Urtemuga lehorraren kronika 27 Euskaraz idaztea, normala dea, euskal herrian? galdetzen zuen, ardura, hitzen erranahigabekeriak traumatisatzen zukeen izkiriatzaile minableak, bigarren kategoriako perpauslariak, bere liburuak indarrik ere egiten ez zutenen arpegira. Oso forman zegoelarik, bereber, baietz ihardesten zuen, alta morala apaltzen zihoakionean, alderantziz erantzuten zion, eskaera makal horri. Alabaina, erderazkoa, ttikitatik gaztiguaren eta ahalgearen mintzoa zela onharturik, idatzi edo ixilik geratu zeukan, aterabide bakartzat. Ahula baitzen, mututasunaren bide kolektiboan galtzeko, gelditzen zitzaion ahalmen xoila, paperak tinduz zikintzea zen. Azken garai hauetan, Azkueren hiztegietarik aukeratu ele arraroak zerrendatuz, zentzu imediatorik gabeko obrak kaleratzea, modan zegoen. Herritik arras moztu literaturgintza mota hori, arrakestatua zen, euskaldun bederak, bere ingurumenaren agonia ustela usnatu anhi ez balu bezala. Tematikaren hutsa, fraseen orekek eta solasen exotismoek kontrabalantzatzen zuten. Ideia nagusia zen, euskal kultura idatzia baserritarren mundutik jalgi behar zela, hiritartu, ahantziz, baserritarrek ez zutela sekulan deus izkiriatu, baizik eta kanpainetako jende xeheak beren larderiapean zatxizkaten apezek. Hildo hortarik, egia zen, kaleetan ez zitekeelako halako heriotz urrinik susma. Ondorioz, herrialde zapaldu batean ohizkoa ez zenez, idazleak ausatzeko literaturari ekiten zion, profesionalak bilakatu nahiz, massmedietako mezetan konbentzionalki parte hartuz, europako kapitaletan zehar bidaiatuz, gero, errateko, ezpainetan desolaziozko keinu batekin, euskal herri terzermundista honetan, inor guti zela interesatzen literaturari. Ondorioz, sistema kulturala ohartu zen, iragan mendeko abade eskolatuen euskara ederrean, goxoan, garbian, maitean kometitu lanek zutela, publikoarekiko harrerarik onena, eta izkiriatzale parrasta bat hasi zen, klasikoak funtsez azterturik, haien molde saindura, ruralismo atzerakoiez hantu nobelak egiten, herriak biharmoneko esperantza agortua bailuan. Zer pentsatuko dute gure haurrek? zion usu, gure lumazalekeri huts honek, banitatez hornitu kideen sahetsean aurkitzen zelarik. Usteko zuten, bizitzeko prolemarik ez geneuela, gure gizartea sanoa, azkarra, koherentea zela, ez ginela hil hurran geunden zozietate bat, hizkuntzaren harian jarraitasun zoriontsu bat zegoela, goserik ez genuela ezagutzen, eta euskalduna beti ere planttakoa, gisakoa, behar bezalakoa izan zela. Etzen gehiago «Egunero hasten delako» haren epoka. Literatura, bere funtzione integratzaleaz mutilatua zegoelako. Euskaldun idazle txarrari, pesimista izatea leporatzen zitzaion, baina segur zegoen, pesismismo arrunta errealitateari hurbilago zela, denetan goraipatzen zen, optimismo-objektibotasuna baino. Hautatzea komeni zen. Askok, hagiografien xenderak aukeratuak zituzten. Egunerokotasun minkarari hegoak ebakitzea, oso konportamendu europearra zen, azkenean, kontzientzi desagradable bat sor arazten zuen erdierdaldundu euskaldunari errateko: begira, ez zarete existitzen, ez zarete literaturgai gaurkoan. Gizarte kulturala, terrorismoaz, exodio ruralaz, suizidioetaz, produzitzen zituen marginaletaz, ahalge zen. Negoziatzeko orduan, GARBI agertu beharrez. Klean. Ez ote dugu askatasuna desiratzen? bukatzen zuen ahozkatzen, bere ipuinak, hiztegirik gahe irakur zitekeelako, euskara errexegian idazten zuenekoaz akusatzen zutenak. Alta, umetandik, gure letreroak, idazle izatearen nortasun kaxkarra errebendikatzen zuen, hain zuzen ere, lagun bati, eskola xumettoa xahatzeko ordez, la Fontainen poesi bat arbeletik kaierrera kopiatu zuenean, errientsak «écrivain public» kualifikatibo mesprexagarriaz jantzi zuenetik. Hitzeman zukeen, agian, mendekatuko zela. Hala gertatu zen. Barbariaren zein erreprezione bidegabekoaren aztarnak, literaturatzen pasatu zituen ondoko denborak. Irautea neke zitzaiolako, idatziz guttienez, gorrotoa bera kanaliza zezakeelako. Agerian, herriak, zapalketak jasan arazten zizkion min erraldoiak onhartzen zituen, baina ez ziren hitzez hornitu konzeptu kultural nahiz literarioetara hurbiltzen. Horregatik, gure bigarren kategoriako idazle euskalduna, arrotz bezal kontsideratua zen, eta arrotz senditzen zen. Oraindik kulturaren eragina, berrehun urteren agoniako zauriak artatzean, gozatzean baitzetzan. Ulertu, zioten politikoek... Alta... Alta, askatasuna nahi dugu. Noski. Askatasun politiko-ekonomikoa, estimagarria da, bistan dena, baina kontutan edukitzeko dugu, herri honetako jendeetarik %90, justu bizi ahal izateko borrokatzen direla, hizkuntzaren, autonomiaren edo independentzi esperatuaren ideiarik gabe. Superihardokitze indar primalek, amodioa merezi dutela, zion gure idazle eroak. Halatan, euskaraz izkiriatzen zuenak, zeruaren mugetan, infernuaren sabelean kokatzeari premia eman behar zion, amnesiaren bozeramaileen taldetik urrun geldituz, kanpo egonez, sufrantzaz arrailduz, berak ere oinaze kolektiboan parte hartuz, lekukotasunerako. Ordea, zaila zen, idazle izen berri bat agertu orduko, sistemaren morfinazko bideak, segidan irensten zuelako. Gure euskaldun trakets honek, uroski, bekatua, bekatu mortala kometitu zuen. Barkamenik ez. Ondokoek jakin dezaten ez ginela osoki zoriontsu.
Urtemuga lehorraren kronika |