Apunte eta Ahanzturak
Karlos Linazasoro

Kutxa, 1993

 

 

EZAGUN DUDANEAN

 

Zure haitzezko itzala

ezagun dudanean

urak geometria guztiak ditu

galduko eta iratze eta

hilargi gorrien artean

oinazeak ametsen amua

horzkatuko du nerabe-pasioz

eta oro izanen da gezur

 

Ezagun dudanean erretzen

dudan ezpain bisiestoa

hor non ez dagoen katalogo

mapa edo mirarizko izarrik

hotzaren fruitu fidel izanen gara

lamara betiereko eta ikurrin

eta hitz birjinal eta supituzko

abuztu paturik gabea

 

Alfabetoaren gerri zizelkatua

ezagun dudanean begi zumezkoetan

zain izango nauzu barrearen atzean

azken ahanzturaren ile-adatsetan

eta zurekin hitz egingo dut

eta ez nauzu ezagutuko

eta zure izango naiz

eta antipoda izango zara

 

Ezagun dudanean katedralearen

eskuan pausatzen den txorien kantua

eta bete daitezenean distantziaren gelak

antigualeko zubiz eta almenez

ernaldu eginen dut orduan nere

eldarnioen orratza gora den

zure tunelaren antzeztoki hezean

 

91-VII-26

 

Apunte eta Ahanzturak
Karlos Linazasoro

Kutxa, 1993