Urtemuga lehorraren kronika 22 2CV horaila, klasikoa, tinduz eta aurretik moztu zurezko moldez, betetzen zuten. Zenbait ordu lehenago hiriko lehoi karriketan, poteoa eginez, izpirituak, amini bat berotu zituzten. Gauekoak, animalekoa izan behar zuen. Garai haietaz, ongi gogoratzen naiz, egungo bero ziztakorrak memoria baizik ez duelako sarraskitzen, eta biziaraztzen. Sanandres plazan bildu ginen: zee... heldu'iza hi're... ba... ikusteko. eztun ikusterik, eskuak zikindiko ditun, erran zidaten, lotsarik gabe. Autoan kokatu gintekeen laupabost lagun. 2CVoak, gibeletik, mando zaharren eralat kargaturik, ai ba kalixtroak! lurra nahiz makadama hunki zezakeen. Kala, izigarri fite zebilen, iduriz presatua: ago emekiao... booo... zauzte ixilik...40etan niz. Bitartean, HERTZAINAK taldearen azken zinta, autoradioan sakatzen zuen, gestu erdi haserretu batean, «har azie zaldaria» espresatu nahiko balu bezala. Egiaz, kalmatu ginen, «no time for love» entzutearekin: Hoien legea guretzat apartheid gartzela, ihesa, hauspena ta ixiltzea hoien legea zu ta ni heuren gisara eukitzea. Ilunak josi bazter humeak bezain hotzak, begirada etilikoz miresten genituen: karrika desolatuak, telebisten argi urdinak leiho arteketarik, eta polizi kotxeen ibilaldi hurri ohizkoak: kontuz ariko gara... txakurrak xanpaka daude. service de nuit horiek'e. Bapatean, gure aintzinean, Baionako udaletxeko langile suharrek, squattetako sarrerak palpainez tapatzen zituztenean, berrikitan zuritu pareta xarmant baten eremua hedatu zen. Ama Birjinaren arropak ez zukeen zuritasunezko murru zati initiatikoa. Harriturik baratu ginen, elur egin ote zuen eskatzen, errepika deiadarkatuz: Ez dute uzten maitatzen gauean ez agurrik ez negarrik gauean ez zergatik ez norarik gabe sirenotsa garraixi bakarra gauean sirena garraixi bakarra gauean. K7ea bukatu zen. Kalak autoa gelditu zuen, motorrak eta argiak hilik. Banpez, berribiletik jautsi ginen, eta, kofreko atea irekirik, pintzelak, moldeak, sprayak atera genituen. Kalak, hormaren zuria, hor zeuden kolegen artean banatu zuen, berak, gau hartan, Txapelaren asesinatoaren urte mugako «gogoan zaitugu, herriak ez du barkatuko» idatzi beharra zuelako, eta guk, piskat nahi genuena. Nik, spray gorri bat hartu nuen A markatzeko. Batzuk «zuk lagundu borroka bururaino eramanen dugu» urdina, besteek «presoak etxera» orlegia, edo ondarrek «errefuxiatuek Euskadin bizi behar dute» beltza marraztu zuten. Leku bat geratzen zitzaigun betetzeko, eta aspaldiko partez, kasko zokoan neukan galdea sprayatu nuen: senditu ahal dun Baionako kaletan dabilan odol eta bolbora usaina? Irriz hertuak ginen. Eskuak whitspiritarekin garbitzean, lan ongi eginaren atsegin geneukan, gure djinak tinduak zikintzen zituen orduan. Kalak, orden zuzena luzatu zuen, gero: aski da gaurkoz, goazen etxera... zuek oinez... nik autoa... bale, bale... balezaleen kantua! Aratseko argi zuhailean, Kalak «pasionaria» baten antza ederra zeukan. Matelako zorion marretako arroilak sakon nabaritzen zizkion, argizeitiaren urreak. Momentu horietan, zinez konturatzen ginen, artegintzaren errannahi zehatzaren oinarrietaz, eta gure ustez, literaturak indar guti zuen. Festa biharomonetako, goiz nabar arrosetaz gogoratzen ginen, «bihar arte» mutu melankolikoaz, separatu ginenean. Hiriko etxe ofizialen atarrietan, gora hedatu frantses banderak, itsas haize ankerretan, urgulutsuki balantzan, miresten genituen. Baiona ttipian sartzean, lauak, kontrolatuak izan ginen, eta eskatu zigutenean, nondik gindetorren, lakonikoki, ihardetsi genuen: EXTERMINATOR filmaren ikusten ginen... allez circulez... putain de basques, on vous aura un jour ou l'autre... ez gaur... Txuartzeneger superguay zen... Pixkat urrundurik, karkazailka lasaitu ginen. Ordea, ez ginakien, ordu berean, tragedia bat gertatzen ari zela, Kala, autoan, hiriko sens interdi batean, sartu zelako. Honek ez zezakeen aitor, Txuartzeneger amiratzen zegoenik, kotxea piezakonbikzionez beterik baitzuen. Gaixo neska, komisarialat bidatu zuten, eta han bi gau pasatu zituen, gutarik bakoitzak, lagunaren zein lagun joanak huts utziaren beroan, lo egiten zuen bitartean. Biharamonean, Kala, Kaietenian topatu nuen. Kexu zen. Begi inguruan, gaitzeko ubelak zeuzkan. Inoxenteki galdetu nion: platana'atian sartu'iz ala? deabru zozoa... flika'tek jo nin... bazekin, pintaden gauean... karrika kontrasentsuz hartu dinat... eta txakurrak han... goiz huntan libratu nine... inkulpatua naun... dégradation de biens... auzia helduden astean... eta hire konplizeetaz ezer? ez deusik... flagrant déit batekin naon... alo, Kala... nahi'una bierra bat? booo... ohe on bat hobeko. Gaueko langile trebeaz, alias «pasionaria»z, maitemintzen ari nintzela nuen astiro, senditzen, nahiz gisa hortako amodioak, gure gizarte razionalak, ez zituen errez onhartzen: Izoztu ingo naun ta salda badago negu gogorra herri puta huntan bizitzak emandako plazer txiki hauengatik ezpalitz... Calamity Jane, non daukan, eskopeta? Alaba hemen daukan, eskutsik. Eskutsik.
Urtemuga lehorraren kronika |