Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

X

 

jana emateko sortu ei ziren mosuak

hala diote ikerketek eta hala dateke

 

zure ezpainen laztanek

asetzen nautena bazeneki!

eta zelan galtzen naiz

begiradez elikatuta!

 

sinetsiko zenuke

bihotza udaberri betetzen dela edo

bizi litekeela heriotza bilatu barik

 

emadazu ura

mihinak kanta dezan

ez dadin tintarik iraungi

sikate sasoiotan

ze pintaden herri triste hau

aukeratu ez genuen bezala

inork agindu gabe maitemindu ginen

debekatu dutelako ez,

ezago derrigor bihurtuta,

zer ginen

urrats galduen leihotik soilik ikusi dut

 

azken portuak orduko

zure itsasoak oro nabigatuko ditut

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000