|
Utzidazu karmina kentzen
LERRO TARTEETAKO MAITASUNAK
A nigbean a' chùil bhuidhe, throm-bhuidh, òr-bhuidh,
Fonn do bheòil-sa s' gaoir na h-Eòrpa
(Ile beilegizko, beilegi biziko, urre-beilegizko neska
zure ezpainetako doinua eta Europako samina elkarrekin)
SOMHAIRLE MAcGILL-EAIN
leihoko pantailan
patruila berdeak landatu dizkidate
eta otoi irratia amatatzeko eskatu,
osterantzean ondo grabatzerik ez daukatela-eta
garbiketa egiten lagunduko didate ausaz
ez dute ulertzen
mikrofono direkzionalek
ez dituzte beharrezko eleak konprenitzen ahal
zein den poema gris baten prezioa
armategia lerrotarteetan gordetzen denentz
ala zure izenean bahitu dugun maitasuna
cetmeak eusten ditu
hogei urte eskaseko uniforme izutuak
euriaren eskualdean
patrolak eta balak ez uhertzea otoizten du
ni nasai antzean bizi naiz egunez
torturaren aurreko eskuliburua estudiatu eta
taktika inuzenteak paratzen ditut
ilunak bere kaputxa armatuak balekartza ere
soto eta estolderietako politikara
bisita gonbita jaso orduko
zure telefono deiek izutzen naute
Utzidazu karmina kentzen |