Urtemuga lehorraren kronika 7 Lur beltza ondoratu, oraino... Bitxiki, liliak ureztatzen ari naizenero, burua, pentsamendu zikoitzetan galdurik daukat... Aistrika honen usaina... Aitak ez... Zuen nahi, ezkont nendin, ama hil zitzaigunean, nere... Zortzi haurrideen hasteko nintzela, erran zidan, behin... Hosto batzuk, bildu behar nituzke, sarriko tisanarendako... Omen ona da, zainen jabaltzeko... Alta, hogei urte nituelarik, gizongai planttako batekin ibiltzen nintzen... Frantxua, zuen izena... Ogi joitetarik, etxeratzen ginenean, bide nabarretan barna, aratsa eta bihotzak, biak, sutan zeudelarik, hitz kokinez, ederki balakatzen ninduen... Egun ere, bero egiten du, orduan bezala, ordea... Bero diferenta da: hil hurran daudenen bero thepoa... Burupil hau... Honek ura eskatzen du... Loreen erdian desagertuko naiz, fitexko. Gero, familia osoa bareiatu zen... Badakizu, lau mutikoetarik bi apeztu ziren, buru azkarra zutelakoan, eta azkenak aitaren segida hartu zuen... Nesketan, bat serora joan zen... Ttipienak, Pariseko kusienganat, sehi... Gerla denboran, bakarrik gelditu nintzen... Frantxua, Alemainian preso egonik, Liberazionetik laster, Kanboko eritetxe batean, tuberkulosaz zendu zen... Ago, otsobelar... Emanen dezteat, nere negarren ondarrak... Sebastianen ezteiak presaka ospatu genituen, Mayi esperantzetan zegoelako... Tatuteiko ohorearen salbatzeko... Pierro, anai mainkua, bera, Ameriketatik itzuli zen, sosez okitua, Baionan plantatzeko, karia hortara... Erraten zigun ardura, irriteko, hango indianosa maltzurrek animaleko bular goxoak, eta gaitzeko sabelpe... Idibegiak so dagozkit... Zuek berdin, gosez? Aldiro, mateletan, uhin gorriak senditzen nituen... Ahalgea... Har ezazue, ur fresko aberats honetarik... Sebastienen haurrak, tropan etorri ziren, urte laburretan zehar... Xatar, mantar, buxkando garbitzen pasatzen nituen orenak, karrasi gottoren artean... Bixkotxak erretzen, kozinatzen, ezkaratza beti nixtan... ezartzen... Erleak, loretik lorera airatzen ikusten ditut... Egarri ote? Eztia oparituko digute... Erregina non duzu, erle maitea? Kasu ez doakizuen kontrazilo, hartzen duzuen errauts sakratu hori... Nihaurk ez dut haurrik ukan, baina hamabost hazi, hezi eta artatu ditut... Ttantta xaharra bilakatua naiz, ama ez ordea... Urketa noa... Kurlo belarrendako... Aitaren ondotik, Sebastien ere deitu zuen Jainkoak... Lau errota motrizetako traturraren gainean, udalean ari zelarik, lokarturik errekan behera joan zen... Mayi alargun egon zen, eta, duela urtea, berriz ezkondu da, alaba batengana bildurik, gendarme ohi erretretatu batekin... Larderiatzaleak. Tatuteiko etxekandere naiz, illoba Gérarrekin... Erasiez itoa erabiltzen ninduten denek, ttipitik handira... Begira... Apezak, Sebastienen ehortz-mezan, izigarriko prediku ederrean, erran zuen arras gizon gisakoa, xumea, laguntzalea zela anaia... Nik irri gogoa nuen... Nion, beltzez jantzirik: apezek deus eztakite biziaz... indartsuena nahiz bortitzena laudatzen dute. Heldu naiz kurlotxo... Herritarrek mihi zalua dute... Alta, badira, nagusietan, sekulan ezkonduko ez direnak... Zein politak diren aurtengo arrosak! Batzuk moztu behar ditut, sukaldeko mahainaren airosteko. Meza ixiletik etxeratzen naizenean, entzuten ditut, usu, eskoletako haur mukuzuen trufa merkeak... Urostasunerako baizik sortuak ez balire bezala... Astean lau ostiale ukan ditzazkete... Elorriak xixtatzen baldin badu, arrosak ere bai... Diote, agian, aitamek buruak muntaturik, pititia zer den eztakitala... Haur itsusiak.. Oihuka ari natzaiote... Mendekuz, harriak aurdikitzen dizkidate... Zablako pare bat, ba... O hau ez nuen oraino, ikusia... Arrosa urdina... Holandatik jin arazi hazia, iragan neguan... Noiztenka, nere sahetsean, Frantxua, biluz gorri, lotan dagoela amesten dut... Gero, bospasei AGUR MARIA marmarikatzen ditut, lizunkeriaren eta lohikeriaren bekatuen aztarnak ezabatzeko. Zorionik ez nuena merezi? Aitak eta anaiak ez zuten nahi. E nuken zenper... Atso.
Urtemuga lehorraren kronika |