Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—18—

 

        Igande aratsalde dorpea. Hatsa hartzean, berean, izerdia kopetan perlatzen zihoan. Dimanche Martin ikusirik, Kaiet, hangarraren itzalean, taula luze baten arrabotatzen ari zen, ez zekielako besterik zer egin. Denbora pasa. Erabaki zuen, haritz puskari, forma ovoidoaren ematea, eta gero mila kolorez tindatzea. Besoetan, errabiaz pausatzen zitzaizkion uluei, esku gibelaz, zaplastako bat mehatxatzen zien:

        — aluak... bakia'matazie...

        Batzutan, begirada galdua, kixkailtzen ari ziren artadiei luzatzen zuen, beti komentario berdinaz, bere pentsua hornituz:

        — gaixo artuak!

        Zaharra, kadera mekanikoan jarririk, otoitzean zebilen. Kaietek pena zuen. Baina, kuraiosa zen, lurrari hurbil dirauten askoren gisara.

        Mattin, baserriratu zen, Kaieten elgeak zeharkatuz. Taularekin teman ari zena agurtu zuenean, besapean, tatxa bustia nabaritu zitzaion. Eleka hasi ziren:

        — erretzen dik eun'e...

        — ba... ze nahu'k...

        — heldu dena hartu to...

        — eztiuk sekulan besteik in...

        Mattinek sohakoa, taularen gainean pausatu zuen. Ohol zatiaren formaz ainitz harritu zen Kaiet mensten ari zena, arroltze lauz horren zizelkatzeko? Mihia ezin atxik:

        — hiri so naok, bulta huntan: eztiak konprenitzen ze ai'zan...

        — eztuk asmatuko?

        — ze ba... euria jin aazteko zeit?

        — ehiz bate... hau in'ta plajarat baniak...

        — eztakiat... burutik untsa'iz beden...

        — surf taula't iten diat... hori'uk egia...

        — surf taula bat?

        Mattinen arpegian perplexitatea irakur zitekeen.

        Auzoak entzuna zuen, herriko irratian, berotasun ikaragarriak jadanik ondorio sikologiko aldaezinak sortuak zituela. Kostaldeko mediku batek, gaitzaren elementu larriak arras ongi, eta euskara argian, zehaztu zituen. Baina ez zuen azaldu, eritasunaren sintomoetarik bat, surf taulak egitea zenik. Etxerata, Mattinek radiora telefonatuko zuen, informazionearen zabaltzeko. Anartean, mintzo zen, Kaiet:

        — eakutsiko dakoteiat, ian osteunian kusi tuztan turixta blonda heer, guk'e baakigula surfian... ze... juana nintian, garalat, arrebain xeka, eta piaiaz balia, atsaldia Barran pasatu diat... horra nun, mainatzen ai nintzalaik, holako taula'tek bizkarra sardezkatzen dautala... min in dataie... puta... maitrenageurra ta infirmiertsak jin zaztak artatzeat... ordian pentsatu diat, nik'e bat inen niela... animaleko surf taula't, eta, xehekatuko niela ene uhinbidian lehen atzemaiten nien turixta asto hoitaik bat...

        — kalma hadi Kaiet... irrin'azten datak...

        — ba, hi, inuxentia'iz... deia ai gituk aski lanian eho hoindako... gero heldu zauzkuk gorputzak larrutzeat...

        — eztuk mendekio xarra, azkenian... nahu'k launtzia?

        — zendako ez...

        Mattinek, Kaieten bigarren arrabota hartu zuen, eta egur ezpalak, lurrera doblean erortzen ziren, solas apurtuka higatzen zitezkenean.

        Elkarrekin, nehoiz ez zuten itsasoa, aztergai ukan. Kartier berekoak izanez, nahiko elaire ziren egia erran, katiximako xendretako barabaretaz oroitzen ziren, makina supermodernoak marrazkitzen zituztelarik, Fedezko Aktaren textoa zekarren, apezak banatu paper txuriaren gibelean, baina itsasoa ez zuten oraino, sekulan aipatu:

        — zinez ederra'uk... baakik... uhinak harrietan hausten dielaik eta, gero, gelditzerik eztien marruma metaliko hoi... haurra nintzalaik, amets iten nian, arrantzale izain nintzala... kusten'uk... ono hemen nuk...

        — ene ustez, negian, are ederrao duk... nihur ez plajan... hihaur eta... hor, aitzinian, itsasoa... zaala... eta, azantza...

        — hik errak: ezkituk aski usu juaiten itsas bazterreat...

        — hire taulaikin juan gituk beaz...

        — ba... ba, nahu'kalaik...

        Surf taula legundua, bigundua, argaldua zutela aski, erabaki zutenean, Kaiet abiatu zen ezkaratzera, bezperan, hirixkako supermerkatuan erosi pintura fluo delakoen bila. Itzuli zenean, Mattin runballa baten puntan, jarririk zegoen, gogoa lainoetan sarturik:

        — ze berua... to, tindia... izak nahukan bezala...

        — ponpoxa izain duk...

        — iziarri pullita...

        — ba'uka maillotik?

        — ba, lili arrosekilako bat...

        — untsa... guazen bihar berian.

        — bihar, zaharrain aihen laiak estekatzeko behar nuk...

        — astua'iza? Eta gure mendekioa?

        Bata besteari so gelditu ziren. Biharamonekoa imaginatzen zuten, krixtona, hainbatetaraino non, atzerrietako surfalariek ez zuten jakingo eguzkia nondik zetorren.

        — gaixo jendiak,

suspiratu zuten.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa