Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

XV

 

batek daki zenbat ordu eman genituen

bazterrik bazter gurutzaturiko txokoak,

gau berezien izkinak,

edo zelan itzuri genituen adiskideak

 

nik tren geltokia oroitzen dinat

bakarrik gengozanan ordurako

ez zaidan itaundu zertaz mintzo ginen

 

asmatuko dinat baina

abenduan ere

ez zinan hotzik egiten

ez lartxu

 

flashak ditun,

nola abentura sekuentzia baten

plano azeleratuak

eskutik oratuta dastatu hindudan

metroan gozatu ninan hire adatsa ene sorbaldan

zabalik ahoa zaporea eman hiezadan

gaur ere tuak hire bila miazkatzen ditinat hagin tartean,

edo sentitzen dinat ezpain haginkatua,

ahoan noraezean dabilkidan mihina igurikiz

belarri ertzera bidezidorra marrazten duen mihina

 

badaezpada barrutik daraman kamiseta

ez ninan berriz eskuaz lepoan laztandu

ukondo jokoa mezu argiko itsas botila

baina zelan besarkatu gintunan!

hire bularrak itsasten hizkidan

lotsaz nenbilenan

lotsaz eder haiek izan zitezen

jostun sentitutako gorputz atal bakarra

egunsentiak eta trenak eroan hinduen

hurrengoari itxaron baga

hurrengorik zegokeen sumatu ezinik

 

batek daki zenbat ordu joan ziren

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000