|
Apunte eta Ahanzturak
ITZULERA (Western)
«Naipeak markatuak daude, bizitza bera bezala» esan zuen Johnson trafikatzaileak zigarroa piztutzearekin bat. Zippoa tapete berdearen gainean utzi eta, ahalegin nekagarri bat eginez, zilar moneda bat sartu zuen sinfonolan. Espiritual bat jarri zuen: «Sweet Georgia Brown.» Eseri eta bourbonari trago luze bat eman zion. Urrundik zetorren eta ez zeukan presarik. Han, guztiek ezagutzen zuten. Erromantiko bat zela zioten, bere gurasoak traizionatu zituela Suaren Lurraldean; irakurrita zeuzkala Tom Sawyeren abenturak eta Hodgsonen ipuinak, eta behin Montecarloko kasinoan, mertzenari baten hoztasuna erakutsiz, bi croupier garbitu zituela bere esanak ez betetzeagatik; aktore lanetan ibili zela Haitin bolada luze batez eta gizon hark ez zuela irteerarik gabeko kalerik ezagutzen, bakarrik ibili ohi zela beti arriskuaren aurrean. Gaua astiro erori zen, bitriolozko musuen gisara ezken gorputz nekatuak blaituz. Johnson, beste trago bat edan eta altxa egin zen. Gero, eskuak gerrietara herabe eraman eta, Wayneren plantak eginez, astiro esan zuen: «zure bila nator. Nonahi zaudela ere, nerekin eramango zaitut. Bizirik ala nigan.»
92-I-3
Apunte eta Ahanzturak |