Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

XIII

 

Pasa da gaueko azken autobusa

 

Betiko joan ez bada

ez da gehiago egongo arean

goizeko lehen ordura arte.

 

Ez jakin ordurako

zer dakarkigun bizitzak

non edo egongo ote garen

edo goizik izango den asmatzea,

antigoaleko druiden zeregina da.

 

Hori zuk ere ezin duzu sorgintxu.

Gaueko sorgin bihurritxu.

 

Motor baten hotsak urratu du gaua.

Urrunduz mututu egiten da

eta ni beldur naiz,

beldur oihartzuna

betiko lotuko ote den

leihoak gatibu logelan

zure xuxurlak isilarazteko durundan.

 

Badakit gaua zabala,

ezezaguna eta gurea dela.

Pizzeriatan ez dira telefonora paratzen,

banatzaileak ere

lo orduko mozkorrean dabiltza intzirika,

hori eta zu eta beste guztia badakit.

 

Baina hain dago eder gaua!

 

Galazko jantzi zaigu

besarka gaitezen jotzen du balada

soinekoa bezain luze

zetazko lokarriz kateatzen gaitu

gorputzaren neurria galtzen duen laberintoan,

 

Eta hain da zabala gaua!

 

Egunsentia ere

ustekabean ekartzen du

kolorez, artifizioz eta bonbillaz makilatuta

goiztiria antzeman ezean,

nork igarri ira,

gauaren epelak irauten badu?

Zein zulo leituko du?

Ez ginen elkarren ondoan iratzarri,

ateak zabalik zeudela?

 

Ulergaitz diostazu

zertan hortaz gauari izu?

Nik azaldu gura nuke

mamu bihurrien gerran

traizioen kontraesanen

gurataezinen oldarra

lubakian sena itzurtzearen erreza,

baina gure azalen duintasuna

lohitu baino ez nuke egingo.

 

Beharbada egunsenti ederregia izan dugu,

aje larregi bakoa

eta ez dut sinesten ordaindu barik aldegin genuenik

kolorezko ametsen hoteletik.

Baina ez,

ez dut fakturarik arean topatu

eta badaezpada,

ez naiz irribarre egiten ausartu.

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000