Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000

 

 

GOGOAK NORAEZEAN

 

batzutan denbora hil behar dut pentsatzeko

 

hausnarren geltokian jaitsi

eta doala garraio publikoz

 

denon izerdiz olioztatu genuen makina

nire elkartasun barik,

gupidagabeki ukatu

gorreria hartu, itsutu, mutu

jiratzeko gurpilaren gainean jesarrita ere

 

begiraden herabe begiraden harro begiraden begi

joan doazen agureak

etorrerako neskatxen irriak

ozen ausart lotsabako

 

        —biharko egunkariak etzi, ezta?

        —orduan bai, ze gaur...

        —t'erdiak ala laurden gutxi?

        —ez ahaztu gero! kalte osterantzean

 

non zaudete?

ilara, luzea da?

saiatu behintzat, ados?

ondo neska-mutilok,

eutsi hor, laster bai!

 

Une horretan esango nuke,

—orduan alegia— orduan bai,

beti orduan

uherrak ez ditzan makinak jan

 

ez dakit zenbat tren joan diren

56a?

beharbada denek aldegin digute

baina itxaropena gorde ezazu, emakumea

euriak ametsen muga lauso dezake,

eguzkiaren borroka larria,

haize bihurria

gu ordea?

tartea ebasteko ausardiarik ez.

jaitsi zirenek ez zuten guztiek beren bidea egin,

berriro igo zenik ere izan zen, gidari ustean

gehienak ausartu eta burdin zola oinpean sentitu zuten

burdinzolak oinpean sentitu zituen arte

 

Utzidazu karmina kentzen
Urtzi Urrutikoetxea

Kutxa, 2000