Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—11—

 

        Santizpirituko zubia, banderak airean zaflastan, zeharkatu zenuten, eta Aturri ibaiaren ur beltzetan, zuen destinu uros nahia begiztatu. Eskutik heltzen zenion arren, zutarik zenbait zentimetrotako distantzia mantentzen saiatzen zen. Gaurko modagatik, edo agian xoilik ilunagatik, ez nekien zuetariko zein neska zen edo mutikoa. Baina, segitu zaituztedanaren luzean, suposatu dut, gauerdiko maitaleak zinetela. Eta, gustatzen zitzaidan, Baionako porturainoko bidaia, zuen gibeletik egitea.

        Ilargia zeru sakonean, orenak orenen ondotik ibili zineten. Egungo bero ikaragarriak, larriagotzen dit memoria, ordea hurritasuna preziatu nuela gogoratzen naiz, oraindik. Zamak, Poloniatik etorri untzien sabelera aurdikitzeko altzeiruzko beso gorakoien sahetsetik iragan ginen. Nola geldituko zineten? hatsa presaka zihoan; nik, argi ahulari esker, herdoil errukigabearen lehen ausikiak, susmatu nituen, eta euri ttantta bilakatzeko ametsa neukan, sekretuan. Ber denboran, zuen amodioaren handitasuna izan gogoko nuen.

        Etxesail monotona bezain kitxen aurretik zenbiltzaten, inguruari kasurik eman gabe. Buruan min nuen. Moltsan, aspirina bat neukanez, portuko zamaketari imigratuentzat ireki berri zen ostatuan, paratu nintzen. Geltokiko tabernak ateak zabaldu artean, hor bilduak ziren, bi arabear gazte, mutuak nere ustez, eta portuges langile talde bat, zerbitzua hartzeko jadanik urdinez beztituak. Portugesak... menturaz, galegoak. Kafea manatu nuen, jabe-ak ura eskaintzen zidan bitartean, aspirina urtzeko. Ahantziak bezala zintuztedan.

        Kanpora orduko ordea, oroimena itzuli zitzaidan. Urrunean, zuen bien itzalak nenkuskin, onkailu usina desfektatuaren parren, gutigorabehera. Ur lisketan, oinetakoak trenpatuz, lasterka abiatu nintzen, zuen hatzetara bihurtzeko. Labe alfer gris baten maldan aurkitu zintuztedan. Harritu nintzen: iduritzen zitzai-dan, mende honetako gazteak, itsas ertzera edo parke intimoetako arbolen maldara zihoazela. amodiozko solasen xuxurlatzera.

        Apal apalik mintzo zineten, eta airea aldekotzen zitzaidalarik, zati arras erromantikoak adi nitzazkeen:

        — ... maite nauzula...

        — bai... nik ere bai...

        — noraino?

        — Baionako barraraino...

        Gero, imaginatu nuen, ixiltasunaren dorpea, musuz apurtzen zenutela. Bata hestearen familiak aipatu zenituzten. Nik, aitaren gorputza zitzifrikatu zuen makina erraldoiari pentsatzen nuen, eta horregatik, urteak urteeri, leku hauetara nindetorren, ilargi beteko gauetan. Usina hertsi zutenean, hemendik beretik hasi zen, ogia haurrendako eskatzen zuen langileen geba aroko manifestaldia. Oihuen ordez, gauean, irri karkarak nabaditzen nituen:

        — bihar ANPEra joan behar dut... zerbait baduten neretako...

        — nik ere... hilabetero bezala pointatzeko...

        — goazen elkarrekin...

        — maitea...

        Gogoratzen nintzen aitaren gorputz hautsia nola ekarri ziguten etxera. Enpresak, hilkutxa eta loreak ordaindu zituen. Gaineratikorik ez. Umea nintzen, kutxari laztanka aritzen nintzelarik:

        — aita... aita...

        Eta zuek orain.

        «a brisa marinha enredara esta mediania».

        Vasco graça moura.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa