Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

AZTI ZAHARREN BIDEAN

 

mendi muinoan,

harro,

zut,

haizeak higatzen dio adatsa

 

soa,

ezpata zorrotzen gisan,

ostertzera lehiakide

gori,

umel,

ibarra lautadan lerratzen zaio,

eskerga,

oinperagaitz,

tontorra astinduz dator itsasoa,

belaun biluts,

beso naro,

oin zalu,

non

gure askatasuna

bakardade unibertsalaren

brisara den

gailurreria zolak dakar

dantza legendarioan

eta

azken urratsean hausnarrean lotu,

txirula bakartiek abesbatza lainotuek

lurra margotu diote heroiari,

ele zaharra azal laztuak hedatzen du

bazterrik bazter

temati

ez da hausnarren tenorea

bizitza miretsi eta kexutan

urrunean ere

gelditu ez ziren izarrak,

kantu zaharren nota galduak,

isiltasun amaitezinak,

errespetuzko mundua

biraka dauka

tontor zorrotzetik

kliskada bakarrera mugatu eta

luma zedarritzen du

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000