|
Hatsaren bustia HAIZE AINGERUAK Lotan naizelarik, maiz jiten zaut neure ametsetan ditudan begietarat, Zebillako Giralda puntan den, Harri Aingeruaren itxura. Gorputza du perfeita bezain besarkagarria, gau eta egun, eskuetan daukan palmera abartxo batekin ari da erakusten haizearen bidea... edo... ez naiz segur... haizeari bidea. Debaldetan ikusten du bere burua zeren: zer inporta zaizkie haizearen sentsuak xori sorraioeri? libertate osoan, Andaluziako zeruan ez dira sekulan galtzen! Bertzalde, lur gainean errestatzen direnek, zerendako behar dute jakin nundik norat dohan haizea? nahi ala ez, jiten den lekutik iresten dutenaz geroz! Ilargiaren puda hotzek iduzkiaren erretzeko beroek ausikiz emeki emeki deramate berekin. Harri Aingeruak atsegin bakarra hau du: Giralda barnean, dakiela daukala beraren bertze itxura berbera bat, xukuan, itzalpean, eta egun batez, gainetik beheiti, beheretik goiti, gurutzatuko direla, airean, dilindan trukatuz elgarri botatuko duten behako bakarra. Tristerik iratzartzen naiz, begiak oraino hesten ditut pentsatuz: Askatasuna ez dela beharba iraganaren jauntziez etorkizuna beztitzea bainan bai Harri Aingeruen artean Haize Aingeruak ezartzea.
Hatsaren bustia |