|
Apunte eta Ahanzturak
TINTIN
Idatzi genuen azken poema haren klaraboiatik Tintin irten zen korrika Mallarméz mozorroturik, Baroi Beltzaren abaila berberaz eta Babelgo Dorrean (han non lehen adulterioaren historia idatzi zen) Aaron komertziantearekin naipeetara jokatu zuen Egiptoko piramide eta Max Beckmannen koadro baten jaurgoa. Paraguayn auto-stop egin zion gure Bugatti deskapotableari eta esan zigun, jaso genuenean, ihesi zebilela Medellingo pistolero batzuengandik eta asko gustatzen zitzaizkiola Roy Orbison eta ekaitz egunetako perfume afrodisiakoa; eta hartua zuela, era berean (abentura hartatik bizirik irtetez gerotan), Volga guztia igerian egiteko erabakia eta Pariseko putetxe elegante batean behingoz estreinatzekoa.
91-V-31
Apunte eta Ahanzturak |