|
Apunte eta Ahanzturak
LO BETIEREKOA
Ekialdera bidaiatu nahi izan genuen alfonbra majikoak zamalkatuz, etxean ezer esan gabe, inkognitoz eta gure gaztaroko ametsak bete asmoz; edo Istanbulera edo Dracula Kontearen gaztelura edo Bohemiako kristal negartien betseinetara. Edonora. Baina Aliziaren Herrialde Miresgarrian galdu genuen brujula eta iparra eta geure aztarnen azken zantzua eta han, artean non geunden ezjakin, Ivanhoe ikusi genuen eta Robin Hood, eta King Kong eta Isolda, eta Grant Kapitaina eta Loten emaztea. Zuk maite ninduzula esan zenidan Cinemascope aurpegiz eta nik, Mustang bat alokatuz, Hegoaldera eraman zintudan gerritik oratuz. Gua hartan Peter Pan izan ginen Cortázarren Bestiarioan. Hamabiak jo zizkigun bungaloweko erloju propagandazkoak. Gero, ohitura ez galtzearren, Möet Chandon eta pasodobleen artean, bizitzari errepaso eman genion keinu goibelez. Edan egin nituen zure dalmata begiak izarapean eta, gauaren azken genozidioa bailitz, geure gorputz hordiak Sidneyranzko trenean ipini genituen, Decameronetik plajiaturiko intziriak eginez. Zure bularretan gauetako heroeak borrokatzen ziren altxorraren giltza edo talisman preziatua eskuratzearren, eta nik, zingaro baten abileziaz ezpainak horzkatzen nizkizun, egun hartan, boltxebikeen tiraniatik libratu zintudan egunean, horzkatu moduan. Kontua ordaindu eta Hipodromorantz jo genuen. Han, ohiturari jarraituz, azken mohikanoa izan ginen, eta iada ez ginen sekula gehiago iratzarriko. Grimm anaiek sehaskatzen gintuzten.
92-1-8
Apunte eta Ahanzturak |