|
Apunte eta Ahanzturak
EKARRIKO DIZKIZUT
Pues no se pierde un cuerpo para siempre. (Vicente Gallego)
Ekarriko dizkizut, nahi baduzu, mapamundi koloretsu eta Brian Ferryren disko guztiak; edo Larkinen poema ironia gordinean enlatatuak edo panpin pixegile eta tren elektriko pilarik gabeak; edo, hobe oraindik, ekarriko dizkizut, nahi baduzu, logelako atearen atzekaldean zintzilikaturiko bata eta kamisoi rasozkoak, ganbarako giltza eta tokadoreko ispilu hainbestetan erabilia; edo gerraurreko tristezia letra gotikoetan idatzia, espia baten mikrofilm zapatapean ezkutatua edo komodako kaxoitik manikura estutxea. Ekarriko dizkizut, nahi baduzu, egun bakar era irail itzaliak, lagun zaharren irribarre gauetan galduak edo zure begi ziren hitz umezurtuak. Oro ekarriko dizut, herio txuria ezik, ezen metafora horren babesean gordetzen baita geure piztueraren zoriontasun antigualekoa, esistentzia geurea den gorputz aspaldian gozatua.
92-IV-21
Apunte eta Ahanzturak |