiatik zerbait iragan dadin nere arimaren zolaraino, orai balios izan dakikedan denboran, mement lazgarri hartan hekien alferretan aditzeko kasuan eznadintzat eman.

        III. PHONDUA. Bat-bederaren kontuak hartu ondoan juje adoragarriak ematen du sententzia; benedizionezko sententzia arima zuzenaren alde; madarizionezko sententzia arima bekhatorearen kontra.

        Zato, nere aitaren benedikatua, diotzo lehenbizikoari; sar zaite munduaren hastapenetik zuretzat aphaindua den erresumaren gozamenean. O! zer hitz gozo! Zer benedizionezko ta nahikarazko sententzia! Eta othe da deus, nahi bezain gaitza ta gogorra izanen bada ere, egin behar eztudanik, mement ikharagarri hartan hitz amultsu horien nere jujearen ahotik aditzea merezitzeko?

        Eta zer gozo, zer kontentamendu ezta orduan sartzen arima dohatsu hartan! Hara non duen bere salbamenduko egiteko handia ongi bururat ekharria, joan dire joan harentzat nekheak eta guduak, gurutzeak eta atsekabeak, penitentziak eta nigarrak, perilak eta beldurrak. Ez, geroroz eztu debruak asaldatuko, ez munduak lilluratuko, ez naturalezako jaidura muthiriek gaizkirat behartuko, ez lagunen erasiek ta burlek khexatuko; ez ta gaurgero harentzat izanen, ez hotzik, ez berorik, ez goserik, ez egarririk, ez eritasunik, ez hil-beldurrik. Gaitz ta nahigabe guzietarik urrun, seindu-seinda guziekin Jainkoa ikhustea, Jainkoa maithatzea, Jainkoaz gozatzea, Jainkoaren laudorioak kantatzea, behinere unhatu gabe, bethi eta eternitate guzian atseginezko itsaso batean pulunpatua, atsegin bizienez ta bethi freskoez horditua; horra geroroz eta eternitate guzikotzat arima bendikatu haren zorthea.

        Oi! zer bozkario, zer atsegin arima dohatsu harentzat! Orduan damurik othe du, benedizionezko sententzia haren aditzea merezitzeko egin, jasan eta pairatu dituenez? Sobra egin duela, sobra nekhatu dela othe zajo, erretiramenduan, modestian, garbitasunean, mortifikazionean eramanez bere bizia? Hortarik urrun, ez othe du ikhusten haren gudu-borrokek ehunka ta milaka fruituak ekharri dituztela?

        Bainan benedizionezko sentenzia hori gozo eta atsegingarri den bezain dorphea ta lehergarria izanen da juje ikharagarriak arima hobendunaren kontra ekharriko duen madarizionezko sentenzia. Urrun hadi ni ganik, arima madarikatua, diotso fulia guziarekin, oha debruarentzat eta haren lagunentzat phiztua den sekulako surat. O! Jainkoa, zer sentenzia! Zer ozpin-kolpe ondikozko arima harentzat!

        Urrun hadi ni ganik; hire Jainkoa ganik, zeinak bakharrik egin baitzezakek hire atsegina ta zoriona, zeinetan bakharrik kausitzen baitituk hik gutizia detzakejan guziak, eta zeinetarik kanpoan ezin edirenen baituk lazeriarik, herramendurik eta thormentarik baizen.

        Urrun hadi nere seinduak ganik. Bizi hintzeno hitaz hanbat artha die; hanbat egin die hi haiz hek bezala, garbitasunean, aphalesgunean, mortifikazionean, gaizkitik urrun bizi-arazi, eta zeruko bidean xuxen ibil-arazi. Bainan hi, sorhajoa, horietarik urrun ibili haiz; bekhatuz kargatua ikhusten haut. Ehitzakete beraz orai nere seinduek bere arthean onhetz; fulia handirekin asperkhunde galdez daudez hire kontra.

        Urrun hadi zerutik, loriazko erresuma, atsegin guzietako lekhu huntarik. Bai, hiretzat egin azujan: bainan, o! madarikatuak! etsajak esku harturik, munduak lilluraturik, hire sentsu galduek zoraturik, hain erhoki, hain deus guti gatik sakrifikatu duk zeru eder hau; bada orai eta bethikotz hiretzat hertsia zagok.

        Arima madarikatua. O! zer madarizionezko zopherna isurtzen duen Jainko guziz botheretsuaren hitz horrek arima dohakabe hartarat! Madarizioneak haren Izpirituan; ilhunbetan ehortzia, gogoeta hiragarrienez deboilatua izanen da. Madarizioneak haren borondatean, sekula guzikotz gaizkian izanen da gogortua, sentimendu on bakhar bat ezin ukhanen duen gisan. Madarizioneak arima hartan guzian, ezta hartan geroroz izanen nahasmendurik baizen, errabiarik baizen, izigarrikeriarik baizen.

        Eta, Jauna, norat bidaltzen duzu bada, hain lazki madarikatzen duzun ondikozko arima hura? Surat; su-brasa iresle, nere fuliaren haize botheretsuaz, bakharrik nere etsajen thormentatzeko, phiztuak diren hek izanen dire geroroz arima madarikatu horren phartaja, horren janharia, horren edaria, horren hatsa, horren izate guzia.

        Eta, Jauna, zenbat iraunen dute bada thormenta lazgarri hekiek? Eternitate guzia. Bai, Jainko izanen naizeno, horren etsaja izanen naiz. Bihotz-min khiretsetan izanen da pulunpatua bere bekhatuen gainean, niri xiriritaz egonen zait, marrasketan egonen da, munduko itsaso guzietan ur den bezenbat nigar isuriko du, eta etzaut urrikalduko; bethi gor eta sorhajo izanen naiz horren alderat, eta sekula guzian eznaiz geldituko horri jazartzetik, horren thormentatzetik.

        Oh, Jainko Jauna! Gaztiguaren dorphea! Zure jujamenduen ikharagarriak. Bizkitartean, Jauna, arima dohakabe hori zurea da, zure eskuen lana, zure odolaz erosia, zure gorphutz sakratuaz bazkatua. Bai, nerea zen zuzenez; ordean bertzerena da bere hautu sakrilejoz. Ez nau ni ohoratu nahi izan bere egilea bezala, ez zerbitzatu bere jabea bezala, ez maithatu bere aita bezala. Debrua, nere etsai madarikatua hautatu izan du bere nausitzat; hari behatu zajo; hark ematen ziotzan gogoramendu gaxtoei jarraiki zaje. Eta beraz, bere bizian debruaren zerbitzari izan den bezala, boha orai eternitate guzian debruaren lagun izaterat bere etsimenduan, bere errabian, bere gisa guzietako thormentetan.

        Jainkoa Jainko gisan mintzo da. Leze ilhunetako atheak zabaltzen dire; debrua agertzen da fulia handitan, eta sekulako su-brasetarat herrestatzen du arima Jainkoaz madarikatu hura.

        Horra bi mugak, zeinetarat baitaramate mundu huntan atxikitzen diren bi bidek; prestutasuneko bideak jujamendu ezti batetarat, benedizionezko sentenzia batetarat, sekulako loriarat, bekhatuko bideak jujamendu etsimenduz bethe batetara, madarizionezko eta ozpinezko sentenzia batetara, sekulako thormentetara. Hauta zazu bada orai bi muga hetarik zeintara nahi zaren heldu, eta atxikazu zinki hautatzen duzunerat xuxen daraman bidea! Hartarik batere errebelatzen bazare, orobat mement beretik eta sekulakotz zureak egin duke.

        Gerrorek gure buruak jujatzen baditugu, ezkaitu Jaunak jujatuko, dio Jaundonek Paulok. Juja detzagun beraz gure buruak denboran gareno; bainan ahalaz juja detzagun Jainkoak berak eginen gaituen bezain garrazki, eta hark arima kondenatuaren kontra ekharriko duen sentenzia bera ekhar dezagun gure baithan kondenagarri kausituko ditugun guzien kontra.

        Naizen guzia lazten eta iharrosten naiz Jainkoaren jujamenduaz orhoitzen naizenean, dio San Jeromok.

 

aurrekoa hurrengoa