Hatsaren bustia
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 12, 1988ko abendua

 

GAU BEILA

 

Hor zira, zu, «hilen argia»!

gainetik irakusteko,

oraino nun diren,

gure haurride zenen,

atzoko pausuen markak

 

Hor zira, zu, sua!

gaixto edo ona,

munduaren berritzeko,

izaiten ahal den,

lillura hoberena

 

Hor zira, zu, uhuntza!

zure urrubiekin,

entzun arazteko,

zonbat gau ixila,

beldurraren mintzalea den

 

Hor zira, zu, «xo ixil»

errateko,

bizian ez dela,

deus haizu,

muturik egoitea baizik

 

Hor zira, zu, orenaren orratz xorrotxa!

ezkerreko beharrirat,

ahapekatzeko,

ez direla gauzak

luzaz bilintxi balantxa batean,

sekulan egoiten...

 

«Jaun Andereak!

Antzerki tokia prest da!

«Has bedi gau beila!»

 

Nahiz ez dugun kasik

sekulan Gauaren Jabea

sumatzen, hala ere

ez lotsa... hor...

nunbait... gure zain dago...

 

 

 

Hatsaren bustia
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 12, 1988ko abendua