Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

XIX

 

Izara artean galduta

leiho ertzetik

kantuak porturatzen dira,

haizeak sahatsak kulunkatu ditu,

doinu emea dakarte txori bihurriek.

 

Ausentziaren doinu birjina

Beharbada.

 

Traizioz laztandurik

haserre tantaz bustitzen zaizkit gortinak,

zure figura marrazten da,

heze,

garden,

proiekzioan.

 

Baina gaitz mosua igurztea.

Ezin ezpainak ezkuta.

Nork umelduko dizkizu,

loak hartzen dituenean txoriak?

Nork jasoko dizkizu

gosearen erresuman amildutako ipuinak?

Nora bilduko zaizu

liluren koroa,

gerra eta maitasun poemetako

adjektibo urratuak?

 

Zure bidea haran estu horretan txertatu da,

aurrera nahi atzera hedatzen da gaua,

ezgai izarren adiskidantzan,

azala goizeko esnez bataiatzeko prest.

Baina ttikia zara bihotza.

Bularrean ezkutatzen zaizu,

itzuliezinezko errekaren pasuan

lurrikara oharkabean,

eta egunsentiko irribarrea

koldarren ebokazioa da.

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000