Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—13—

 

        Hain bero zegien garai hartan, orduak bierra epelak edaten iragaiten genituen, eta ondorioz beti, pixitera joatea behartzen zitzaigun. Fisiologi kontuak ez genituen ongi konprenitzen. Gorputzak, normalki toxinak zein biziminak eliminatzen zituen, baina ez genezakeen onhar, bierrako molekula arinak, osagarriarentzat, txarrak zirenik. Funtsean, axola guti genuen, delako osagarriaz.

        Hamar ordu lanean pasaturik, piezak moldatzeko makina baten menpe, eskuak zikindurik, bizkarrak erdi plegaturik, lagunekin barrean egotea laket zitzaidan, Biltxokon, hain zuzen. Pixitria hustu gogo nuelako aitzakiarekin, komunetan nindagon, berme, «nous sommes tous indésirables» sloganaren parrean. Ostatuko estereo katean, «zutik, zutik, makurtu gabe» oihukatzen zuen taldearen kazetea, ezarri zuen norbaitek. Ritmoan, gero bortizkiago pixiten nuen, gizartearekiko nukeen herra.

        Alabaina, egunean zehar, usaian bezala, nagusiak larderialdi bat eman zuen, Joao berritan portugaletik etorri langile gazteari, bost minutu galdu zituelako, zigarreta bat erretzen. Nagusia eskualdun purra dugu, ordea arrotza bailitzan, zapaltzen gaitu. Behin, teatroko tabernako terrazan bocka edaten ari nintzen larrunbat arratsalde batean, jendeen artean, ikastolen alde manifesatzen ikusi nuen. Nere baitan, putasemea! pentsatu nuen. Manatzeari jastatu orduko, ondarrean, denak berdinak ziren. Baiki, aberats ziren, baina, oinarrizko aberastasuna faltatzen zitzaien: bihotzekoa. Uste zuten, menturaz, ministro batekin edo, bekoz-beko mintzatzen ahal zirelakoan, standinga ardietsia zeukatela. Ilusionea. Estadoaren balizkako hauen alderako errespetua, medikal kasu desesperatuari egingo zitzaion azken perfuzionea baizik ez zen.

        «Bakartasuna borrokan» irakurri nuen. Gogoratu nintzen, goizetan nolako zailtasunak nituen, iratzartzeko. Dutxatu eta, laupabost kafe kikera irensten nituzkeen, klopak araberan bilduz. Lantegira heltzean, sekzioneko kolegak agurturik, pointatzera joaten nintzen, makinen burrunba inpertsonalen artean, amildurik. Batzutan iduritzen zitzaidan, hautsiko nindutela, aireko supersonikoen pieza xoil bilaka arazteko. Egia erran, lana gorrotatzen nuen. Usinara hurbiltzen nintzen, ingurukoen prezionea garraitu ezinean. Ardura, gaua poteatzen iragaiten nuenean, beti lelo bera entzuten nuen:

        — hik xantza ba'uk...

        — eta zertan?

        — lanian ari hiz beden...

        — ze xantza...

        — ni xomajian nuk.

        Dialogoaren hein hortara iristean, etxeratzeko gutizi larria neukan. Nigarrez urtzen zirenen jeloskeri markek arrunt apurturik nindagon. Suerte erlatiboa baitzen, herri honetan, lanean artzea, maizenean, laneko kondizione kaxkarrak aipatzea ahanzten zelako.

        «Squattez pas con, squattez Mauléon» grafittiak, begiak ebatsi zizkidan, eta oroitzen nintzen, bordel ohi bat gureganatu genuen larrazkeneko ordu motelaz, Pannecau karrikan. Hunkigarria izan zen, baina ez zuen ainitz iraun, hilabete baten buruan, hiriko harginek, CRSen gidaritzapean, palpain anonimoz, ateak oro zerratu zituztelako. Ni, oraino, aitamen etxean bizitzen naiz, ez baitut aski irabazten apartamenduaren alokatzeko. Katastrofe bat da, azkenean. Eta nagusia hortan?

        Preseski, sindikatu umeki bat sortua zuten hiru langile magrebiar lizentziatu beharrak ditu, hurrengo astean: Ahmed, Arezki eta Aomar. Atzo, lanetik landa, hauek gurekin mintzatu ziren, zer obratzeko enbeia genuen, ez zela horrelakorik gertatzera uztea komeni, gero zuen txanda izango da, eta nehork ez zuen mugitzeko desirarik. Hitz bakar bat neukan ahoan, barda: GREBA. Sekzionekoak kexu:

        — mentsa'iza, greba?

        — bai... greba...

        — hik paatuko daztak ala, etxiandako tuztan enpruntak?

        — greba... besteik eztik mehexi...

        — ixil hadi zozua... bugnulak bezik eztituk... guri gauza bera gertatzian, gio ikusiko diuk...

        — galtzale mediokreak zizte,

oihukatuz, karrikaratu nintzen, nere bidean aurkituko nuen lehen burgeskume kitxa, ukamilez jotzeko pondoan.

        «Kalapitarik ez» leitu nuen. Komun kartzela monologozale honetarik jalgi behar nuen, zer burutazio eramango zuten, bestela, kolegek? «Kalapitarik ez», egia zen, gisa hortan ibiltzen ginela. Alegiazko polemika antzuen erdian, murgiltzen ginen, diskurtso morfinatsu faltsuetan itorik: ni banuk eta... hi, kapau-le'iza? Intelektualek, unibertsitate mailan postuak lorturik, konpromezu politikoaren ideologiaz, belarriak larrutzen zizkiguten, herriaren agoni hurria beren liburuetarik zentzurratzean zuten bitartean. Gizartea, elita batek konposatzen zuen, eta gaineratikoak, erdara handitan aztertu salbatzeko materialak ziren, euskara barne. Elita horrek, ez baitaki urrikia, bakardadea, deprimatzea, desolatzea, lanak xitxifrikatua izaitea zer den. Xoilik daki, absurdoa, kontzientzi onez, onhartzen.

        Komunetarik atera nintzen. Kolegak irriz karkazailka ari ziren, KORTATUren kolpez kolpe sakonak errepikatzen. Negar luma kontrolagaitza neukan, eztarrian.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa