Hatsaren bustia
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 12, 1988ko abendua

 

UR BAZTERREAN

 

Bihotz ertsidura batek,

bihurtu dauzkit,

urratsak,

etxe ondoko,

ur bazterrerat,

nahiz oraino,

ihien artean,

itxura bat ikusi,

bai eta, seskasa eremuetan,

eten gabeko murmurika bat,

entzun.

Igel belarren erdian, biluzia,

ziztuliez inguratua,

mariburuntzen

hegal urdinez,

fedekatua,

nago, haur denboran bezala,

noiz, plisti plasta,

uraren lasterrak,

ereman dauzkitan,

debaldetako ditudan

neure soineko zaharrak,

bere gainetik duen

sasi laparretako zubiari,

uzteko.

 

 

Hatsaren bustia
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 12, 1988ko abendua