Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—15—

 

        Askorentzat mundua, eta bizitza ainitzez sinpleagoan joango litzateke, emazterik ez balego, edo behintzat, Eba bekatoros originalaren alaba ordeak, joko zozialean sartzen ez balira. Lurra lur denetik, idazkin paketa bat atera da, gai horri buruz. Halatan, azken hamarkadetan, emazteen askapenerako mugimenduak hedatzen hasi ondoan, orain, agertzen da, arras serioski, haize bolada kontrakoa: emeek, etxean beharra dute, omen; ministeritzarik ere ez dute. Egia erran, sistemak, konfiantxarik ez dio ematen, lanean zein kultur arloetan. Funtsean, emaztearen gainean, gauz gutti egin diteke, non ez den larrua jotzea. Horrela labur dezakegu, gaurko ideologia.

        Orohar, edoein boteretan finkatua den gizon batentzat, emaztea da xoilik, marginalizazione eta podere iturri, bata bestearen atzetik. Esplika gaitezen, adibide baten bitartez: ardura ikusten ditugu, mutiko gazteak, beren etorkiko gizartea, emazte batekin (noski) biziaz, desafiatzen, eta gero, lagunak haur bat nahi duela konbentziturik daudelarik —ulerkuntza, amodioa ala paternalismoa?— harekin, ospe handitan, merian eta elizan, ezkontzen. Ridikuloak. Emazteak non dauka hitza? Ez du haurrik edukitzen ahal gizonaren baiezpenik gabe. Gizarteak hori, «desir amankomuna» deitzen du, baina segur izan gaitezen, desira komuna baldin bada, ez dela osoki sinkronikoa. Azkenean, sistemak, dena sinkronizatzen du, zoriona bilatzearen izenean.

        Zozietate merdikoa kritikatzen urrunago segi-tuz, erantsiko dugu, lanaren munduan, edozein nagusik, mutiko erdi-formatu baten edo neska ongi esperimentatu baten artean aukera baldin badu, mutikoa hautatuko duela, berantago formatuko duelako aitzakiarekin. Eta, gertatzen delako oraino, neska hartua badago, nagusiak, beti soldata ttikiagoaz ordaintzeko estakuru frango atzemanen ditu: produkzione hurriagoa duela, haurrak eritzen zaizkion garaietan, gehiegi hutsegiten duela, zer nahi arrazoin. Nagusigoek, ondarrik emazteak laneko ez dituzte laket, haurdun geratzeko harriskua daukatelako. Alta, legea bestelakoa da.

        Orduan, emazteak, sukaldearen, erosketen, telebixtako programen, habiak garbitzearen, haur zaintzearen eta oheko bagatelaren eremuan kokatuak dira berriro. Erreklamek, postaz eskuratu modako katalogoek, emazteendako moldatu aldizkari koloretsuek gozotzen dituzte. Gehiago dena, lehenagoko feministen ondorengorik ez da kaleratzen; dirudienez guziek, gizonek noski, eta emeek berek, egoera hori normaltzat jotzen dute. Atsegina izan, atsegina har ere (noiztenka edo sekulan), ixilik egon: eredu ederrena. Egia da berdinki, feministen mugimendua osoki integratua, eta halatan desbalorizatua dela, gure bihotzak gobernatzen dituzten massmedietako erretoreen partetik. Feminista tipikoaz, probintzial edo nekazari tipikoaz bezalaxe, publiko zabalerako —gohaingarria dena— komediak idazten dira. Mexprexuaren marka gordinak.

        Begira, bukatzeko, duela zenbait urte, emazte askok, euskal herrian, liburu interesanteak publikatzen zituzten. Iduri du, urrezko garai haiek finituak direla. Zenbatek dute, oraindik, jarraitzen, eta zer nolako funtsik gabeko anonimatoan. Ahalgegarria.., Behin, Laura Mintegik eta Arantxa Urretabizkaiak bana nobela argitara zuten. Euskal literatur kritikan, gizon bihi batek jasan ez zituen aipamen gogorrak, zinikoak, bidegabekoak, jaso zituzten. Literatura baizik ez da, baina literaturak bere heinean, gizartearen konportamendu sakonak isladatzen ditu. Horretan diogu, euskal herrian ere, orokorki, posmoderniaren postura, posmodernia matxista beraz indibidualista delakoan, hedatu dela, ondar dekadetan.

        Posmodernia es una mierda.

        Munduko emakumeak dirty boulevardetan.

        Beti nahiagoko dut nere kopinekin festara joan.

        Amen izenean.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa