Urtemuga lehorraren kronika 4 aintzina, etxeberri jauna... zato... jar zite kader hortan... badut zerbait zuretako... aski intere santa... ongi etorri, etxeberri jauna... nola zira? emaztia eta haurrak'e untsa menturaz... zauri... gure produkto berri bat proposatuko dautzut... (etab) Aspertzen ari zen Etxeberri jauna. Krediagrikoleko lankideak, zinez meleloki hurbiltzen zitzaizkion, aldiro: ireki ezazu kontu moderno hau... plan d'epargne logement bat... Baiki, eskualde hartako laborari handienetarik bat zen, bere berroitahamar hektara osoki zelaiekin eta 100 000 pintako esne kuotarekin. Behi ederrak bazituen, baina berak bakarrik bazakien, zenbat kostatzen zitzaion haien asetzea, bazkatzea, hilabetearen buruan marge brut arras ttikia ukaiteko, orohar. Goiz hartan preseski, bezperan krediagrikoleko morroiak etxera deitu ziolako, argi zirrintan deitzi zituen behiak, eta ohituraz ez bezala, dutxa bat hartu zuen, larruari lotuegia zuen ensilage zein behi errapeen usain larria kentzen. saiatzeko. Bere ustez, ez zuen erreusitu, ezen hiriko karrika eguzkitsuetarik zebilenean, beste laborariei ardien edo zerrien urrin trinkoa usnatzen zien, berea tarte. Noski, ideia zen, ilusionea, otsezionea. Krediagrikoleko atea, tenorean ireki zenean, jende tropa batekin sartu zen. Iduritu zitzaion, denak so zegozkiola, ahalgez hantu zen, eta buneta eskutartean zeukala, izerdia kopetan perlatzen senditu zuen. etxeberri jauna... zato... jar zite kadera hortan... badut zerbait zuretako. Atzo deitu zaitut... ontsa tutzia kaalak? ba... ba... emaztia eta haurrak'e. bon... soizazu... batutzu hemen 95 545 647,48 libera berri zor... ez da biziki grabea, badakigu pagatuko duzula ez gira hortako inketatzen... (etab) Etxeberri jauna, herabea ez izan arren, krediagrikoleko kidearen elasturi melekaz mesfidatzen zen. Erabakia zuen, dutxapean, deuseren ez firmatzea, usaian, alabaina, beti zerbait sinaturik ateratzen zen bankotik. Laborantzako eskolan, erakasleek burua muntatu zioten ederki, erranez nekazari modernoaren lehen laguntza ez zekarrela auzoak, baina bai bankoak, hain zuzen ere krediagrikolak. Berrogei urteetara heldua zen eta,usu, deusendako lanean ari zela zirudion. Alaba gehiena, sehi igorri zuten, gazterik, alta kasko ona zuen eta eskolatu nahiko zukeen. Baina sosik ez. Behien asetzeko doia. etxeberri jauna, animaleko zorra duzu... pentsatu dugu behar zinuzkeela 5 000 000,00 mi-la libera enpruntatu, zor ikaragarri horren parte bat pagatzeko... aurten sasoin txarra da... idortea... behiek esne guttiago emanen dute... belarrak ez dira tenoreko jinen... prestamua ttikia da... berrogeita hamar miliun zer dira zuretako?... gustukoa duzu lanean segitzeko, ezer ez... Etxeberri jaunak, ez zuen hitz baten plazatzeko denborarik ukan. Firmatzekoa zeukan papera eskupean jarri zion, krediagrikoleko mutilak eta, luma dudakorraz, Etxeberri izena idatzi zuen. Gizon ttattarduna zutitu zen. Etxeberri jauna, oraindik eseria zegoelarik, iduriz joa, bostekoa luzatu zion. Bortxazko irri bat marraztu zen, Etxeberri jaunaren ezpainetan, «aluak... aluak» pentsatzen zukeen bitartean. Ordea ez zen haserretu. Bigarren haurrak, hamasei urtetan, utziko zuen eskola, eta emazteak «au bon coin» hotelean, edozein modutako extrak egiten jarraituko zuen. Eskua arpegiratu zuenean, behi usainaz jabetu zen eta auzoa kurutzatzean, ikaran zegoen: ikusi diat... arras estimatua hiz barne hortan... ba... bo... aski untsa ezautzen nie... heldu'iza kolpo'aten eateat? ez gaizua, eztiat denboraik... piuriak eosi behar tiat. Zorretan itoak denak. Eta larruari josi behi usain hori...
Urtemuga lehorraren kronika |