Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—6—

 

        Euskal prolema ainitz aipatua denez geroztik, Pariseko ministroak ardura desplazatzen dira gure herrietara, alde batetik erakusteko, axola gutti duten arren, arta pixkat dutela, eskapatzera utzi nahi ez duketen lur honetaz, eta bestetik, agian, agertzen dute, beldurti hutsak ez direla. Menturaz, gisa hortako pentsu sakonekin jin zen, Donapauleraino, Barne minixtroa, ostiral goiz batez.

        Jendeak, usaian bezala, autoak poallaz, baratzekinez, gasnaz, bildotsez, urde ahardi antzuz beterik zetozen merkatura. Bero galanta hitzemaiten zuen, aurorako eguzki jadanik errekariak. Ortzaizak urre kolore ziren, eta dagoeneko txoriak, beren egunsentiko kantu airosak abandonaturik, ixilduak ziren. Zinez, ostiral dorpea izanen zitekeen.

        Garruzeko bidekurutzean, kaxketadunak zeuden. Orduan, denak gogoratzen ziren, zerriko zintzurra ez zutela estekatua, aintzineko errotak arrunt legunduak zituztela aspalditik, eta nortasun agiriarekin permisa etxean ahantzia zutela. Amanda gai. Baten batek asmatuko zukeen, flikak plantan zeudela, balinaurkako paltoekin, bezperako atentatuaren ondorioz. Baina nehork deusik ez zekien. Donapaulera heltzerakoan, komeria berdina. Jendeak harriuak ziren:

        — fe pafatzen da...

        — noait arrestatuko die...

        — ah... bunbak fartzen tuften gafte mukufu hetaik?

        — doaike...

        Karriketan zebilen, tripa erraldoia urguluz eskainiz, botere publikotasunaren markaz, eskualdeko kontseilu generala, bera ere lau ardi zaharrekin etorria, jendearen informatzeko. Maite zuen, noiztenka, populuan urtzea:

        — ez... ez, ministroa heldu zaukuk...

        — ze ministro eta ze debru?

        — barne ministroa...

        — debriasarbalakio...

        Laborariek zukatzen zituzten, errespetua seinalatzeko, beren izerdiaz hazten ziren hautetsi putrifikatuak. Egia erran, ustel usaina zerioten xumeren bati, eskua hedatzen zutenero.

        Goizeko hamarrak aldera, eguzkiak jotzen zuelarik, hogei bat polizi eta armadako kamioi urdin zein kaki (kaka) iragan ziren, krediagrikolaren aurretik. Erdiko furgoi blindatu batean barne ministroa zegoelako zurrumurrua zabaldu zen. Ostatuetan jarririk zegoen jendeak, arras arin egin zituen komentarioak:

        — eztie kurairik gaurko ministroek...

        — erraxu Maitexa, kaaxu pinterdi bat guetako...

        — mehexiko zian hale tiro'aten ukaitia...

        — irrinen gintxin ordian...

        — larderialdino'at beden...

        — ba... beharrondokaoat...

        Bitartean, Donapaleko karriketan, gendarmak ikustean, autoek nola maneia ez zekiten: prioritatea har ala utz? ezker joan ala eskuin? eskubiderik gabe karrika trebeskatzen zuen emaztea leher ala ez?... Animaleko kakofonia sortu zuen ministroaren bisitak:

        — Lur Berri bisitatu omen dik...

        — beti handikiekin...

        — arren Manex beste zeit eanen duk...

        — ba... etzakiat to, Gaxuxa zain dikeat; gaitzeko itzulia in beharko diat, hedexuriak bidean ez kuutzatzeko... traturrian jina gituk...

        — alo Manex ehiz hola juain...

        — girofarrik eztiat ono... barkazak baniak...

        — asto horrek eun jin behar zian...

        — hik errak to...

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa