Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

IZARREN ESPIRALA

 

Zeru izarniatura

begirada eregi genuen;

liluraz berbetan

aurpegi lelotuak eta lelo gu

polita zela ostendu.

 

Konpainia txarrak edo sasi adiskideak

 

Enbarazuak galtzeko erabiltzen genuen,

Ikusita, hura jada ez zegoela,

sinetsi bai

baina ulertu ezinik

 

joandakoen irudikapena bihotzean,

memoria kolektibo izendatu zuten

maitasun hori zela uste genuen

herri guztietako

biztanle guztien

pausu guztietan ere neurgaitz

gaua pizten ziguten kriseilu haiek

geunden unean ez zeuden zerak,

antzina hil eta gure aurrera

orduantxe agertuak.

 

Errealitatea

iragan irudikatu horretan

ala ustezko irudikeriaren orainean

kokatu behar genuen?

 

Behin era berriz

espiralean hausnartzen genuen,

harik eta zarataren batek

hotz zela ohartarazten zigun arte.

 

Orduan izarrak izar bihurtzen ziren

mila bonbilla txikiko areto,

kosmoseko hauts hilkor.

 

Ziegetan

hamarretan argia hiltzen dute

eta ez dago gehiago

iraganaren irudikeriarik.

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000