Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—21—

 

        Hilotza, bere azken bidaiako jantzirik eta garbiturik, ohean luzaturik zen, usaian baino argalago. Etzan lekuaren ertzean, ageri zitekeen, tradizione zaharren segidan, ur benedikatu ontzia, erramuarekin. Gizon hil berria, gizon handia izana bide zen: herriko ostatuak ekümatu gabe, sekulan mozkortu gabe, arrailtzen bazekielako, denbora berean, emaztea zein kabalak ederki erasiaz, larderiaz itotzen.

        Egia erran, oxigeno eskasez, haragiak dagoeneko, sakramenduzko ubel kolorea hartzen ari zuen, itsuski. Jainkoaren presentzia susmatzen zitzaion, ustelduraren bidean. Ala alkoholaren eragina? Katixa, alargun lasaiak zioen bezala, ondar momenturarte, urez moztu etxeko ardo mikatzetik, edaten zuen, baso erdika. Gibela, mendi harri koxkorra bezain gogorra omen zuela ere, salatu zukeen Katixak.

        Zurezko ohean, lotan zirudien Battittak. Betiereko loan, noski. Tauledenuitaren gainean, plastikozko lore buketa bat zegoen, kristalean zizelkatu potian, eta gizonaren papoan, hunkigarriki estekatuak ziren esku tartean, kunder pare ederra. Lehen auzoko etxeko nausiak, plazatik, 4Lian ekarri kurutze pizua, hor zen, berdinki, purgatorioko kondaketaren xendra garratzaren seinale. Halatan, hilaren arimak, konbatantearen parkurra egin beharko zuen, paradisura heltzeko. Bateiatu aintzin zentzen ziren haurrek baizik ez zuten, ibilaldi hortan galtzeko eskubiderik, liboetara joaten zirelako diretuki.

        Ixiltasunik erraldoienean, ezagunak, ezkaratz-erakustokitik gela ilunera, iragaiten ziren, otoitzak marmarikatzeko, GURE AITA zenbait agian, EMAGUZU GAUR GURE EGUNEROKO OGIA, edo ZURE SABELEKO FRUTUA JESUS, nahiz eta oraino, LORIAPATRIEFILIOESPIRITUSANTO batzuk... Aitaren, semiaren... izenian, amen, ahozkaturik, gero sukalderatzen ziren, martxoko aro hotzak gomendatzen zuen, kafe beroaren edateko. Orduan, mihiak lazatzen ziren, heriotzaren astuna, piskat, ganbera desertatuan, mugaturik balego bazela. Galderak:

        — nola gertatu da?

        — ba, gu ohartu gabean juan da, goiz huntan... ardi deizten ginelaik.

        — etzen eri alta...

        — zahartua zen... arrunt hautsia, azken operazioneaz geroztik...

        — a bai... oroitzen niz: klinikatik eskapatu baitzen...

        — ze nahu'uzu... adin batetaat heldu'ta... Mihiak, berriro, koropilatzen ziren.

        Laster, ordea, elasturi blokeatuak, eguneroko gaietara bihurtzen ziren: bezperako ihausteria, euriteak, bildotsak, behi esnadunak, merkatuko gorabeherak, Kapeteiko laugarren haurraren sortzea,... animazione lasaia hedatzen zen, sukaldean, Katixaren inguruan. Bixkotxak mahaineratzean, berak ere, solasetan, gatza jartzen zuen. Mintzo ziren bitartean, hilaren etxeko oparotasuna miresten zuten: gazinierra, ezkin kuadratuzko telebixta, eta magnetoskopa. Menturaz, hor zeuden guziek, pentsu berdinaz, betetzen zuten gogoa:

        — Battittaren zahartasunak pagatiak...

baina politeziaren heziketak ahoak zerratu zituen.

        Gilo, martxo erditsu hartan, Parisko laborantxa ferian ibilia zen, krediagrikolaren bidaiagentziaren laguntzarekin. Interesa monopolizatu zuen, eta gehienek, sahetseko gelan zegoen hilotza ahantzi zuten:

        — ikaraarria zian... bazitian animaleko betruinak 120 000 pintakoak... eta traturrak, zien barrukia bezain handiak... jendea mukurru... bena ederrena Folies Bergèrestan ukan ginian...

        — ze... emaztiak buluziik'kusi tutzie?

        — ba, errak... urriza galantak... ixter graziosekin, eta titiak... Holako batzu baintu etxian, ez ginikek enoatzeik...

        — hobe ginikek beste zeitetaz artzia... hila ondoan diuk, moztu zuen, abilagorena.

        — halako urrizak...

        — hila ba'uk hemen...

        — ixter graziosak...

        — au'xilik gizuna...

        — eta titiak...

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa