Urtemuga lehorraren kronika 5 Ttikitik usatzen gaituzte, etxetik joaiten, eta joaite hori ainitz baloratzen dute. Lehenik, eskolara edo katiximara, ondoko hiri hurriraino, gero bigarren maila Baionan, azkenik unibertsitatea Pauen, Bordelen nahiz Tolosan. Lanik eza errea dagoelako ondorioz, nehork ez du prolemarik, diploma ardietsirik, urrunean kokatzeko. Egia erran, dena ongi moldatua da, gure herria zone de depart klasifikatua delarik, eta gainera sistemak nahiko galanki funtzionatzen du. Haurrak, ametarik adinik lainoenean, berezten dituzte, emazteak senarretarik, anaiak arrebetarik, orobat haragiak lurretik. Guziek, egoera normaltzat jotzen dute. Pentsa, hemen, turismoaz beste bizibiderik ez dagoke, gutxienez bi hilabete a tope segurtatuak urte barnean, bi hilabetez kanpotik, kostaldeko hotel aberatsenetara etorri gizakien zikinak, zakur kaka mordoak, mihise zuriak tatxatzen dituen esperma ziliportak garbitzen, miseriak berak, onhartuko ez lukeen soldata eskasaren trukean. Kanpora doan iparraldeko euskaldun batek, hitzez baizik ez baldin bada ere, doi bat, erakunde zentralista zalantzan jartzen badu beti gauza bera entzunen du: zertaz pleini zarete, guk hazten zaituztegu, eta orduan, ba han turismo egileek biltzen duten sosaren parterik handiena kapitalera itzultzen da erran beharrean, hortzak tinkatuz ixilduko da norbera, besteek ulertuko ez lituzketen esplikazioak ematen hasteko ordez. Probintziak berez, ez dauka bizitze propiorik. Parise erraldoiak, munduko farole kulturala dela uste duenak, revoluzione kaxkar bat, ainitz hil eta minhartuekin, gerlarik gerla, hildoak odol freskoz beteaz eraman zuelako, eskaintzen dio, probintzi parasito huts bilakatuari hatsa. Funtsean, burgesek, revoluzionea egin, sustatu zuten, probintziaren zapaltzeko, behin betiko errenda arazteko, sortuko zituzten lantegi basetarako, errorik gabeko beso indartsuak behar zituztelako. Ondarrean, telebixta nazionalek azaltzen duketen probintziaren itxura, krima ilunen eredu tradizional atzeratuen, anekdota irringarrien, mentalitate kolektiboaren gune gibelatuen aztertzeko gai jakintsunendako, paternalismo politikozozialaren eremua da, gehien bat. Parasitismo-paternalismo binomio horrek karakterisatzen ditu, omen, egunkari ospetsu batean (ez, ez Herriz-Herrin) irakurriaren arabera, deskolonitzatzea bukaturik, eraiki diren Afrika erdiko estado gogorrak. Askoren ustean, modelo hori hemen aplika liteke, azken berrehun urte hauetako egoera aztertuz. Dirudienez, nehor ez da hortaz ohartzen: notable konbentzionalek, aitatik semera noski, beren boterea daukate, hil arteraino segurtatua; abertzaletasunak produzitu notable marginalek ere, batzuek borroka ainitzez bortitzagoak eraman dituztelako, indartxoa lortzen dute: manifestatzen dutenean, ez zaie polizirik botatzen, abilak baldin badira non edo non erreponsabilitatezko postu bat ukan dezakete, ondarrek nola nahiz, diru publikoa ahalgerik gabe piratatzen dute. Denak kontent dira, salbu bitxiki, presondegietan daudenak, eta kraziak moldatu duen lumpeneuskaldunen kastakoak, ixtripuzko euskaldunak ororen buru. Hauei, Parisetik etorri eta kario ordaindu «profesionalek» astekarietan, kratakume frangok gehienek? ez baitu suerterik, astirik, betarik, aizinarik, euskaraz ikasteko, erraten dute behar dutela mintzaira puta hori salbatu. Agian, Frantziako beste probintzietan, non berdin hizkuntz arrazo bat dagoen, menturaz gabe, situazio larria mila bider errepikatzen da. Leku orotan dago populu bat, no man's land politikoekonomiko batean mantendua, bozkatzeko baizik ez dena iratzartzen, alkulturaturik, galdurik, dagoena, haurrak, Abrahamek bere seme bakarra Jainko basatiari nola, Paris gosetiari holokaustean eskaintzen dizkiona. Honen gain hazten eta, noski aberasten dira notableak, notable ofizialak zein notable marginalak. Urte guzian, eguzkia daukate probintziano asto horiek. Akzentua. Zorigaitzez. Baina gobernamenduak erabaki du laster batean, eguzkia bera pribatitzatzea, bakarrik Ile de France'ko jende inteligenteek estima dezaten. Frantziak egingo duen bigarren revoluzionea izanen da. Anartean, Usselko squatt posibleetan, gazteek iraultza aipatuko dutenean, bierra merkeak irentsiz, orduan, probintzietako herresta hauek oro madarikatuen zerurako bidea irabaziko dugu: mikhail, mikhail lagun gaitzazu... Madarikatuen zerurako bidean. Usselen eta Baionan.
Urtemuga lehorraren kronika |