Urtemuga lehorraren kronika 9 Zeruaren geldotasuna miresgarria zen. Zaharren arabera, horrelakorik ez zen aspalditik gertatu. Kantonamenduko urmaelak, eta bistakoa denez, aintzira artifizialak lehorrak ziren. Sineskaitza. Hirurogei ta hamar urtez, elizan, azken egunen azalpena, larrua ikaran, aditurik, adinduren batzuk zioten: apokalipsa... hor duk to... au'xilik... ez ginakian... uai, baakiu'k... bakia'mak... eztiuk besteik mehexi... izazie otoitz bat, Hitzak, ahozkatuz, etengabeko solasladia bururatzen zuen, mahainaren puntan, erdi lotan zegoen, amatxi kartsuak. Arraseme modernoak, ilunaren zokoan kuxkurturik urtzen zihoan errearen eleak mozten zituen otoitza ba otoitza... ziek ez tuzie erremedio hobeik... ura'uxu behar duuna... ura... euri uhar hun bat. Mintzoa, aroaren moteltasunaz josirik zen. Ortzean, eguzkia baizik ez zen ageri. Aspertu arte. Jendeak mututurik zeuden, beldurrez kartzelaturik. Ezpain horailduetara, komentario berdinak zetozen, landak begiratzen zituztenero: gure artuak... gaixo artuak... Ideia nagusiak bazterrak larrutzen zituen, horren aurkako zehazpen razionalek indar izpirik ez zuten, Jainkoak punitzen gintuelako ustea zabaltzen hasi zenean. Bainan, bakoitzak urgulu propioa zeukan, eta nehor ez zen joan apezarengana, euria jin arazteko, Kukulu kaskora prozesione hurria antola zezan eskatzera. Beleak, goizean goiz iratzarturik, ulutxa malgoz gosaldurik, aratseko zortziak arte bederen, ez ziren harrobi itzaldunetarik ateratzen. Estado indartsuetako bon-bardero, zirta edo hegaztin burrunbatzuek xoilik, zeru urdinaren desolamendua nahasten zuten. Gure bihotzak segurtatzen ziren amiñi bat, gau serenari buruz, ainaren hegaldi gorakoiak estimatzen ahal genituenean. Hatsa hartzen genuen. Egunaren barnean, erreka hegiko xurxuri handien gailurrak ez ziren mugitzen. Orduan, gizakien memoriak, maizago ahanztearen errotak lehertzen zituenak, esnatzen ziren: ni haur nintzaila'ik... eta ze? arbolen hostuak beti... baakixu... Attatta inbalituak, hortzartean marmarikatu oroitzapen hezeak ez zituzten ulertzen gazteagoek. Zigarretak rulatu arau, bero ikaragarriek, belaunaldi jada urrunduak, are bereztenago zituen. Errespetu eskasa, kauendios, ze'in behar duu holakoekin... mutil iorri to! Amek dagoeneko ez zuten esnerik, haurrak bularrean hazteko. Txori errebelatuen airaldietan, umeen asetzeko esperantzak ezar zitzazketen. Kolostroma, ttittietan perlatzen zihoakien, eta mirail aurrean, papo pirtzilikatuko desmasiak neurtzen zituzten. Gau apaleko oskorriek, gauzak piskat normalizatzen zituzketen, osoki konpondu ezean ordea. Etxe aintzin sapatsuetan zeuden, haur sortu berriak besoetan, izar iheslariei beren suerte txarra azaldu nahian. Esnearen ordezko negarra. Garruze gaineko kurutze gaztain kolorean, Jesukristo bera nekez zegoela zirudien, eskuaz kopetako izerdia nola xuka etzakielarik. Fedea. Jendeak, furgonetetan, aurretik iragaiten zitzaizkion, arimak konpazionez hanturik: urkatua izan balitz beden... nahu'ka... blasfematzen ai'hiz... ze?... egia'uk... apezak ehu entzuten... ba hua... Afrikan duk... Bitartean, euri egin zuen, Obaban.
Urtemuga lehorraren kronika |