Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—16—

 

        Freskura piskaten bila nindoan, bero izigarria zen aratsalde hartan. Mahain gainean, bazkaritik landa abandonatu ogi zuriaren zulo hertsietan, uluak janarika, tropan sartzen ziren. Aztoratzen ari nintzen, eta bierrarik ez zegoen, etxeko frigo makalean. Madarikatua. Kanpora atera nintzenean, ekiak begiak itsutu zizkidan. Etxe aintzinean, arto landak hedatzen ikusten nituen, ur eskasaren lehorrak sor zezakeen hunkidurarekin, eta, elurrak inguruak zuritzen zitueneko denbora laztanei ametsetan nindagon. Oihan kuttunera bideratu nintzen.

        Ipularretako belar erreak pena azkartzen zidan. Lurra kraskan ari zen, zartatzeko zorian, agerian, xoilik, zizareen larru ubelak zeudelarik. Belar hostoak, haize-pean, plegatzen ziren, gizakia, legearen indarrean, konkortzen zen bezalaxe. Erabaki lekura heldu nintzenean, ttikitan, jartzeko usaia nuen haritz beraren malda urdinean eseri nintzen. Urteak pasatu ahala, arbol mitikoaren abarrak sapaz hustuak ziren. Egur idorra, oraino zutik zegoen, ordea. Memoria, urrikiz eta nostalgiaz hantua nuen. Nere buru ergelarekin solasean artzea, ainitz gustatzen zitzaidan, gerorako bizitza makalak planteatzeko. Amodiozko desastre ugariak ere, zerrendatzen nituen, doibat, bilan gisakoaren egiteko.

        Gogoratzen nintzen, umetan, toki hortaraino, amaren eskutik paseatzen etorririk, ikaragarriko beldurrak puskatzen ninduela, neguko gau luzeetan, aitak eta auzoek, gunean kokatu basurde ixtorioak kontatzen zi-tuztelako, haurrak beha zeudela konturatu gabe. Iduritzen zitzaidan, amarekin ibili arren, etxetik urrun ginaudela. Non zegoen gaurkoan, nere orduko beldurra? Bitartean, hogei urte beranduago, iratzeen itzal horixkaz balia zitezkeen ottietaz ari nintzen:

        — begira... pentsa ezan... duela zenbait mende, errezebitu huen, eskolkidearen gutuneko hitz bakoitzean, amodio herabea irakurtzen huen... zozoa... zozoa hintzen... eta katalagoetako emazteak eder aurkitzen hituen... larruaren arros sukratua laket huen... ez ote huen, atsegin zerbait nabaditzen, liburuko orrialdeak itzulikatzean?... mentsa... geroztik konprenitu dun, konpreni arazi dinate gizona gizon dela, eta apezak azken hitza bere duela...

        Noiztenka, zeru desolatuan gora zebiltzen ainararen batzu sahetsetik iragaiten zitzaizkidan, airean zehar, marmutx bila. Txori errebelde zein bidaiarietaz, maitemindurik nindagon. Alabaina, egunaren barnean, orenak gal nitzazkeen, ezpazioan, ainaren hegaldi zaintsu bezain lasaiei so, gaueko izar iheslariak bailiran. Poesiak idatz nintzazkeela nahiko segurru nintzen. Ordea, hitzek neholaz ere, ez zuten ainaren arintasun ankerrik.

        Milagarren aldiz erepikatu eszenariaren hildotik, orduan berdin, nerekin bizi zen tipoak aldegin zuen, eta haritzaren magal gozoan, bihotz beteko zatiak oro, odoletan neuzkan:

        — zer... utzi hau, haur baten desirarekin, azkenean... desir horrek larrutuko hau... eta ez haiz menturatuko... zergatik... hi bezalako neska arruntak eztuelako molde hortako desirik behar... jende zoriontsu-irabazlei ez zaien ukatzen dretxoaz baliatzea ez dun komeni... gau baten, edo gehienez, biendako balio dun... ez bizitza osorako... aditu... begira... erotzen ari naun...

        Bakartiegia nintzen. Mundua hastiro nuen (dut egun ere).

        Haritz eihartu berriaren pean, frangotan negarrez urtu nintzela, oroitu nintzen, ondikoz, ahizpa, Parisera lanera joan zenean adibidez. Burrasoak, agerian, kontent ziren, bederatzi haurretarik batek bederen, lan segurrua aurkitu zuelakoan, eta nik, garai gogor hori, barbaria deitzen nuen, herriko etxe bedera geltoki bati josia zegoelako. Nola... Kaixiana... Nion:

        — ni ez naun sekulan kanporantz abiatuko... nahiago dinat hil... non aurki dezakenat hiltzeko kuraia... norekin joango naiz Aiherrako festetara? non dira gazteak herri hauetan? nahiago niken hil, baina... funtsean, ingurugoak osoki partitzera gonbidatzen, bortxatzen hau... neska... ago... begira...

        Burutazio antzuetan galdua nintzelarik, eguna ilundu zen. Mendi mazelaren gibelean, eguzkia, gorrituz gordetzen zihoan. Ibai umilak imaginatu nituen, auzokideak oro, zipa edo xarboka ari ginelarik, irri algaren erdian, eskol orduetarik landa. Zer bilakatu dira gure kolegak? Joanak. Zertarako herria sangreatzen jarraitzen dute? Ez ote dute gure arbasoek aski kario pagatu frantses izateko eskubidea?

        Bakean utzi arte...

        Haritzak dirau.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa