Apunte eta Ahanzturak
Karlos Linazasoro

Kutxa, 1993

 

 

SALZBURG, 1990

 

Isiltasunak gelako agureen itzalak

inguratzeko modua ere maitasunezkoa da.

                                        (George Trakl)

 

 

Han zeunden oraindik ilunbearen

soslaian dandai,

kafeetako maitale eta gure itzal

urdinen aiduru, eta zure Requiem-a

urrea izan zen hiriaren ihintz urtetsuan,

gorputz maitatuen mintxuri heze;

eta han, aurrerago, apenas harresiak

marrazten duen bihotz-kantoi batean,

hamburgesa eta zerbeza horailen artetik,

beste ahots bat goratu zen, isil

eta purpuroa: Gaizkiaren Itxuraldaketa

edo Marjinatuen Kantua.

Zutaz jakin genuen gero

Hohenburgeko haizete dardartiari esker;

inzestu eta bakardadeari abesten zeniola

esan ziguten eta kolorez betetzen isiltasuna,

eta urrundu egin zinela mundutik.

Guk, turista on moduan, hamar schilling

eman genizkizun —poema kaskar haien

truk— jatetxe batetik irtetean.

 

91-V-22

 

Apunte eta Ahanzturak
Karlos Linazasoro

Kutxa, 1993