Urtemuga lehorraren kronika 1 Ekain ederra. Ederregia, menturaz, ura ere eskatzen hasi baitzen bazterretan. Kontseilu Generaleko teknokratek, oparoki finantziatu aintzira artifizialak agortzer zihoatzin. Alta, sosa ezarria izan zen, herriladea idortetik salbatu behar zuten proiektuetan. Martxoko hormetan zehar, ikus zitezkeen, bulldozer erraldoiak, lurrak sakonki zilatzen, kamioi mastodonteak, harrobietarik, harri gotorrak ekartzen. Denek, progrean, sinesten zuten. Kredituak bozkatzeko orduan notable lodikoteek zioten: ez duzue sekulan urik faltako... ontsa... bena euskal kultura? bost axola... arto kultura da gure biziarazlea... ontsa da, errepikatuz, ihardesten zuten, parasitismo ikaragarrian ihardun arazten zituzten laborari heziek. Hirietako jende gehienak, saltsatik atereak ziren pobre herrestek, nekazarien pasibitatea gutiesten zuten: laguntzen dituzte... nork? gobernamendukoek... begira, haurrak eskolatu nahi baldin badituzte, animaleko bekak ukaiten dituzte, zizare pikatzaleak... baina, unibertsitateetan, laborari haurrak, biziki hurri dira... Jaaainkoari esker. Ordea, susmo txarrez, ekain erditsutako jadanik, iturriak oro sekatuak ziren. Beldurra, sabeletan kokatu zen. Asperduraren lehen markak agertu zirenean, herabearen balentriak irriteko solasez gorde zitezkeen: rikarrain mozteko doia urik'e eztiuk... ze nahul... hola'uk bizia! beharrik anua badiuk, gure minen goxatzeko... Eta bete zatak, baso hori... zioten beren artean, euriaren zain. Eskuak, maiz, txapeletaraino altxatzen zituzten, biloetan erhiak pasatuz, zorri famili nahasi batek kaskua squatatzen baliroten gisara, eguzki errearen zauriak barnatzenagotzeko. Aratsetan, irratietan eta telebista erregionaletan, beti lelo berak aditzen zituzten notableen ahotik, antizi-klonearen posizionearen berri jakin ondoan: ez ziztela inketa, europako hauteskundeetan guretako bozkatzen baldin ba duzue, ura, ura, ura... Laborari xumeek, sustut, deputatu aberatsetan, konfientxia atxikitzea bortxazko eginbidea zuten, sistemak miliunka sustengatzen zuena, asto horiek, orain arte nola, merke eta ausarki produzitzen segitzeko. Ez ote zen delako agrikulturra, l'or vert de la Franza? Paris XIIIko postetako funtzionario batek ezuen onhartuko, bere afariko steaka 20 libera pagatzea, nekazari konkortuaren lana ez ordainduz, 5 liberatan ukaiten ahal baldin bazuen. Eta justizi zoziala? Artoak oraindik berdetasunaren hildoan, erroetarik horitzen ari ziren. Hostoak, banan bana, eki gorakoiak, emeki kixkaltzen zituen. Ondo arin batzuren puntan, ikatz punpulak sortzen zihoatzin. Eguerdiko sapa pizuak, bizkarrak plega arazten zituen, mihiak toteltzen, zainak korpilatzen: nok paatuko tu ene enpruntak? uharnoa'at beden in baleza... Idortearen eritasuna. Auzo herrian, dagoeneko lau xaharrek mundua, bapatean, supituki, utzi zuten. Ezin junta etikoa egin, etorriko zen lantzurdarekin. Agortearekin nabari zen, zoza nonbait faltako zela: ba, Txaloteian'e behi esnauna juan duk... easia iile'at ba... langile'at'e... uste'uka... gerlari ohia zian... ba zitian, omen, hiru gerla inik, Frantziaren zerbitzuko... presuner eona... gaitzeko pentsionia bazikean... nik eztiat zantza'ik ukan... erreformatu nie... iziiarrikeria'uk. Berri bitxiak hedatu ziren, kantonamenduko plazetan. Martxutako etxeko nausi urgulutsu batek, beroaren eraginez, zainek harturik, turnebis batekin, bere 4rumotrizetako Renault traturra, desmuntatu zuen, igandez, eta piezak oro, Bilduze ibaiara aurdiki zituen, haserrez. Heriotzaren eta erotasunaren arte landerosean, ez zegoen hautatzerik. Txori arraroek, zeruaren geldotasuna larrutzen zuten. Hegalak mugitu gabe zebiltzen airean, sorte txarra herrien gainera, ixuri nahiko balute bezala. Haurrek behatzaz erakusten zituzten: soizan, ama! ehadila no-ka ar amari... ze txori bikaina! au'xilik... rudelafortunari so naok... Bi zablakorekin, haurra, borta aintzinera bazoan, hegaztin erraldoi, xuri eta beltzari begira egoteko, errauts minduko lurrean, langarra amestuen ttantta xifrituak, marrazten zituen bitartean. Memoria kudeatzen zuten hormonen derreglamenduak, arras ondorio grabeak zeuzkan, batez ere informazionearekiko harremanetan. Jeloskeria molde bat, hedatzen ari zen, inguruetan. Adibidez, jakin zenean, Sahelen bi millimetro ur erori zirela, eta honekin, sedentarizatu Tuareg familiek, urteko janari produkzionea segurta zezaketela: beti're, behar ezten lekian euri'ten dik... gure gaizo artuak. Edo hildo berdinetik jarraituz, telebista nazionalak, Parisko periferikoko zirkulazio arazoak erakusteaz eta, Felice antzerkilariaren Ophelie obraz laudoriotan galtzeaz gain, Texasko animaleko uholdeen itxurak erakutsi zituztenean, etxeak lurrean, berrehun kilometro oreneko haizeak aipatzean, komentario inbidiatsuak adi zitezkeen: amikano hoik bestenaz... gizonak tu io. Gutiziak exazerbatuz, menperatzen baita jendetza xehea.
Urtemuga lehorraren kronika |