Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

        Haurride maiteak,

banakien herri huntan, eskolatu gutti zela, baina onezia girixtinoak manatzen baitu Jainkoaren zerbitzari hau, ez nuen uste gaitza hain larria zenik. Alabaina, norbait euntsi da gauez, hilerria inguratzen duen murruan, 4+3=1 tindu beltzez izkiriatzean. Erran zaharrak dionaz, errexa da, harria bota eta eskua gordeka artzea. Badakit, zuetariko batek afruntu hori egin baldin badu, ez duela bere burua salatuko, sobera urgulutsuak baitzirezte kartierrean. Kanpoko norbait baldin bada, behar orduan, Jainkoak jujatuko du bere sakrileioa, eta gaurkoitik, gomitatzen ditut, hemengo gazteen aitamak oro, ENBATA izena duen grupo politiko omen eskualdunetik, etxekoak urrun begiratzera. Politika landerosa da, nahasmendua, gerla, zikoizkeria, jeloskeria, frango dakarrelako. Orduan, haurride maiteak, jakizue frantses zintzo egotea komeni zaizuela, eta hiru gehi lauek beti ZAZPI egiten duela.

        Bakea maita zazue.

        — egun on... Toulouseko unibertsitatetik heldu naiz... eta baserri hauetako etxe guziak bisitatzen ditut, euskarazko egiazko hitzak oro biltzeko, nere ikasketen bururatzeko...

        — mantxut?

        — kezkil a di?

        — ila di: mantxut... eta, zertaz da zure ikasketa hori?

        — nahiko nuke frogatu euskal mintzaira, biarnesetik datorrela... Hara... Hona hitzak: maison, brebis, vent du sud, montagne, et....

        — alor ze: etxe, ardi, mendi, haize hego...

        — tre bien; koman erraiten duzue: gendarme...

        — eztakigu... ez dugu, Jinkuari esker, sekulan holakorik ikusi...

        — nik badakit, ama!

        — zaude ixilik, haur mukuzia...

        — di... di... di... Gendarme?

        — txakurra...

        — txakurra? kom le chien?

        — bai... bai... bai: txakurrak kanpora!

        Bere betaurreko borrobilekin, suprefetak jakintsuna eta arras gisakoa ematen zuen, herriko pilota plaza estrenatzera etorri zenean, estado handiak, bere onezian, euskal kulturarendako zerbait obratzen zueneko paradaz baliatuz. Suprefeta, ongi senditzen zen, izpiritua lasai, hizkuntza nazionala doidoia ahozkatzen zutenen erdian, eta zirudion, arkaismo ruralaren hondorainoko bidai bat egiten ari zela. Zoriontsu zen.

        Doluzko arropa beltzez jantzi, emazte errunda multxo batetara urratsez hurbildu zen. Hau, taldean sartu orduko, emakumeak frantsesari lotu ziren, Richelieuren ontasuna masakratuz:

        — parlez, parlez en basque, mesdames!

        — booo... za zer a rien...

        — oui, oui, oui... il faut conserver vos traditions!

        — vous zavez... les traditions za fe pas mange...

        — c'est très pittoresque... il faut apprendre le basque.

        — on ze nous... pardon, monsieur le suprefet, vous avez l'air d'aimer beaucoup le basque: vous mettez les enfants à l'ikastola ou kua?

        Suprefetak, hortzartean zeukan aperitifako kakaueta, banpez, irentsi zuen, eta eztulka hasi zen, bitxi bai-tzitzaion, holako herri lasaiean, bukolikoan, norbait enulek, Seaska eta ikastolen prolema, saminki, gogora araztea. Itxurak zaintzen saiatu zen:

        — mais madame, j'aimerais, bien sûr, cependant tous les trois ans on me change de pays: aujourd'hui je suis à Bayonne, demain à Bastia, et après-demain à Noumea...

        — gaizo mutikoa... alta zarmanta zira...

        Baionako suprefetak konprenitu zuen, exotismo beharrean, herriko hautetsi eta notableetarik urruntzeak, kakahuetak ahurrean, populazari bere amodioa erakusteko, halako damu existentzial bat sortzen ziola. Urmaeleak landerosak zirenez, ondorioz, zelebrazione laikoaren fini-tze arte, ez zen, Departamenduko IV. komisioneko len-dakariaren sahets segurretik aldendu.

 

 

 

        Haize hegoa ari zen.

        Baionako karrikek, zeruaren urdina zilatzen zuten.

        Urriak 3 hartan, amarenganik, indarrez berezi ginduzten.

        POLICE hitza oihal batean besoan zaramatenek, goizeko seiretan, gure etxeak bortxatu zituzten, gu negarrez, ama beldurtua, eta gizon ezezagunek, beti galde berdina zegioten:

        — non daukazu senarra?

        Hilabeteak baziren, aitarik gabe bizi ginela. Komisarian aurkitu ginen.

        Egun osoan ez genuen deusik jan. Gosea.

        La Butte aux Caillesen parkatuak izan ginen. Gutako berrogei ta hamar, gehienak adinekoak, gure ikastolako lagunen burrasoak, kamioi blindatu gris batean, gogorki sartu zituzten, gelditu emazteek ziotenez, Espainiako mugara eramateko.

        Geroztik, haize hegoa dagoenero ahizpa ttikiaren karrasiak aditzen ditut, eta, neke zait, gauez lokartzea.

 

 

 

                txorinuak kaiolan

                tristerik du kantatzen

                duelarikan zer jan, zer edan

                kanpoa du desiratzen

                zeren, zeren

                libertatia zeinen eder den!

 

                hik kanpoko txoria

                so'giok kaloiari

                ahal balin bahedi

                hartarik begir'adi

                zeren, zeren

                libertatia zeinen eder den

 

                barda aments egin dut

                maitia ikusirik

                ikus eta ezin mintza

                ezta pena handia

                eta ezin bestian

                desiratzen nuke hiltzia.

 

 

 

 

 

ERREPUBLIKAK
B
ERE HAURRAK
ETA BERE ARRAHAURRAK
MAITE DITU.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa