Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—3—

 

        Behin, Baionako rue d'espagneko tabernan, lagunen baten beha nindagon, kafea bata bestearen ondotik edaten, egiaz aspertzen. Askok kideen denboraren errespeturik ez zutela pentsatzen, baina nere alderako beti, normala zen, funts guttiko pertsona nintzelako. Egunkaria aurrean neukan arren, ez nion begiradarik botatzen ere, agian gehienez kastellanoz idatzia izateak gibelatzen ninduelako. Orain, herria sutan datxikaten bero ikaragarri hauekin, ordu haiek nahiko eztiki gogoratzen ditut. Bai-onako harresi zaharren harriak, lantzurda mantsoak bustitzen zituen. Larrunbat aratsaldetako erosketak egitera zihoatzin ultrabioletekin beltzatu bikote zoriontsuak, ederrak, ikusten nituen, loturik pasatzen ostatu aintzinetik. Langileria, klase media bihurtu hortako partaide a credit aberastuak, gorrotatzen nuen, baina nion konpazione amiñi batekin:

        — no, jinkuak inak hoik'e...

        Laguna, oren bat et'erdiren buruan etorri zitzaidan, laugarren kafean nindagolarik, etxera abiatzeko zorian, astekari paketa bat besapean. Barkamenduka hasi zitzaidan. Enoadurak ez baitzuen kexua sortzen uzten, ihardetsi nion:

        — berdin dik... bierra bi manazkik... oporretan nagok eta astia badiat...

        Kolega barrera joan zen, egartsu zakar horren lasaitzeko likido fresko bila. Berak ordaindu zuen, orduan, trankil nintzen. Ni beti kanpora so nindagon, euri lainoari begira, amentsetan bezala. Bideetan, bastimenduen gainean, teilatuetan eta arimetako zoko lizun guzietan, euriaren jauts umil hori eder zitzaidan. Zoriontsu jartzen ari nintzen, aspaldian ikusi ez nuen automobil xuri-trikoloreduna iragaiten susmatu nuelarik. Barnean, hiru gizon zeuden, urdin ilunez jantziak, zerri arpegi batzurekin, xingomak behiek hausnarrean nola, maztikatzen zituztenak. Karrika ezkinean gelditu zuten kotxea, eta hirurak lurreratu ziren, eskuak zein barrabiletan zein matraketan pausatuz.

        Lagunak, bierrekin mahaineratuz, eta txakurren ibilmoldea miretsiz, minutu laburrez erran zuen:

        — horiek... horiek direla gizonak...

        — hik errak... behar tuztenak oro batie...

        — noaitek ukaitekotan...

        Algararik ez zen nabaritu, nehoren ezpainetan. Oraino luzaz begiz segitu genituen, eztabadatzeko genuzkan afera garrantsitsuak bazter utzirik. Nik, lantzurda finegiaren musika neurtzen nuen, kaleko makadam hotzean, eta ziruditan euriak, hatsartzea bideratzen zidala. Gero gehiago maite nuen euria.

        Basoak husturik, kanpora so ginauden, bakoitza bere pentsuetan galdurik. Konturatu ginen, hiru mastodonteek, gizon gazte bizardun baten urratsak jarraitzen zituztela, lasterka. Azkenean, imaginatu genuen, Lagreou karrikan edo, gaitzeko sprinta eginik, tipoa, defentsarik gabea, arrestatu zuten, eta auto parkatura ekarri, eskuak loturik. Berribileko atea ireki ondoan, mutikoa bortizki barnera aurdiki zuten:

        — eztaukuie bakerik uzten...

        — Intxaurrondora zuzen...

        — Madrilek bi mirage gehi eosiko tin...

        — ze nahu'k E.E.E...

        Euria are emekiago ari zen, aldi honetan ere, txakurreriak basaki gizaeskubideak zangopilatu zitueneko hatz ahalgegarriak, harrian, gerorako barbaria mota baten lekuko gisa finkatu nahiko balitu bezala.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa