Urtemuga lehorraren kronika 30 Laino beltzak agertu ziren, ortzaizean. Sasi lehorren azpitik, igelen kantu denhora aldatuko zelako igarleak, aditzen ziren, zenbait gau aitzinago. Inguruetan, jendeak tropaka, zeruari begira zeuden, eskatzen. Sineskaitz zirudien. Berrehun urteren buruan, euri uhar on bat. Ama gazteek, haurrei, hedoiak erakusten zizkieten, erhiz: soizaxu... euria inen txi... zer da euria, ama? urostasunik handiena... eta beleek, euria maite dutea? bai ttiki... bai... Pentsati geratzen zen gero, ama, eskuaz bularrak, laztanki ferekatzen zituen artean, amodiotan zegoen garaik gogoan, o nik ere atzo bezala gozatzen ahal banu, mentalki zionean. Gizonak ondotik, euriaren lehen ttanttek, lurreko errauts kraskatua, zauritua, madarikatua bustitzen zutenean, atarrietara jalgi ziren. Irri handiz, hornituak zituzten, ezpainak: euria... a bai... euria heldu'uk... errak... hor diuk to... euria... euria, azkenian. Ahurrez, bata bestearen sorbaldak, hunkitzen zituzten, irabazi diaguk aho guzietan, markatzen zelarik. Edo, euriaren haiduru egotea, bi mendetan zehar, erresistentzia ekintza heroikoa izan bailitzan. Oinarrizko zoriona. Ala, askatasuna? Argi zegoen, herrian, euria orokorki gehiegi laket genuela. Eguzkia sobera inploratzen zuten iparreko ogreen lurraldeko zaldunek ez zituzten, gure bazterrak, langarretan, suntsituko. Ogi elgeak erretzen ahal zituzketen, beren armada bidaltzen, zein gutakoak preso eraman, uhar garaietan, bederen, ezin garraituzkoak ginen. Euria maitasunezko hitz geneukan. Ez ginen, nehora bidaiaz abiatzen, dirurik ez genuelako. Bitartean, euria, attabalen gisara, larruak mailukatuz, erortzen ari zen. Mundu aberats ergelkoi honetako gizaki herrestak oro, besoak zabaldurik, eskerka bezala zeuden, hedoein malkoekin desesperantza keinuak partekatzen. Barbariak ez baitzezakeen iraun. Goserik ginaudelarik, bakarrek sakelak bete zituztelako. Buruak makur arazi zizkigutelako. Hiltzeko harriskuan ginelarikan. Haize hegoaren antzeko libertate zoro bat desir genuelako, lantzurda mateletan, atsegingarri, libertate osoa denendako, anaitsuna, ahizpatasuna, berdintasuna, guziek ahalgerik gabe, bizi ahal izateko. Etxe sahatsetako errauts sufrituak, zenbait minutu barne, jadanik oroitzapenetarik ateraia zen lohi bihurtuak ziren. Haurrek, adinekoak, ixtilu sortu berrietan jautzika, ziliportatzen zituzten. Bakarrek, zerutik behera zetorren soka likidoan dilindatzeko gogoa ukan zuten, baina hatsa errez nagusitu zen. Zioten: hau... hau huna'uk... ba... ba... ba... salbatiak gaituk. Hizkuntzaren funtsa arradeskubritzen zuten. Kantuarena ere bai. Zapalketa biluziaren eremuetarik etortzen ziren, heriotzaren auzunetik, agoniaren monotonia hutsetik, esperantzaren eskuin aldean jartzeko. Murmurio xume batek, bazterrak harrotu zituen: nik zu zaitut maiteago txoriak bere umeak baino eta euria abestiak zarraikan. Harpe ilunetan, luma disdiratsuz, ur gazian trenpatu arkatz beltz batzurekin, independentziarako agiriak firmatzen ziren, laupabost artikulu zehatz idatziz: 1nik: gu, euskaldunak gara, ez dugu nehori zorrik euskara gure mintzaira da. euskaldun orok euskara jakin eta transmititu behar du. 2nik: haize hegoak mugatzen du gure lurra. beste aberririk ez dugu nahi. nagusirik eta jainkorik ere ez. 3nik: Baiona ttikia euripean laket dugu. norbera mintza diteke, hierarkia kulturalak kontutan hartu gabe. bizitzak balio bakuna ukanen du. 4nik: artoa janen dugu egunean lauetan. urtso ihizia debekatua izanen da. pobreak gara, baina pobreziak konzezionerik egiten. 5nik: lana abolituko dugu. nehor ez da bere konportamenduagatik mesprexatua geratuko. armadarik ez. poliziarik ez. xurgatzalerik ez. bukatzeko: gaurtik goiti, euriaren laguntzaz, euriaren pean zutunik, euskal herria, inguratzen gaituzten bi estado zentralistetarik, eta hauekin, dignitatea galduz, negoziatzen ari direnetarik, bereizten da, bere destinu librea, erresponsabilitate indibidualaren hildotik, errealisatzeko, et que personne ne vienne nous faire chier... Fotokopiaz biderkatu traktak, hedatu orduko, bustiaren busti laztanak, laster ezabatzen zituen, baina ideia sakonki, izpiritu tranxitu gehienetan, bermatzen zen, ez zegoelakoan, geroan, egungo molde zapaldu berdinean, irauterik. Eta nik... Mozarten musika baten nostalgia neukan. Nostalgia. neguaren hegaletan zaude beti esperoan ametsune zabaletan haizearen lo beroan. loreak irriaz bildu nahian zeru hondora ainara ere hurbildu seaska honen ondora ilargi urreen teman aire arrosa zainean loak zaitzala ereman hedoi eztien gainean ninano bubak darama bruma ederren atean itzuliren baita ama egun euritsu batean Nobela bitxi honetan agertzen diren pertsonai eta gertakariak oro asmatuzkoak dira. Baldin zerbait antz aurkitzen bada, benetako pertsonai edo gertakariekin, zin egiten dugu, koinzidentzia hutsa dela. 1989ko irailan Oragarren.
Urtemuga lehorraren kronika |