Urtemuga lehorraren kronika 29 Kanpoan, krixton beroa dagon. Ago, hemen, piskat. Nora dun presarik? Ez ote dun ikusten, eguzkiak, gizakumeen haragi jadanik minartuak, are kixkailtzenagotzen dituela, arto hostoen eralat? Ago... zerbait errango denat. Zergatik beldurtu? Ez maite haunatala. Hori baino gehiago dun. Amodio xoilaren haraindiko muga herdoilduetan murgilduko litzatekeen adiskidetasun konkretuaz ari natzain. Ez hadila, munduko herabe ororen gibelean gorde. Adiskidantza dionat. Dutia eginen denat. Supermerkatuan, hi hindetorrelako, bi zitroin doratü erosi ditinat, nihaurk ez baitut dutia zitroin xerraz horniturik edateko ohiturarik. Ederra haiz... Gogoratzen ahal haiz, nola, argi iturri baten zehar, hire arpegi beltzarana ikusten genuen? Miresgarria hintzen. Geroztik, itxura magiko horrekin nabilan, hemengo karrika desolatuetan barna. Ederra haizela aitortzea, zilegitzen didan, agian, hik, bestela pentsa eta pentsaturikan ere. Bahekin, garai batean, hitarik gero hurbilago egoteko gutizia ninan, baina kantak dionez: hegoak ebaki banizkio nerea izango zen etzuen aldegingo baina horrela etzen gehiago txoria izango eta nik txoria nuen maite, orduan, libro uzten haut, libro uzten naunan bezala, adiskidantza handien eremu zelestiarretan hegan joateko, kontatzen duen gauz bakarra libertate kolektiboa delako, ez eta, aldizkari oparoetan, eredu moduan sublimitzen den norberaren gozamen imediatoa. Luze dun hortaz konbentzitzea, luz dun berdin konportamendu horren ikastea, bizitzen hastea. Dardjelin Himalaia. Indiako dutia ezarriko dinat katiluan, eta zenbait minutuz irakitzen ari miretsiko dinagu. Hire herrialde larrutua aipatzen didan, kazikismoa, paternalismoa, parasitismoa, klanismoa, alta, usu, hik nik bezala aditzen dun erraten, jeloskeria amiñi batekin, han uros bizi direla, eta menturatzen haizenean, ba, han langabezia dagola, gosete kulturala, exodio rurala, ihardesten dinate delako hautetsi famatuak, lau empresa guttienez eraiki dituela (diru publikoarekin), haserre amiltzen haiz. Lasai. Zer derasan? Ez diakine, zer den historiako orrialdeetarik kanporatua izatea, nahiago dine «nos ancêtres les gaulois» esprezionea erabiliz, egoera sinplifikatu. Gu, galtzaleak gaitun, gainera, ingurukoen bizimoduari egokitzen ez dakigulako, bietan galtzale. Zer axola. Dutia prest dagon. Produkziorako baizik ez dinagu balio. Zerbitzatzen denat. Sukrearekin ala sukrerik gabe? Loditzearen ikaran? Alta, ederra haiz. Ederra. Berrehun urte hauetan, hezi, manatu, normalizatu mutil kontsideratuen seme-alabak gaitun. Ederra. Begiak, batez ere. Orlegiak. Erneak. Oihan primitiboen antzeko basatasun aztarnekin. Begiak. Berdeak. Gustatzen ahal zain? Azkartxe? Ez baldin bada. Oroitzen naun, ongi, nola ziren arbolez, haritzez, estaliak gure lehenagoko lurrak. Soizan. Hire begien hondotik, haurtasuneraino noan. Hiru gerlek, bion herrialdeak errautsi zitiztenan, eta sortu gaituztenek ez zitenan jakin, gu denen asetetzeko, ogia beharrezkoa zela. Bakardadearen hormetan hautsiko naun. Zerga ordaintzaleen ignorentzian zapaldurik, atxiki zitiztenan, gobernatzeko hautatu zituzten politikoek. Xorta bat, oraino? Finitzeko dun. Dutia, okasione gozoetako daukeanat. Sukartsu senditzen naun. Negar zorian nagon. Non dago Mozart? Hire aitona mainguaz mintzo hatzait. Marinela izan zitekenan, hegoko itsasoetako pirata krudela, baina laborari xumea zunan. Nik ez dinat aitatxi-amatxirik ezagutu. Ene iraganaren mitologia, nihaurk osatu dinat, horregatik naun hain ameslari. Bixkotxik? Egia dun, garai batean, kontsiderazione zozio-anarkikoak bazterturik, nola erran, beno, desiratu dudala... enfin, desiratu hautala. Barkatu. Gaurkoan, ordez, husturik nagon. Indiferentziak, amodio arrunta baino urrunago eramaten nin. Noraino justu, ez dakinat. Deliratzen ari naun. Ixiltzeko manatzen didan. Ixilduko naun. Galde bat. Galde biluz bat: nahi duna adiskide gaitezen?... nahi duna kurutza ditzagun gure bi destinu xifrituak? Laguntza edonon aurkitzeko? Etengabe, eleka artzeko? Geroa planteatzeko? Nahi duna? ez... zergatik ez.
Urtemuga lehorraren kronika |