Hatsaren bustia
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 12, 1988ko abendua

 

ESKALEA

 

Minat mingorraren gostua dauka bere suerteak,

mizpira saldaren usaina, amesten duen xokolet esneak.

 

«Pettuz» bat dela diote jende xehiek,

«zuhaitzaren adabegi ez deus bakartiar bat»,

                                            intelektualek.

 

Pinpina bezala, plazetan dabiltzan

aberatsek, neure araberan,

ez dute «zalamalekum» ainitzik,

ez eta tankako ixil tuntik,

beren bihotzetan,

«fardel» hori bereri hurbiltzen denean.

 

«Biper egitea» du bere lana,

bertzen pizarrak bere ahamena.

 

Inguru minguru, eskaintzen duelarik bere xapel zilatua,

ez uste izan zerbaiten galdatzen dabilala!

 

Hala ere, gure esku laburrak

hertsitzen dira gehiago, eta, egoiten laburtuagoak!

 

Ez, ez uste izan, ez dauku deus galdatzen,

baizik bere kanore gabetasuna dauku deneri partikatzen.

 

Gau berandu bustitsu batez, herrestan,

bere azken hatsa utziko duenean,

zikinetarat aurtiki ondoren ostikoz,

bere xapel zilatua betikotz,

izengabeko norbeitek du ehortziko putzu urtsu batean,

lurperatu gabe, argi eskasia gatikan,

eskalearen eskale eskuak

oraino deusez beteak.

 

 

Hatsaren bustia
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 12, 1988ko abendua