Apunte eta Ahanzturak
Karlos Linazasoro

Kutxa, 1993

 

 

HABANERA, DONOSTIA 1991

 

Gabriel Celayari, in memoriam

 

Goiztiar dabiltza antxetak

uraren herdoil gorrian mokoka;

 

hiriaren isila —gezalaren azukrea—

badoa misteriotsu terralaren barkuan, zu gabe,

eta bisaia guztiak, ezti eta urrezkoak,

zugana dihoaz, ultramarreko harea urrunetara;

 

gauza segurua baita, han, akordeoi baten zorabio

izartsuaren konpasean aurkituko zaituztena,

hitz eta udazkenekin jolastuz, betiko moduan,

eta irribarrearekin Habanera hau joz;

 

eta idatziko diezu —zure errautsak haizetan dira,

Gabriel— azken hitz bat, zeinak iraungo baituen

instante baten eternitatea.

 

91-IV-23

 

Apunte eta Ahanzturak
Karlos Linazasoro

Kutxa, 1993