Urtemuga lehorraren kronika 2 «Préserver notre identité de français. Nous ne voulons pas perdre notre identité dont nous sommes fiers. Nous voulons vivre comme des français en Europe, fidèles à nos valeurs, et désireux de progresser avec nos partenaires». V.G.E. ex'a, dixit. Igandeko mezatik landa, denak udaletxe arraberritura joan ziren tropaka, beren eginbide sekretuak betetzeko. Masturbazio elektorala. Egia erran, europako hauteskundeek ez zituzten bazterrak sobera inharrosi, ez agian azken herri kontseiluak aukeratzeko bezainbat. Orduan, lista abertzaleak ere aurkeztu zituzten potretik gabeko gazte mukuzu batzuk. Zertarako? bena, bena, eskuara etxen ikastea aski'uk... eskolan: bena, bena eztik balio, gaizo putikoa... naat abian hiz hi, astua hiza?... lana herrian? bena bena eztuk lekuik denendako... juatiak hun iten dik, gaizo putikoa, eztik balio... nik aitortzian eztiela balio, seur izan hadi eztiela balio... eta zerk balio du? emazte bat hatzemak... ba zuk bezala...'mazte ferkusona... Zaharrak, karlos erreak, basoa arno mikatzez betetzen zuen haserrez, gazteak oro horrelakoak behintzat, eta hortan Pasquarekin ados zen, presondegi ilun batean kartzelatu behar zirela pentsatuz. Bigarren tragoan, oroitu zen, goizean planttan bozkatu zuela, «xuri» alabaina. Ez ote zituzten «xuriek» subvenzioneak ausarki emaiten, ziotenez, aski jabedunak zirelakoan, «beren sakolatik»? Meriako atean, frantses bandera dilindan zegoen, gogortu nahi ez duen sexu malgoaren gisara. Egun hartan ere, euskal herria, eme frustratuen eralat oheratuko zen, atsegin politikorik sekulan ezagutu gabe. Udaletxera hurbiltzen zirenak, arrailerietan lehertzen ziren: badea ono bozka paperik? ba, ba'uk, bena Giscarrenak etxetik ekazkik, agortiak tuk... berri hunak beaz... ba... ba... betruinak ezartzen ahalko tiuk aise, aiko zaukuk Giscard deizten... eta quotak? holako langile batekin eztiuk hirriskurik...
Urtemuga lehorraren kronika |