Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—19—

 

        Kartoineko Letizia biziki xarmanta zen, bere ezkont arropa ekran, guzien gostuko, panpina bat ematen zuen, batez ere, buru borrobil engainagarri hura eguzkialdera itzulikatzen zuenean. Hamasei urtetan, bepeze'a hutseginik, sehi joan zen; nehork ez zekien xuxen, Lurdesen, zenbat sasoin pasturik, Motzorrenera, ikaragarriko dotea zekarrelako omen ixila hedatu zen, herrian: eskuz azpildu mihiseak, satinezko mantarrak, Indiako oihalik legunenean moztu mokanes, külota eta zaiazpiko fantaisista brodatuak. Auzoek, ez zioten besterik:

        — bost urte hotan, miliunak metatuik...

        — denen beharra ukan txie, Motzorrenian'e.

        — zazpi urte elgarrekin bizi ziela...

        — bakia'maxu... garbiki seurik iili txu...

        — baakixu... uai... pilula're bauxu...

        — xaude ixilik... bekatu'uxu hoi.

        — alo... Maialen, moderna izan xite...

        Mantalet ilunen gibelean, amidonez usantsu, ezteiak arraro baitira eskualde hauetan, gordetzen zituzten irriak, eta gauza debekatuak aipatzeak sortzen dituen, ahalgezko matel gorriak. Egia zen, bost urte luzeetan, Letizia, lanean arizana zen, beltza bezala, emazte planttakoa bilakatzeko; ez Izozterreko neska mukuzu haiek bezala eskolatzen, alferkerian, hirietako karrika zikinetan, bastart hazten. Letizia, orkeztrak, Parisko java bati, hasera ematen zionean, orangina biren inguruan bilduak ziren atsoen sahetsetik pasatu zen. Beldurrik gabe, orden moralaren transmititzale onhartuek, interpelatu zuten:

        — haurrak'e ukain tutzie menturaz...

        — ba... bana ez oono... gioxao...

        — arrazuna'uzie, josta zizte gazte zizteno...

        — izenak hautatiak tutzie?

        — bai, ttantta Maialen: etxiu besteik aipatzen...

        — eta nolako izenak?

        — neskaindako: Prizilia, eta mutikuaindako: Gerard...

        — o la la... ze gauza pullitak... bazautxia xuri: Izozterreko gehienak, bere seme naturala karkazailak— HARITZ deitu'ixi... Zendako ez: KARAKOIL edo ZIZARE...

        Eskualdun izenak haurrer eskaintzen zituzten, gazte enbatazikinetaz trufa larrika segitu zuten, beren zokoan, etxie bateiatzen'e gehio! ulalaka eta «jinko maitia»ka.

        Motzorreneko nausi gaztea, hiru piezako kostuma gris hertsiegian, gizonekin zegoen, rikar basoa eskuan, amini bat beroturik. Auzoek, mahain batean bildurik, kakahuetak hurriki ahoratzean, rikar kluka bat tartekatuz, Kaxtonen aberastasunak aztertzen zituzten:

        — baik animaleko xantza: 'kusi tuzka tien behi esnaunak?

        — ba... berroita hamar betruin... eta errapiak!

        — gaitzekuak... lurrian herrestan...

        — entzun diat behiak beak kexu tiela: gieleko zanguekin errapiak lehertzen tie, alhaat eta juatian, eta... gio, mamitak harrapatzen tie... doaike.

        — hilaate guziez, hale, kalite A'ik e...

        Hotelaren parrean hedatzen zen pentzeraino luzatu zituzten begiak, amets betean, eguzkiak erre belar zohailak, orlegi zekuskizten. Zaharrenak, oihu kankail bat botatu zuen:

        — errak Kaxton, earri'ituk...

        Kaxtonek, arras trebeki, erabiltzen zuen, «espainiatik» kontrabandan ekarri rikar botoila. Solasak, pixkat, seriostu ziren:

        — zezena're, famatia'ik... Paiseko laborantza feiran primatia, ian urtian...

        — bi tona zitzi...

        — Battitari entzuna dakoiat; kaalak estala'aazten tielaik, behiak eortzen zazkok; batik deia biga hola, lau besoak hautsiik, karrizeurrari despeitiak, kitoik...

        — pizuxe... pizuxe... gaizua.

        — Letiziaikin etzakok holakoik gertatuko...

        — Kaxton eztuk Magic gio

        Gaxuxa, gizonen algara gordinen artean, ezkonberriari hurbildu zitzaion, eta ukamilatik lotu:

        — arrunt gizondu'iz Kaxton...

        — gizendu ba...

erantsi zuen, Tapieneko Mayi mihi luxeak. Bildu emazte adindu, zohitu taldeak kontseilu on zenbait ematen zizkion, urguluz hantu Kaxtoni:

        — atxik'ak gio... Letizia hoi, hirian usatia'uk... noiztenka larderialdi hun batzu emazkok...

        — etxitela inketa Mayi, easia batzu goitibeheiti, meneko'ixit.

        Pettan, zurgin osoki mozkortuak, hitzaren joria ezin kontrolatuz atera zuen:

        — etzakala auzoko saldik jastatzen utz...

        Irriak. Leherrinak ziren denak. Letiziaren ipurdi oparoaren frutu ukakor bezain gordeetan, ametsetan:

        — eztei ederrak...

        — hori bai... eztei ederrak!

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa