Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—20—

 

        Jadanik, erran dugun bezala, ilunean idazten dugunean, hitzik gabeko herria gara; historian ez dago lekurik guretako, non ez den bentzutuen orrialde odolez kolorestatuetan, eta mututasunak lehertzen gaitu. Tabakoa finitzen delako frustazione berdinean gabiltza, menderik mende. Sistemak, erakatsi digu, ttikitandik, badirela.Herriak apaldu behar dutenak, bortxaz, gerlaz, estado handien aztapar zorrotzetan amiltzeko, hauen zuzentasuna, egokitasun kosmikoaren edo arrazoinaren frogatzeko.

        Umetarik amen sabeletik, ahoezpainetan, nahiz geroxeago ikasirik, dakargun elea, zoroen, inkontzientzi kolektiboaren une zokoratuen, gaizki hezien, edo gaurko saltsa mikatzean irentsirik, «terroristen» elea da... ingurumena, biderkatu zapalkuntza zaharraren solasak, sakonki barneratu ereduen arabera, esprimitzen dugulako. Hausten gaituen erakundeak, zinez demokratika dela-koan, ez ditu gure auhenak jakin gogo, nik dakita zein tribunal gorenen jujamenduaren beldurrez, horregatik euskara baztertzen, ahultzen, parasito bihur arazten dute, horregatik langabetzen gaituzte, horregatik diote, gu, gaixtoak garela, eta erhiz erakusten ere, aurretik kon-bentzitua dagon opinione publikoari, gorrotoaren bazka saritzat. GALeko hiltzaleen garaian, errez ikusi dugu, prentsa nazionaleko hostoetan, euskaldun baten bizitzak guti balio zuela, euskalduntasunarekin zerbait sinpatia aurkitzen baldin bazen. Ordea, bitima inoxenteak izan dira, barkatu aipatzeagatik, adibidez, Bidarraiko atentatuan zendu zen neska paristarraren kasuan (ik. orduko France-Soir'en tituluak). Guretako, ondorioz, heriotza normala da, berrehun urte hiltzen ari garen neurrian. Zein da gizarte merdiko hau, populu baten aurkako soluzione finala, bakean, onhartzen duena?

        Euskaldunaren estereotipoak, aldaketa handiak ezagutu ditu, betidanik. Konkistadore bihi batek ez du, soberarik, maite ukan, gure arbasoen kurutzatzea: ez erromatarrek, ez frankoek, ez eta europear pelegrinoek; agian, inglesek bai. Baina, inglesekilakoa, Akitanian izan zen, Parisko boterearen kontrako batasun, aliantza taktiko bat, interes beren inguruan. 1789az geroz, XIX. mendeko sasijakintsunek euskaldunak, aztertu, analisatu, kuadratu, normal-normatu, errevoluzionearen baloreetara plegatu ondoan, kapitaleko ostatuetan, hoteletan, etxe burgesetan, trintxerretan, Stalag IV Beetan, astoaren, irrigin arazlearen, itsuki langilearen, ridikuloki fededunaren fama eduki du, gure iragan hurbileko jendetzak. Aintzinean, gehienak beldur ziren euskal herriko «abere basatietaz»; ondotik, harmez bestelako indar kulturalaz («L'Esprit des Lumières») garraiturik, beraz garbiki, euskaldunetaz aise burlatzen zen, Luis Mariano ararteko bezala.

        Bitxiki, gure errebendikazionea, elitetan, elizetako buruetan gelditu denean, notable euskalzaleen zirkulo hertsian orohar, erdal sistemak mogimendua positibotzat jotzen zuen. Frantses estadoko unibertsitate eder eta abilenetan hezi ikerlariz bete zen gure herria, ameriketatik ere etor zitezkeen, euskal odolak zekarzkien berezitasunak argitara emateko (hauxe pitokeria!), kaskohezurren izartzeko, arraza baskoidaren elementuak zurkaitz egiteko; hizkuntzaz «depuis la nuit des temps», liburu mardulak publikatzen ziren, eta «euskaltzaleen biltzarreko» matronek «gazteendako», primaketak antolatzen zituzten, eskoletan.

        Jende tropa diplomatu horrek, ondarrean, euskaldunaren estereotipo sumatua, zientifikoki finkatzenagotzen zuen; azkartzenagotzen zuen; gure herria, XX. mendeko aparkalekuan jartzen zuten, errealizazione konkreturik gabe, non ez ziren, antzerki zapartirringarriak, populua kontsolatzeko eta hein berean, kontrolatzeko, estado frantsesak zilegitu orden moral barnekoiaren hildotik. Halatan, klase zozial manatzaleak, produzitu du, gizartearen elementu marginalak, Jainkoaren izenean beti, trufagai bilakatzen zituen kultura onhartu bat, gure egunetan, oraindik funtzionatzen duena: atsoak, laborariak, ama bakartiak, homosexualak, karlosak, herritik lanketa doatzinak, frantsesa ikasirik itzultzen direnak, mozkortiak, trufagai. Noski, apezak, auzapezak, notableak ere, noiztenka kilikatzen dira, baina hori, zapalkuntza materializatzen dutenen artekoen seinale konplize omoretsua diteke.

        Eraikiketa fermuen epoka iritxi zenean, ikastola: herri eskolak mundua maiatzak usantzen zuenean, egoera aldatu zen, eta lehen poliziak agertu ziren karriketan. Denak harritzen ziren, matrakaz jotzen zutenean. Oraingoan, gutigorabehera, euskal herriko famili gehienak «kontaminatuak» daudenean, ongi da, eta borroka estadoaren aurkakoa bihurtua denean, nehor ez da estonatzen, manifestaldi baten ondotik zaurituak, zanpatuak, arrestatuak, inkulpatuak zerrendatzen direnean; errepresioneak, berdinki, normaltasun mail bat lortu du. Gerla egiten digute, beren «izpiritu ireki» haren izenean, hitz horrek guretako, amnesia zein barbaritatearekiko dozilitatea, erran nahi duelarik.

        Baina gure erasoak, estadoaren kontrakoan baizik ez badira geratzen, betiko KRATAK zerbituko lituzkeen autonomi politiko hertsia ardiesten baldin bada, euskalduntasuna espektakularrean, hau da martirioen bidean, kartzeletan, bonba goizegi zartatuaren haragi errearen usainean, abertzalismo aisetaren profeten ahoz, kostalde «eboluatu» eta barnekalde «nekezal» batean banaturikoan, euskaldun izatearen satisfazione ekonomiko-pertsonalean, ohorean, ekzepzionean kokaturik baldin badago, uste dugu, hobe dugula, zinez, lurraren azaletik desagertzea. Alabaina, zer da leienda baten balioa, apiril ondarrean, artoak ereiten dituenaren ordutegi astunaren aldean? Zer da pastoral hagiografiko baten balioa, langabezian dagon nor anonimoaren angustiaren aldean? Zer da saltzen den literatura konbentzionalaren balioa, bere buruaz beste egitera doanaren tragediaren aldean? Zer da «denak anai gara» hitzaren konsensus kargaren balioa, festa orotan, sistema biren bortizkeria ezin jasanez, edo ezin ezkonduz dabilan neska zein mutilaren mozkorraldi ankerraren aldean? Zer da euskara sofistikatu, aberats baten balioa, igandero Baionan, lanerako treina hartzen duenaren pasibotasunaren aldean? Abertzale zintzoak, ez ditu eskuak, munduko kaka honetan, zikintzen. Ikuspondu hontarik, gure gizartea, osoki kobardea da.

        Gure lotsa, gure ahalgea, gure errenditzea.

        THIS LAND MUST CHANGE OR LAND MUST BURN.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa