Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—23—

 

        Donapauleko karriketan, Xarlex, urrats handika zihoan. Udaberri ederrean, jadanik ageri zen, zeruak goizetan zuen argitasun mingarrian, eguzkiaren uztailako odiseo errekaria. Pentsa litekeen bezala, Xarlex, kexu zen, eta sistema osoa hastiro zuen. Alabaina, hogei bildots fresko, entrealeko, ekarri zituen, merkatuan saltzeko, eta 12tan despeitu. Aintzineko ostiral euritsuan, bost bakarrik zeuzkan, denak ere, 19tan igorriak. Kontent zen, asko, orduan. Negar gogoa senditzen zuen, gaurkoan, kaleko altxabotzek, kraskaka, Michel Etcheverryren kanta bat zeramatenean:

 

                Qu'elle est longue, longue, longue

                la route d'Helette

                qu'elle est longue, longue, longue

                longue à mes souliers

                la route de Helette à Saint Palais,

 

eta, abeslariaren abots sukratu melekaren airostasun faltsua, madarikatzen zuen, Xarlexek, ezpainartean, marmarikatuz:

        — aski'uk autoa hartzia, bestek bezala, asto zikina!

        Ezkinetako magasin aberatsen berinak hausteko zorian zegoen.

        Zer uste zuten bada? Jantzi beltzez beztitu makiniun edo tratulantek, makila eskuan zeukatelako, deretxo guziak beren alde zituztela, ala? Halako bildots samurrak, norbaitek estimatuko zituzkeen ba, mahain on baten inguruan. Xarlex sosa galtzen ari zen. Oroitu zen, tratulant garaztar delakoaren hitz-jori maltzurraz:

        — soixaxu...12tan hartzen dauzkixut... gehiotan ez.

        — bena... ematazu 19, ian asteko maneran.

        — astua xirea... mehiak txu xure bildotsak!

        — ze mehiak tiela? Hunkizkitzu...

        — ale...12 edo uzten txit.

        Xarlexek buneta, zaintsuki, ausiki zuen:

        — mentsa xirea... ze'in dautxu bunet horrek?

        — zu jo beharrean...

        — ekaazkitxu kamiuneat.

        Hiru hilabeteko lana, solas determinatu anodinoen ondorioz, mespreziatzen ziotelako sendimenduarekin, bildotsak, tratulantaren aparkalekura eraman zituen. Konturatu zen, tratulantaren mutilak egin zionean, animaleko urrezko xevalier bat, zeramala, esku ezkerreko hirugarren erian:

        — gure izerdia xurgatzearen sari... aitak ikusiko banindu... alta ez nitien etxeat emain... debaldetan asetzeko... sasoina finitu'ta... fini da gero...

        Beldurtua zen, eta, karriketan barna, kezkati, zohan.

        Tarroeneko Pierro kurutzatu zuen, Kolegioko ostatuaren atarrian, eta solasean hasi ziren, biak:

        — alo, Xarlex, heldu'iza kafe'aten hartzeat?

        — ez, eztiat denboraik...

        — haui, haui... bildostsak saldu'tuzka?

        — ba... ba... saldu tiat ba...

        — nik 24 in diat.

        — 24?

        — ba... ze nahu'k martxandiza huna!

        Xarlexek, ez zuen bere katastrofearen berririk salatu, baina iduritu zitzaion, parteka, auzoko laborariak, gezurka ari zitzaizkiola, bera airunt enultzat hartzeko. Lasterrago ibiltzen zen. Liburutegiaren aintzinetik iragaitean, bi ama-alaba eleka, goraki, aditu zituen:

        — ba... nik sosa emain dautxut... ta, zugigainetik aurdik!

        — hogoita hamar arrotze dotzenak?

        — ba ..ze'in behau'xu etxen hoikin?

        — moletan jain txiu...

        — beti arrotzian... asiak gitxu.

        Ama alabari so gelditu zitzaiola, ohartu zen Xarlex, eta ama konkortuak, hitz bakar batekin buklatu zuen dialogoa:

        — haur guastatiak... hastielak zizte... ageri'uzie eztuziela gerlaik ezautu.

        — eta aitain xamangua?

        Xarlexen bildotsak ere freskoak, ederrak, trendiak ziren, goxoak, baina merke, sobera merke saldu zituen, bere balentriaz espantutan jartzeko. Karrikako komertzanteen altxabotz funtzionalak, beste kanturen bat bidaltzen zuen, oraindik hurri ziren turisten balakatzeko:

 

                calme-toi mon pays

                tu n'es pas fait pour la violenc

                calme-tai mon pays

                tu n'es pas fait pour la souffrance,

 

        — alu zikina... au'xilik beden, marmarikatu zuen.

        — eta, ene bildotsak, 12tan utziik... bazauka hiri, kantari urgulutsu... calme-toi mon pays... bakia'mak... nork kalmatzen ahal tu nitien bildots ederrak? ze'inen dut?... astua... bunba'at ba dener...

        Menturaz, aho xifritutik, bunba hitza goraxko atera zitzaion, Donapauleko bi gendarma so zegozkiolako, bitxiki, terrorista haluzinatu bat bailitzan. Lehen tabernan kokatu zen, presaka, xopina formala manatzeko.

        Calme-toi mon pays...

        — mozkortu behar nauk...

        Calme-toi mon pays...

        — gaitzekua.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa