|
Apunte eta Ahanzturak
UDAZKENEKO KARABANAREN ATZETIK
Ikusi zenuen gauaren abaraskan zure irisaren perfumea doi-doi aldabak kliskatuz, eta su guztien bilduma laudatuan ostailak iraganarekiko katenbegia esmerilatuko zuen deblauki.
Izarrek antologiak prestatu zituzten xehetasun purpuroen itzalean; eta naturaren erritual antigualenak ihintzatu egingo zituen, urrez nola haragiz, arbolak eta bideskak eta pasioaren sare elurtuak.
Ikusi zenuen, badakit, profezia lausoen magalean zure izena marmoraren zainetan irudikatu eta zizelatua; ez zenuen, ordea, zaunka arre haietan erreparatzeko udaterik izan, edo hilargiaren oskol bitxiztaturik.
Eta halaxe ginen hil, maitea: eremuetako erloju zintzilikatuei inular-irrikaz so, noiz etorriko zure adagioen isiltasun minbera, noiz pintatuko gure memoria musu bidaiari haien geografiaz.
91-I-4
Apunte eta Ahanzturak |