Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—25—

 

        «Le 13 septembre au soir, certains vont sabler le champagne. Le lendemain nous serons là pour dire merde... Chaque kanak naissant, naîtra avec le droit a l'indépendance, et aucun référendum de Pons ou d'autres ministres ne le remettra en cause...»

Tjibaou.

 

        Gure borrokak, «regionalisme» izenaz estaltzen dituzte, hitz horrek dakarren atzeratu, zikoitz, narziziko ideologiaz hanturik. Kultur etxeak eraikitzen dituzte ere, «traditions populaires» delakoak, beren ereduen arabera, arras kontserbatzeko. Ez dute, ordea, nahasketarik nahi, prolemarik, gure kasuan euskal prolemarik, hau dela eta, badakite ongi bereizten sustengatzen duten «valeurs du terroir» famatuen edo kultura terroristatuaren artean. Diote probintzien hogei urte hauetako guduka moda xoil iragangarria dela. Bi mendez, jan gaituzte, eta gaurkoan, guzien superbizitzeko oldarrak, beldurrik gabe, ridikulizatzen dituzte, konturatu ezinean, agian, badirela gutakoen erdian, preseski hiltzen ari direnak, non ez diren osoki hilak. Ezkizofreniko moldatu gaitu botereak.

        Gaitz horren aztarnak, aztertu ditu, Paris inguruko banlieue batetako hospital batean etnosikologo batek. Zirudienez, eri zirenak, telean agertu zen medikuaren ustez, bitan gaixoturik ziren: lehenik gorputzean, eta gero, izpirituan, berrogeita hamar udaberriz, beren magrebiar zein afrikar kulturaz, ezabatu beharrean, hustu zituztelako buruak. Espezialistak zionez, izigarri larria, bortitza, grabea zen kasu askotan, norberaren errepresionearen kontrako jazartzea. Batzuk, heriotz gutizia zeukaten, besteak lan garai luzeetan integratzeko bigarren hizkuntza ikasian amnesikoak bihurtzen ziren, eta ondarrean erotzen, bakardade zozialean. Gertatu bide da horrelakorik, Baionako kiliniketan, apezaren euskarazko hitzek baizik goxatzen segurtatzen, baketzen ez zituzten eriekin. Egia erran, gaizotasunak, gure organismoak zein pentsuak ahultzen ditu, eta autokontrola arintzen edo desagertzen da.

        Frantziak, derrigorrezko azimilazioneaz beste aterabiderik ez du proposatzen. Imigratuekin hori egingo du, batez ere bigarren belaunaldiko gazteekin, SOS Racisme bezalako erakundeen bitartez, frantses nazione eder bezain handiak, hizkuntza, ohitura, erlijione diferentik murgil dadin nahi ez duelako. Halatan, gobernatzen gaituztenak, urguluz dira, badakitelako, atzo probintzietako teteleekin erreusitua izan dena, lehenagoko gizerdiekin molde berean lortuko dela, aise: paternalismoz hantu irenstesaila. Frantses sistemak, denak, fagozitatzen ditu.

        Baina baliteke, jendeak, imigratuak edo probintzietakoak, haurtzat hartzeak, ondorio desberdinak eduki ditzan, eta modan daukaten regionalismo hura ez dadin bakarrik izan balore tradizional gastronomiko-folklorikoetarako itzultzea. Baliteke indar multipleen erreprezione manerak, sofistikatuak noski, suarekin jostatzen aritzen direla, bekatuak balio duen baino kondena erraldoiagoak banatzean. Baliteke podere politikoek, populu askoren baitako dozilitatean gehiegi sinesten dutela, kontsumidore xoil eran imaginatzen gaituztenean.

        Ordea, haiek gutaz duten itxura faltsua da, eta gure existentzia guziko zailtasunak, CRS konpainiak igorriz edo zentro kulturalak altxatuz, konpontzen dituzte, ustez hogei urteren bakea ardietsiko dutela, notableak nahiz puntako militante abertzaleak asetzeko purruska batzu hedatu dituztelako. Ez da sekula negoziatu behar, ez baitugu zorrik, ez baitugu eske ibiltzerik, munduko ogia gurea ere delakoan.

        Herrialdeak, zurea, nerea, berea, gerlaz konkistatu zituzten, goseaz bentzutu, poliziaz akabatu, eta oraingoan, ardura, haurrek burrasoak gutiesten dituzte, hizkuntza transmititu ez zietelako, independentzia kultural zein ekonomiko edo politikorako sortuak direla iduritzen baitzaie. Nortasuna apurtzen digun estado zentralistaren ametsa, historiak ahantzi gaituenak geldituz, lurreko dokumentuetarik desager gaitezenekoa da, azimilazioraino, heriotzeraino paira dezagun, ordaintzeko. Haiek arrazoin dutelako. Haiek kultura progrea daukatelako. Haiek eskolatuak, eta ustez akzentu gabeak direlako. Haiek, geroa, norberarekiko errentabilitatearen begiekin ilusten dutelako. Haiek... gure xurgatzaleak.

        Libre bizitzeko eskubidea geratzen zaigu.

        Zuri eta neri.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa