Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—17—

 

        Hire gutuna, Elena, iragan ostegun aratsaldean eskuratu ninan, eta, segidan ihardestera noakin, hemengo berri fresko bezain usantsuen emateko. Denak osagarri onean gaitun, haurra ere bai, pentsa dezakenan bezala, orain ederra eta azkarra bihurtzen ari dun. Urrats zaluz dihoan, sukaldean barna, lasterka: kaderen gainera igotzea ainitz maite din, ondorioz beti, iziturik niagon, noiz ote den eroriko. Pasan astean, sukar amini bat bazinan, itsas zabalean, oinak luzexko trenpaturik. Agian, hi berdinki, zulo horretan, moral handi batekin hago. Geroren batean, eguzki argia ororentzat ariko dun, bero, bero beroa.

        Hire eguneroko esnatzearen kronika kontatzen didan. Hunkigarria dun, batez ere, zeldako lagunaren lehen zigarretaren ritoen azalpena. Harekin mintzo ahal haiz? Zer dio bizitzaz? Nola orraztatzen da? Non daude ikustera datozkion munduko madarikatuen ahaideak? Galderak. Galderak. ZER GEHIAGO? Ageri den gisaran, puntu hortan, ez naun soberarik aldatu, Elena. Aurrera. Zer daukazue gosaltzeko Fleury-Merogisen? Kafesnea kroizan-tekin? Ala bixkotxa nantesak, xopaturik? Edo, nere adixkidemin baten moduan, kellogs cornflakesak? Begira, hiri honetan, goizetan lanera noalarik, eta autobusetik jautsirik, ostatu baten aintzinetik bideratzen, kroizant epel malgoen presentzia sumatzen dinat. Magrebiarrak, kikera zuriak eskuan, egunkariak irakurtzen dakuskinat, futboleko erresultadoak, menturaz. Gitanes zigarreten eta kroizant berriz erreen usainak arras gaizki eskontzen ditun. Noiztenka, gohaindurak harrapatzen nin, eta lanerantz presatzen naun.

        Idazten ari natzainan bitartean, Ruper Ordorika entzuten dinat estereo katean, —bai, bat erosi dinat azkenean, nahiko potablea— beti emozio berdinarekin, «eguneroko bizitza»ren lehen notak aditzean. Garai heroiko haietaz gogoratzen naun, hiltzaile maltzurrek gure karrikak odoleztatu baino askoz lehenago, lantzurda laino gauetan, nola ibiltzen ginen, tinko tinko, hotzak ez setiatzeko. Musika arloan gelditzeko, jakin ezan Zarama taldearen ondar diskoa a topezkoa dela, Oskorrirena ere, eta datorren irailako, Hertzainakoek LPa hitzemaiten digutela. Ruper'ena noizko? Ez gaudezkeen, beti, Jon Trolloperen historio harrigarria, belarrietan, noski, Baduna K7eak eskutatzeko posibilitaterik?

        Imagina nezan, zigarreta rulatzeko denbora hartzen ari naizela. Tabako paketetik zonbait puska eskuratzen ditinat, papera ere bai, finko, esku ahurrean, behatz artean biguntzen dinat, eta horra... piztu... hatsaren hasperen iniziatikoa again. Oroitzen naun, frango irri egiten genuen epokan, bierra sahetsean huela, jug-boxean eztakinat zein modako abesti pasatzen zenean, rulatzen saiatzen hintzela, ezer lortu gabe ordea. Ni, hitaz burlatzen nindunan, eta gaitzitzen hintzen. Badoatzin urteak, memori herbailak larrutuz. Hortzak tinkatuz, ihardokitzen dinagu.

        Batzutan zeharo desesperaturik niagon; hik, hire zelda hertsitik, animatzeko oihua igortzen didan baina. Paradoxala dun. Zain egoteak, eta orokorki, bizitzak aspertzen nin. Ez dinat hire karrasia ahantziko, halere. Deprimitzen dudanean, hitan pentsatzen dinat, eta morala heinean mantentzen dikenat. Hemen egoera aza-lean hainbeste dun aldatu, non zail zaidan zeozer ezaguturen aurkitzea. Nere ustez, balore zozial asko kanbiatu ditun. Horregatik, agian, naun horrenbeste arrotz. Esploradore nekatuaren pertsonai erraldoia jolasten ari ote naun?

        Bero izigarriak ditinagu. Baserrietako artoak, agorril hasera honetan jadanik, horailtzen, huntzen? doatzin. Eguzkiaren bortitzak ez digun bakerik uzten: zaplastatuak bezala gaitun, ulutxa sortu berrien gisara. Aratsetan, ordea, inguruko etxe sail altuen atzetik ekisartze galantak miretsi ahal ditzazkenat, gorritasun tragikoan, zeru apalean hedatzen. Leihoan egoten naun, ilargiaren eta gaueko izar iheslarien haiduru, zigarreta ezpainetan. Ilargia azkenean, hire zein nere bihotzeko lurralde estimatu bakarra dun.

        Beno, Elena maitea, hire aroaldi bahituaren zati ttiki bat «kanpo» zauritu honetako giroaren usainaz hantu dudalako esperantzarekin, utzi beharko haut, hurrengo bat arteraino. Bihar, goizeko seiretan iratzartu behar naun... lanerako. Egun batean, biak, gure orduen jabe izango gaitun, hori baita zinezko libertatea. Anartean, atxik azkar. Gutun honetako hitz bakoitzak HORDAGO eta musu bat daraman Fleury-Merogisera.

        Bihotzez,

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa